Jakoba Errekondo
Sekulako lehortearen mehatxupean loretu dira aurten hortentsiak. Hezetasuna, freskura maite... eta ireki ordurako bero sapa. Lehengo bi asteetako euriteak laster etorri zirenari eskerrak... Zaputzaren bidean ximeltzen eri ziren loretzarrak bere onera bueltatu eta guritu dira. Guri-guri gure: ipar partean ugarienetako lorea dugu hortentsia. Behin udaberriko lore desdetxa ahazte bidean jarrita, udako lorealdi bakanagoetan faza ederrean farfail ageri da nonahi: baserri, pabilioi, ola, etxe barru, lorategi... Bai ugaria gauza!
Urtea joan urtea etorri, paisaia hezetan hortentsiak txukun betetzen du bere udarako lana. Betelana du hortentsiak duena dena. Hortentsia loretzar bakoitza loretxo mordoska batez osatua dago. Margarita edo bitxilorearen antzera, multzoaren kanpoko aldeko loreek bere ugaltze funtzioa ahaztu eta forma aldatuz erdiko loreetara intsektuak bereganatuko dituen inguru erakargarri bat osatuko dute. Lorazaleen sektan pixkanaka gero eta eraldatutako lore erakargarri hauetako gehiago dituzten barietateak ehundaka urtetan aukeratuz eta zabalduz, erabat antzuak diren loretzarrak dituztenak dira egun hortentsia klase estimatuenak. Aldaxkaz aldaxka ugalduz, loretik hazia sortzeko lana alferrikako, bere burua erakustera soilik emana, intsekturik erakarri beharrik gabe geure begiak harrapatzeko helburu bakarra du. Gizakiaren gonapera etorri dira hortentsia gehienak eta geurekin joango dira mundu honetatik.
Loreen hizkuntzan gutizia iragankorra, axolagabetasuna eta hoztasuna adierazten ditu hortentsiak. Izenez, ortutik dator hortentsi: ortuzaina eta ortuaren maitalea. Antzutasunaren mamitan biziz, halakoxe fama du: hortentsiak diren etxean emazteak sortutako hika-mikarik ez omen du faltako senarrak eta neskazaharrik bada ez omen da sekula ezkonduko. Antzu eta erakusteko... Donostiako ikur jarriko al dugu?
Jabier Agirre
Osasun-sistema publiko eta unibertsala da hiritarrek gehien baloratzen duten zerbitzua" esan zuen Elena Salgado Espainiako osasun ministroak, urtero-urtero hiritarrek sistema sanitarioari egiten dioten azterketaren emaitzak kaleratzeko egindako aurkezpen ekitaldian. Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CISek) prestatutako 2005 Barometroak erakusten duenez, hobekuntza izan da aurreko ekitaldiarekin alderatzen badugu: 2004. urtean 10 hiritarretik 6,7 baziren osasun-sistemaren funtzionamenduarekin ados eta pozik zeudenak, 6,9 dira aurten.
Sektoreka, lehen mailako arretan jartzen dute hiritar gehienek hobekuntza nagusia (%47,7k), %42k ospitaleratzearen inguruan eta gutxiago dira espezialitateetako kanpo-kontsultak goraipatzen dituztenak (%39).
Baina dena ez da zoriontzeko modukoa. Itxaron-zerrendak dira inkestatuek gehien kritikatu dituztenak, bai anbulatoriotan espezialistengana joan ahal izateko jarrita daudenak, eta baita ebakuntza kirurgiko ez-urgenteetarako egin behar direnak ere. Gehienek diote badakitela administrazioek ahaleginak egiten dituztela itxaron-denborak murrizteko, baina emaitzarik ez da ikusten, eta denak berdin jarraitzen duela diote.
Hiritarren satisfakzioa edo gogobetetasuna lurralde autonomikoka aztertzen baldin badugu, desberdintasun handiak ikusiko ditugu batetik bestera. Horrela, kanariarrak dira, eta alde handiarekin gainera, sanitate publikoaren irudirik okerrena dutenak: %5ak soilik uste du "nahiko ongi" funtzionatzen duela, eta %14,6k uste du sistema osoa goitik behera berregin beharko litzatekeela. Asturiarren %50,7k uste du jasotzen duen asistentzia "ona" dela, eta horien atzetik datoz Nafarroako hiritarrak (%41,5) eta EAEkoak (%35,7). EAEko hiritarrak nahiko kritiko agertu dira Osakidetzari baliabide gehiago eta zerbitzu hobeak eskatzeko orduan -batez ere itxaron-zerrenda kirurgikoak eta ospitalekoak murriztu ditzala eskatuz-.
Joxerra Aizpurua
Eguzkiko metereologia hobeto ezagutzeko bidea
Gizakiak espaziora bidaltzen dituen sateliteen arazorik garrantzitsuenen iturria eguzkia da. Hortaz, arazoa izango den zerbait aurrikusterik baldin badago, arazo asko aurrez kontrolatzerik egongo da. Osasungintzan gertatzen den antzera, hobe osasun aurrikuspenak egitea gaixotasuna sortu ondoren erremedioa jartzea baino.
Kaliforniako San Diegon dagoen SAIC erakundeko Zoran Mokic eta lagunek eguzkian gertatuko denari aurre hartzeko ikerketa-bidea abian jarri dute. Batez ere, eguzkiko erupzioei aurre hartzeko sistemak arakatzen ari dira, erupzio horiek sortzen dituzten eremu magnetikoak eragin handia baitute Lurrean eta sateliteetan.
Eremu magnetikoak dira eguzkiko atmosfera zeharkatzean eguzkiko gainazalean ekaitz bortitzak sortzen dituztenak. Ondorioz erupzio erraldoiak gertatzen dira eta askotan masa zatiak ere espazioratu egiten dira.
Zoran Mokic eta lagunek orain arte garatutakoari esker 2006ko martxoaren 29an eguzkian gertatu zena bost eguneko aurrerapenez iragarri zuten. Egun horretan eguzkiaren eta Lurraren artean ilargia jarri zenez, eguzkiaren koroan gertatu zena oso ongi bistaratu zen eta ikusitakoa bost egun lehenago iragarritakoarekin bat zetorrela ikusi zen.
Lortutako eredua AEBetako American Astronomical Society-n aurkeztu berri dute eta eguzkiko jardueraren nolakotasuna ezagutzeko asko falta bada oraindik, emandako urratsa ontzat eman da eta ikerketa-lerroa ere bai.
CO2ren emisio kuotak Frantzian
Orain bi aste frantzian berotegi-efektua sortzen duten gasen inguruko bigarren kuota-plana aurkeztu zen. Jakina da emisio-kuoten bidez Europako Batasunak berotegi-efektua kontrolatu nahi duela eta ildo horretan 2005eko datuak argitara eman ditu. Urte horretan Europako kuota totala 1,9 mila milioi tonakoa zen eta estatu guztien artean 44 milioi tona gutxiago emititu dute.
Datu honen arabera badirudi, pixkanaka bada ere, hainbat estatuk emisio kontrolerako egiten ari den esfortzua emaitza ematen ari dela. 2005-2007 urte tarterako Frantziak 156,51 milioi tonako emisioa onartu zuen, eta 2008-2010erako %2,5 gutxiago onartu nahi du, hau da, 152,61 milioi tona.
Europako zuzendaritzak agindu bezala Frantziak duen nahiak gizartearen onarpena jaso behar du Bruselaren onarpenaren aurretik. Hau dela eta, eztabaida hasi da Frantziako gizartean, batetik enpresa askorentzat proposamena egokia dela aitortuz, baina bestetik ingurumeneko elkarteentzat asmoak eskasak direla aldarrikatuz. Greenpeacek adibidez 130 milioi tonatan utziko luke emisio kantitatea.
Eztabaidaren emaitza lerro hauetan azalduko dugu.