Mikel Asurmendi
Igor Estankona poeta eta kritikariak «mezulariaren eskua» ikusi du poeta honengan: «Makuso ez da odolusten, entzun dezagun nahi du». Guk poeta bidaide hartu eta hirian barrena abiatu gara. Hona poetari entzundakoak.
guztia irakurri
Ainhoa Lendinez
Buruzagia, zerbaiten gidaria. Horixe da aitzindaria. Izen hori eman diote Jean Bordaxar eta lagunek Zuberoako dantza talde nagusiari. Probintzia osoko dantzari trebeenak bildu dituzte, indarrak batuta, ikusgarri bat herriz herri zabaltzeko. Larunbata izanagatik, Mauleko eskola batean egin dugu hitzordua dantzariekin. Ahoz ari dira kantari batzuk, inguruan dantzan dira beste batzuk. Hondoan soinu hori dela, urriaren 28an lehenbizikoz taularatuko duten Aitzina pika ikusgarriaren berri eman digu Bordaxarrek.
Aitzina pika
Patrick Queheille lehendakariordearekin batera gidatzen du Bordaxarrek gazte taldea. Muskildi eta Ligiko dantza taldeetakoak dira Jean-Marc Cachenaut eta Beńat Cazanave, hurrenez hurren. Aitzindarien irakasle dira biak. 70 bat dantzari gidatzen dituzte, probintzia osokoak. Antzina gizonezkoak baizik ez ziren dantzatzen Zuberoan baina orain, neska sorta handiaren artean, 25 bat mutil baizik ez dira. Pastoraletan ikusi ohi diren dantzak taularatuko dituzte Aitzina pika ikuskizunarekin. Michel Etxekopar kantaria eta jantziak prestatzen Claude Iruretagoiena dantzari eta diseinatzaile ezaguna izango dituzte lagun.
«Beti izan gara talde ainitz Zuberoan, baina lehen aldikotz, hamar edo hamabi taldek algarrekin egiten dugu ikusgarri bat», esan digu Cazanavek. Dantzariak biltzeaz gaindi, bestelako asmoak ere badituzte; dantzan aritzeko egoitza bat muntatzea esaterako: «Atzean dugun ideia da egoitza baten muntatzea, justuki ikusgarri zunbaiten prestatzeko», dio Cazanavek.
Hainbat dantza bilduko dituen ikuskizuna da Aitzina pika. Kadrileak, godalet dantza, gabota, eta noski, aitzina pika. Bertsolariak, abeslariak, eta dantzak elkarrekin lotzen dituen istorio bat izango dira ardatz. Bordaxarrek kontatu digu Aitzina pikak oinarrian duen istorioa: «Zuberoari begira direlarik, turistek zer ikusten duten jaso nahi dugu. Eta halaber, Zuberoak turistak nola ikusten dituen». Lehenengo zatiaren giltza izango da hori. Bigarrenean, berriz, 100 urte atzera egin eta Zuberoan nola dantzatzen ziren ikusiko dugu. «Mutilak baizik ez ziren orduan dantzatzen, baina neskek sartu behar izan zuten mutilen paperean dantzak salbatzeko. Azkenik errealitatea nolakoa izango den ere erakutsi nahi genuke», gaineratu du Bordaxarrek. Sua kantore taldea eta Amaren Alabak taldea ere izango dira. «Zuberoaren egungo argazkia bilduko dugu», gehitu dute irakasleek. Orain arteko moldea hautsita, musika ez da ardatz izango eta dantza izango da nagusi Aitzina pikan.
Iparraldea eta Hegoaldea biak bat
Dantza taularatzeaz gaindi, Hegoaldeaz oroit dira Zuberoan, eta hori ere helburu dute. «Maskarada denboran handik jende asko etortzen da, eta ez dute beti maskaradaren zentzua ulertzen», esan digu Bordaxarrek. Izan ere, prestatzen ari diren ikusgarriaren helburu nagusietakoa horixe da, Hegoaldeari Iparraldeko berri ematea. Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko komunikazioa piztu nahi dute. Horretarako, Amurrio, Getxo eta Arrasateko udalekin harremanetan daude, eta ikusgarria plaza horietan emango dute datorren ikasturtean.
Honela eman digute asmo horren berri: «Guk eginen dugu buelta bat Hegoaldean, hiru lekutan, baina hanko tokiko dantzariekin harreman bat nahi dugu sortu. Horretara, hunat egonaldi batez bilduko ditugu Arrasatekoak, Getxokoak eta Amurriokoak eta esplikatuko zaie zer den maskaradaren zentzua».
Zuberoa Garatzen eta kultura
Urteak igaro dira Zuberoa Garatzen proiektuaren lehen zantzu galdu haietatik, eta Hegoaldean ez dugu sarri entzuten Iparraldekoen berri. Urrats txikiak egiten ditu garatzeko, eta bidean harri handiak topatzen. Baina Zuberoa bizirik da, eta kulturan fruitu gozoak emateko lurra ereiten ari da.
«Hemen dantza taldeak dira kasik herri guzitan. Problema da Zuberoan 13.000 biztanle direla eta herriak izigarri ttikiak direla», esan digu Cazanavek. Herri txiki horietatik etortzen dira dantzariak, eta horientzat ere esperientzia berria da, beren kabuz, beren herriko taldeetan ez dutelako ikusgarri handietan parte hartzeko modurik. Gainera, askok ez dute oso ongi ezagutzen Hegoaldea eta ekimen honek horretarako bide ere emango die.
Udalbiltzak 2001ean sortu Zuberoa Garatzen proiektua, Zuberoako Herri Elkargoak abian jarritako Xiberoa 2010 egitasmoan. 400.000 euro bildu zituen, Zuberotarrekin bat auzolanean kanpainan. 1.600 diru ekarpen izan ziren, Zuberoarekin harremana estutzeko, bertako egoera larria ezagutarazteko eta hainbat egitasmo laguntzeko. Lurraldeen arteko desorekak zuzentzeko, Zuberoako ekonomia sendatzeko diru iturriak eskuratzea zen helburuetako bat.
Horiek horrela zirela, konpromisoa gauzatzeko bitartekoak onartu zituzten; batetik, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa sortzea eta, bestetik, dirua biltzeko kanpaina egitea herritarren artean.
2002. urtean sortu zuen Udalbiltzak Fondo hori eta Zuberoako hainbat eragilerekin ekintzak eta programak zehaztu ziren, laguntza horiek lortzeko. Bideak, ordea, ez zuen nahi beste fruitu eman. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Garzon epailearen eskutik, egitasmoa zapuztu zuen 2003ko udan. Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren jarduera eten eta bildutako dirua eskuratu zuen.
Pilar Iparragirre
Zeintzuk dira Atonduren nondik norakoak?
Orain aspaldi nuen euskal jantziei buruz liburu bat idazteko gogoa eta, egun, hogeita zazpi urtez Argia dantza taldearen eta Ikerfolken partaide gisa gai honen inguruan eginiko ikasketa, ikerketa eta lanen emaitzak kaleratzeko une egokia iritsi dela uste dut. Bestalde, ekimen honen helburua ohikoa baino jende kopuru handiagoarengana iristea ere bada, jantziaren esparruan dagoen informazio premiari aurre egiteko. Zehaztasunetara joz, festa, ospakizun eta zenbait jaietan janzten dugun baserritar jantziak hartu du lan honetan aparteko garrantzia.
Zer aurkituko du bertan zure liburuaren irakurleak?Euskal Herrian jantzi tradizionalaren esparruan gertatutako eraldatze prozesua. Euskal kulturaren alor honen egoera zer nolakoa den azaldu nahi izan dut, eta euskal jantziei buruzko argibideak emateaz gain, XX. mendeko fenomenoa agertzea izan da nire asmoa, abiapuntu gisa XXI. mendea hartuz. Bestalde, jantziak egiteko aholkuak ere ematen ditut.
Lan handia hartu al duzu liburua egiteko? Bai. Orain dela 31 urte hasi nintzen zeregin honetan, auzoko dantza taldearen jantziak josiz, ereduak bilatuz, liburuetan irakurriz... Eta hasiera batean liburuak ahalik eta ikuspegi gehien bil zitzan nahi nuen: ikerketa sakona islatu, argazkien bidezko irakurketa eskaini, ahalik eta informaziorik praktikoena ere... Baina hori guztia argitalpen bakar batean azaltzea ia ezinezkoa da, eta, azkenean, hau baino ez dago, egindako lan handiaren iceberg baten tontorra bezalakoa den liburua. Ikusten ez den lan asko dago liburu honen atzean.
* * * * * * * * * * * *
Atondu
XXI. menderako proposamena
Ane Albisu
elkar
152 or. / 29,50 euro
Gure aurrekoen jantziak berreskuratzea posible da
Gure aurrekoen jantziak berreskuratzeko prozesua zaila izan arren, posiblea dela erakusten digu Ana Albisuk osatutako Atondu. XXI. menderako proposamena lanak. Baina, Juan Antonio Urbeltzek liburuaren hitzaurrean gogoratzen duen bezala, jantzi tradizionalak ezin dira duinduko dituen gutxieneko kalitaterik gabe, «benetakotasunik» gabe, berreskuratu. Edozein motatako gehiegikeria edota ńabardura zein oihaletan kolore eta formen erabilera txarrak, ezinbestean mozorro bihur ditzakeelako. Horregatik, zorroztasun osoz egin du Ane Albisuk azken ehun urte inguruotan gure jantzi tradizionalek egin duten ibilbidearen historia laburra, etorkizunerako proposamen berriak oinarri sendoa behar zuelako. Eta ez bakarrik hitzetan adierazia, baizik eta zuri-beltzeko zein koloretako argazkietan ezagutzera emana ere. 1976an hasi zen Ane Albisu Iriarte donostiarra euskal jantziak ikertzen. Argia dantza taldean, Eusko Ikaskuntzako Folklore sailean eta azken 21 urteotan Ikerfolk folklore ikerketa erakundean, folkloreari eta modari loturiko hainbat ikerketa lan eginak ditu. Liburuak jasotzen dituen emaitzak berak hamabost urtez zuzendutako Atondu ekimenekoak dira.