Katixa Garate
Jazzaren aroa abiatu da
Joan den astean abiatu zuen Getxoko Jazzaldiak jazz denboraldia. Asteburu honetan Gasteizko jazz jaialdiak emango dio segida. Hogeita hamar urte betetzen ditu aurten hitzorduak eta egitarau oparoa antolatu du uztailaren 15a bitarte. Punta-puntako jazz musikariak izango dira; Wynton Marsalis tronpeta jolea, Sonny Rollins saxo jolea, Sergio Mendes eta Brad Mehldau pianista. 30. edizioa dela-eta, azterketa bat egin du Append enpresak Gasteizko jazz jaialdiaren gainean. Hona datu batzuk: hamar ikusletik sei 30 eta 49 urte arteko gizonak dira eta unibertsitatean ikasi dute; hamar ikusletik lau ez dira Gasteizkoak, eta hamarretik zazpik jazzaren oso zaletzat du bere burua.
Argazkigintzaren hastapenen bilduma
3.250 piezako bilduma erosi dute erdibana Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak 390.000 euroren truke. Argazkigintza sortu aurreko tresna eta irudiak nahiz sortu zenetik izan diren modelo ezberdinak: dagerrotipoak, autokromoak, kinorak, argazkiak... Material hau guztia Ipar Euskal Herrian jatorria duen familia bati erosi diote. Familiako belaunaldi desberdinek osatu dute bilduma AEBetan; horiexek dira eman dituzten datu bakarrak. Bost ataletan banatzen da bilduma: argazkigintzaren aurrea, argazkigintzaren lehen urratsak, argazki generoak, irudi mugikor aurrekariak eta argazkigintzaren aplikazioak. Aldundiak bilduma herritarrei erakusteko asmoa du, baina ez du zehaztu non erakutsiko duen.
Kale antzerkia nahiz aretokoa aukeran
Antzerkiak leku nabarmena izango du aste osoan Lekeition. XVII. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren harira, osteguna bitarte antzerkia ardatz duten dokumentalak, film laburrak eta argazki erakusketak ikusi ahal izango dira. Ostiraletik igandera, bertako Bego Clown eta Eidabe, Kataluniako Deambulants eta Espainiako Cal y Canto arituko dira kalean, besteak beste. Azken egunean Hortzmugak eta Edorta Jimenezek sortutako Antzar jokoa lan berezia estreinatuko dute, Lekeitio jokorako taula bihurtuz. Uztailaren 6an Zarauzko Kalerki jaialdiak hartuko du kale antzerkiaren lekukoa. Hamahirugarren edizioan bederatzi taldek hartuko dute parte; Alproja, La Carbayo, Trapu Zaharra eta Solomanolo tartean. Halaber, Donostiako Antzerki Azokak uztailaren 11n irekiko ditu ateak. Uztailaren 15a arte, 79 dantza eta antzerki ikuskizun ageri dira programazioan. Horietako 19 aretoetan eskainiko dituzte eta gainerakoak kalean: besteak beste, Polacos (Vania Produccions), Henry Bengoa Inventarium (Kandido Uranga), Sit (Clownic), Look (Ertza)...
Izurako Uda Erakusketa zabalik
Hugues maurin Arcachongo eskultore entzutetsuaren 22 lan paratu dituzte Haize Berri kultur etxeak antolatzen duen Uda Erakusketan. Horietako hamaika Izurako eliza, ostatu eta paretatan jarri dituzte eta beste hamaika Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian. Emaztea da aurtengo gaia eta hura hartu dute oinarri Izuran lanak erakutsi dituzten beste artistek: Loretxu Bergouignan, Bastien Prost, Pette Etxebarria, Iñaki Bikendi, Juan Luis Goenaga... Arte garaikideko lanak parajeotan ikusteko aukera izango da abuztuaren 20ra arte.
Bisita gidatuak Tabako Fabrikan
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneko (KGNG) zuzendaritzak abenduan aurkeztuko ditu gunearen ardatz eta edukiak. Argi du Guneari izen berria jarriko diola eta erakusketa, ekoizpena, eztabaida, heziketa eta artxiboa izango direla zentroaren oinarriak. Eraikuntzaren birmoldatze lanak hasi aurretik, eraikina, Tabako Fabrika alegia, herritarrei erakutsi nahi diete. Hala, uztailaren 15etik iraila bitarte, bisita gidatuak eskainiko dituzte, eraikina barrutik ikusteko. Bestalde, nahi duen orok irudiak grabatu ahal izango ditu bertan.
Aritzatxu Rock Free
Musika eta zinema uztartuko ditu Bermeoko Aritzatxu Rock Free jaialdiak, uztailaren 7an eta 8an. Ostiralean, iluntzeko bederatzietatik aurrera, The Weather Underground dokumentala emango dute Nestor Basterretxea kultur aretoan. Filmak 60 eta 70eko hamarkadetako AEBetako gerraren aurkako mugimenduaz dihardu. Larunbatean kontzertu andana izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera: Lobo Eléctrico, NCC, Nebula (AEB)... Eta gauean reggae gaua Cultur Freeman eta Lion Roots Sound System taldeekin.
Linda White Renoko Euskal Ikasketen Zentroko irakasleak erretiroa hartu du. 1996an eskuratu zuen doktoregoa Emakumeen hitzak euskaraz: XX. mendeko euskal emakume idazleak tesiarekin. Lan eskerga egin du euskal idazleen lanak itzultzen eta AEBetan zabaltzen.
Axular Arizmendi disko jartzaileak, DJ Axularrek alegia, 3.0 diskoa plazaratu du Babel diskoetxearekin. Hamar laguneko banda osatu eta break beat eta break dance estiloak jorratu ditu, techno progresiboa alde batera utzita.
Jon Garañok zuzendutako The Dragon House dokumentala pantaila handian ikus daiteke jada, Bilboko Renoir Deusto zinemetan, Madrilen eta Bartzelonan hain zuzen. Dokumentalak Butan herrialdeko egoera kontatzen du, herrialdeko lehen disko jartzailearen bitartez.
Carmelo Bernaola konpositorearen (1929-2002) 131 lan katalogatu eta digitalizatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako Eresbil musikaren euskal artxiboaren laguntza izango du. Familiak eman dizkio partiturak Aldundiari eta honek Foru Artxiboan jarriko ditu urtebete barru, edonoren eskura.
Rafael Martín Morente aktoreak jaso du Euskal Aktoreen Batasunak urtero ematen duen Besarkada saria. Madrilen jaioa, 28 urterekin joan zen Gasteiza bizitzera, Madrileko antzerki mundua gustuko ez zuelako. Telebistan (Maité, El comisario), zineman (Los Visionarios, Torapia) eta antzerkian (El tiempo herido, El Florido Pensil) lan asko egindakoa da.
Kepa Junkerak honakoa esan zion Berriari: «(Mezenasgoa) beharrezkoa dela uste dut. Jende asko dago laguntzeko irrikan eta hori aprobetxatu behar da. Uste dut ez dela egiten aurreiritzi asko ditugulako, baina musikaren industriaren egoera zein den ikusita, disko gutxi saltzen direla, alegia, kanpotik datorren edozein laguntza baliatu behar da. Azken batean hori guztia ere musika da. Musika egitea disko bat atera ahal izateko lan talde handia zuzentzea ere bada».
Pello Alzaburuk Beterriko Liburuan idatziak: «Argitaletxe batek bere arloko liburu txar bat argitaratzea larria da, baina are larriagoa da asko saldu daitekeelakoan edo 'prestigioa' ekarriko diolakoan argitaratzea, nahiz eta haren esparru, estilo eta diskurtsotik atekoa izan. Kasu gehienetan porrota ziurtatuta dago. Liburuari, idazleari eta, okerrago dena, liburu horren irakurle potentzialari iruzur galanta egingo diogu. gure erakundeetako biltegietan ehundaka adibide aurki ditzakegu...».
Aritz Sound System kazetari eta musika jartzaileak Aizu!ri adieraziak: «Diskoetxe handiak, banatzaile handiak (dira piratarik handienak). Horiek dira, zalantzarik gabe, diru gehien atera dutenak. Bitartekari asko daude, eta hori da arazoa. Kristoren pagotxa eduki dute orain arte, eta orain bukatzen ari da».