Urez eta belarrez inguraturik dago Zumaia. Urola nahiz Narrondo ibaiek eta Kantauri itsasoak freskatzen dituzte arkaitz eta ertzak. Talaimendiko larreek eta Artadiko zuhaitzek, aldiz, lurrak estaltzen dituzte. Guk, larre gainetik itsasoari begira hasiko dugu ibilaldia garai batean itsasotik bizi zirenen elkarleku zen mariñelen kofradian amaitzeko.
Arbustaingo arranplan ekin diogu bideari, justu ordua eta tenperatura azaltzen dituen ordulariaren azpitik. Garai batean arranpla zen herriko igerilekua eta asko dira bertan igerian ikasi dutenak. Udan ere marea goran dagoenean hainbat gazte ibiltzen da bertan petriletik uretara salto eginez, beraz, busti nahi ez baduzue adi ibili!
Albo batean Urola ibaia dugu eta bestean Amaiako plaza, garai batean Zumaiako portua zena. Julio Beobide ibiltokitik, ibaiaren itsasoratzeari jarraituz abiatu gara aurrera. Ipar-haizea dabilela sumatu dugu kirol portuko belauntzien mastilen zarata entzutean. Eskuinera hainbat bide ditugu, batzuk kirol portua inguratzen dute eta besteek Santio hondartzara daramate. Udan asko dira bertan bainujantzian paseoan ibiltzen direnak eta horrexegatik jarri diote bideari, herriko zaharrek, pasarela Cibeles izena.
Ezkerrera daukagun errepidea amaitzearekin bat, agertu zaizkigu Julio Beobide (ikus koadroa) eskultore zumaiarraren Kresala etxea, eta berau zaintzen dauden kainoiak. Aurrera jarraituko dugu eta ate gorria zabalik badago behintzat, paol muturreraino joango gara. Itxita badago ez pasa, olatuek gogor jotzen dutenaren seinale baita. Itsaso zakarra dagoenean alderik alde hartzen dute olatuek paol bidea eta baita bera eraikitzeko erabilitako harriak bota ere. Atea zabalik daukagu eta goiko pisutik egin dugu muturrerainoko bidea kresal usainak eta olatuen hotsak lagundurik.
Itsaso eta mendi
Tunelaren beste aldean lehen aipatutako Santio hondartza dago. Pinudien atzean berriz, Ignacio Zuloagaren museoa. Norabide honi jarraituz paolari bira eman eta hainbat mendi ikusi ditugu aurrez-aurre. Bertan dugun informazio panelaren laguntzaz, Arizmenditik hasi eta Matxitxako lurmuturreraino doazen mendiak bereizi ditugu. Itsasoa lasai dago gaur eta zeru garbiak paisaia erogarri hau ikusten utzi digu. Bistaz gozatuz egin dugu atzera buelta, etorritako bide beretik, arrantzan dabiltzan txalupei begira.
Arrangoletara
Berriz bueltatu gara Baltasar Etxabe kalera eta etxe artetik Arrangoleta plazara iritsi gara. Bertan dugu, eraikin horixkan, Algorri interpretazio zentroa. Barnean, ondoren, gure begiez ikusiko ditugun itsas labarrak eta flyschen -itsaso gaineko geruza bertikalen- inguruko azalpenak ditugu. Zentro honen ezkerrera dagoen aldapatik ekin dugu mendi aldera, itsas labarrak eta itsaso zabala erakutsiko dizkigun tontorrera.
Talaimendi
Heldu gara mendi ertzera eta bertatik lehen paol muturretik ikusi dugun bista berbera agertu zaigu, orain ordea lehen Talaimendi berak ezkutatzen zituen Itzurun hondartza eta Algorri bidea ditugu aurrean. Mendi ertzetik, itsasoa behean dugularik eskuinetara jo dugu eta hala Itzurun hondartza gainera heldu gara; maldarik gabeko gunean eskuinera jo eta hondartzako bidera agertu gara. Gu ez gara hondartzara joango eta Zelai hotelera doan aldapa hartuko dugu. Hotelaren atzeko aldetik eskailerak igo eta itsasoa eskuinera utziz aurrera jarraitu dugu San Telmo ermitara doan bidera azaldu arte. Itsas labarren gainean dago ermita eta behekaldean du Itzurun hondartza.
Algorri
Ardantzabide
Alde zaharra
Erribera
Amaiako plaza
1891ko abenduaren 19an jaio eta 1969an hil zen Julio Beobide zumaiarra. Gazte-gaztetatik erakutsi zuen margoarekiko zaletasuna eta bere lehendabiziko lanak 18 urterekin sinatu zituen. Barakaldoko Salesiar ikastetxean hasi zituen ikasketak eta handik Gasteizko taila eskolan sartu zen. Bertan zela katedral berria egiten lagundu zuen. Gasteizen hainbat sari eskuratu zituen eta baita San Fernando akademian ikasteko beka lortu ere. Hala ere, nahiz eta arte eskolak hartu Beobidek bere estiloa zuen eta bere kabuz ikasi zuen eskulturak egiten.
Zura eta harriarekin egiten zuen lan eta gaztain egurra oso gogoko zuen. Irudiak egiterakoan gai erlijiosoak izaten zituen hizpide. Izan ere, Beobide pertsona oso elizkoia zen. Mezetatik irten eta libururen bat eskuetan zuela umil-umil joaten zen bere lantokira egurra lantzera. Bere lan ezagunenak Zumaiako Santio Elizan, Añorgako Parrokian, Montevideon edota Toledon dauden kristoak dira.
Elizako irudiez gain euskal eredu herrikoiak ere lantzen zituen eta hauen artean gogoko zuen emakumeen irudiak eta arrantzaleak irudikatzea. Zioenez, artista izan ez balitz mariñel izango litzateke.
Zuloagarekin ere harreman ona zuen eta honek erakusketa bat antolatu nahi izan zuen Beobideren lanekin Madrilen, baina berak ez zuen nahi izan, ez baitzen propagandaren zale.
Egun bere lantokian, Kresalan, urtetan landutako zirriborroak eta artelanak daude ikusgai. Uztaila eta abuztuan astean zehar bisitatu daiteke etxea eta baita bisita gidatuen bidez ere.
Duela urtebete berritu dute XIX. mendearen bukaeran edo XX. mende hasieran eraikitako San Telmo Mariñenelen kofradia.
Bertan benta aretoa da deigarriena, salmentarako erabiltzen zuten bola sistema Mutrikun eta Zumaian besterik ez baitago.
Teilatuko kanpaiak hiru aldiz jo ondoren hasten ziren arrainak saltzen. Horretarako erosle bakoitzak bere jarlekuan zeukan botoiari eman eta bolak bere bidea egiten zuen. Hau irtetean jakiten zuten erosleak arraina zenbatean erosi nahi zuen.
Bestalde soberan geratzen zen arrainaren eskabetxea ere egiten zuten garai batean kofradian.
Egun bisita gidatuen bitartez bisita daiteke.
![]() |
|
||||
2048 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa