Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-07-09 -- 2048.zenb

Xabier Etxaniz Erle

Ekainaren 18an, Iritziaren Leihoa sail honetan, Joseba Azkarraga -Mondragon Unibertsitateko irakaslea- EHUko irakasleen grebaz aritu zen. HUHEZIko irakaslearen bihotza ez dugu samurtzen EHUko irakasleok gure greba horrekin, baina, susmoa dut, bihotza samurtu beharrean kontrako joera sorrarazi diola grebak.

Egia da igoera handia eskatzen dela, 6.000 euro. Baina egia da baita ere ikasketak amaitzean lizentziatu batek unibertsitate publikoan edo institutu batean lan egiteko aukera izanez gero, 6.000 euro gehiago kobratuko dituela bigarren aukera hartuta. Eta egia da ere unibertsitateko irakasle funtzionariook Lakuako funtzionarioek baino dezente gutxiago kobratzen dugula. Arrazoi horiek bultzatu dute greba.

Gu "lanaren aristokrazia" omen gara, eta gure parean, gizartean, lagun prekarizatuak dauzkagu. Oso argudio demagogikoa erabiltzen du Azkarragak, edo gure soldata igoerarik gabe prekarietatea desagertuko al da? Horrela bada ni prest nago 6.000 euro gutxiago kobratzeko. Hori bai, gauza bera eskatu beharko zaio euskal langileria guztiari! Ondo baino hobeto ezagutzen dut euskalgintzako irakasleen egoera, etxean bertan dut adibidea, baina EHUko irakasleen soldata igoerak ez du konponduko, ez okertuko, hauen egoera. Harrigarria gerta dakieke bat-batean diru kopuru hori eskatzea unibertsitateko irakasleek; baina arestian esan bezala ez dugu beste funtzionario batzuek baino gehiago nahià ezta gutxiago ere.

Baina Azkarragaren artikulua mingarria suertatu bazait, iradokitzen duen ironia erabiliz, unibertsitateko irakasleon lana edo lan eza da. ARGIA honetan bertan idatzi zuen artikulu bat Lurdes Oñederrak unibertsitateko irakasleon lanari buruz, agian irakurri egin beharko du berriro Azkarraga jaunak. Nik, datu txiki batzuk emango dizkiot, edozein modutan, zuzentzen dudan ikastegiko dozentziaz: Gasteizko Irakasle Eskolan irakasle elebidunok -gehiengoa gara ikastegian- konbenioan agertzen den eskola ordu kopurua gainditzen dugu, horrez gain ohikoa da bakoitzak 3 edo 4 programa ezberdin eman behar izatea, eta batez beste 300 ikasle dauzkagu. HUHEZIko irakasle batek jakingo duen bezala, horrez gain ikerkuntza eta gestioa ere egin behar da, eta etengabeko formazioa -jasotzen eta ematen-. Beraz, mingarria gertatzen zait irakasleon lan arduraldiari buruzko komentarioa.

Eta, mingarria ez baina bai oso kezkagarria artikulugileak esaten zuen gezurra. EHUko irakasleok, greba egin genuenok, ez dugu esan greba egin ez dugunik. Hori gezurra da. Irakasle guztioi galdetu zaigu greba egin dugun ala ez, eta lehenengo grebako datuak bakarrik ezagutzen ditut, 300 irakasle baino gehiagok esan zuten greba egin zutela, 500 batek ez zuela greba eginà eta gainerakook ez genuen erantzun; nire kasuan helburua greba egitea zelako, arazoa plazaratzea eta kontrola jarri behar bada, jar dezatela kontrol mekanismo bat unibertsitatean. Baina, Azkarraga jauna, guk ez genuen gezurrik esan, eta zuk lortu duzu nire bihotza ukitzeaà baina ez ezkerretik, ironia, demagogia eta gezurretatik baizik.

Arantxa Urbe

Euskal Herrian ez dugu sekula hezkuntza publikorik izan; bada Baskongadetan, Nafarroan, eta baita Iparraldean ere eskola publikoa deitzen diotena. Baina ofizialki, bi lehenak hezkuntza sistema espainiarraren pean daude, eta hezkuntza sistema frantziarraren menpe dago hirugarrena.

Era berean, baditugu herri ekimenetik sorturik eta bokazio publikoa izanik, pribatuaren trataera duten eskolak; administrazioa haien jabe ez delako.

Hala, euskal hiritar guztiok dugu Euskal Herrian ikasteko eta euskal heziketa jasotzeko eskubidea, eta hezkuntzarako dugun oinarrizko eskubide hori jasotzen duen eskola izango da publikoa eta herritarra.

Euskal Herria diogunean, 21.000 kilometro koadroko orubeaz ari gara: 685 udalerriz eta 3.000.000 biztanlez osatua. Beraz, euskal hezkuntzarako eskubide bera dugu hiritar guztiok; izan Barakaldokoak, Zarauzkoak, Lapueblakoak, Tuterakoak, Miarritzekoak edo Atharratzekoak.

Eta publikoaz ari garenean, hitz horren jatorrizko definizioaz ari gara: izaera publikoa, kolektibitatearena, hau da, herritik sortua. Azken bi mendeetan, batez ere, administrazioek monopolizatu dute publikoaren izaera. Ondorioz, eskola publikoa denona, bai; egitekoa, ordea, administrazioarena bilakatu da. Beraz, herritarrok dagokiguna berreskuratu behar dugu.

Garai berriak datoz mundura. Orain arteko definizio eta antolaketa asko zaharkituta geratu dira, agortuta, baita hezkuntzan ere.

Euskal herritarrok hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dugu. Europako gainerako herriak bezala, Euskal Herriak bere hezkuntza sistema izateko eta arautzeko eskubidea du. Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta hezkuntza herritarren beharretara egokitu behar dugu, egungo egoera, eta aurretik oinordetzan jasotako sare eta ereduak gaindituz.

Herria martxan dago. Benetan sinesten badugu hezkuntza funtsezkoa dela norbanakoaren taxuketan, herri baten garapenean eta jendartearen kohesioan, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du.

Eta guk, hezkuntza munduan gabiltzanok, erantzukizun berezia dugu horretan guztian. Hezkuntzako erkide gisa, eta, batez ere, hiritar gisa. Historiaren ataka honetan aktore izatea suertatu zaigu.

Egungo jendartearen ezaugarriei erantzuteko publikoak izaera anitza behar du. Herri ikuspegia iparrorratz dugula, ea molde zaharrak eta gatazka antzuak gainditzeko gai garen; herri gisa, orain arte ezagutu ez dugun hezkuntza publikoa eraikitzeko. Ez da gutxi!

Allande Boutin


Batera plataformak iniziatiba herrikoiaren erreferendumaren eskaeraren aldeko kanpaina fase erabakigarrian sartu da. Hots 46.000 izenpetze bilketan. Pirinio Atlantiarrak deitu Departamenduko boto emaileen %10. Hau da erreferenduma lokala eskatzeko bildu behar dena. Asko da. Kontutan hartzen badugu, Departamenduko ekialdean, Biarnon, jendea ere interesatu behar dela. Haiekilako baikorragoa izateko, horrela Biarnoko Departamendua erdiesteko aukera izanen dutela adierazi beharko litzaieke, bereiztea baino bi nortasunen aldeko apustua egiten dela azpimarratuz. Aipa dezagun ere firma kanpaina honetan baietzaren alde izatea jendeari ez zaiola eskatzen, baizik eta populuak erabakitzeko aukera izatea. Azkenean jendeak baietz ala ezetz esan dezan, baina erabaki dezan!

Ontsalaz, 2003ko dezentralizazio legeek baimentzen dute horrelako erreferendumen eskaera. Baterak Iparraldeko auzapezei ekainaren 10ean udaletxeak irekiak uzteko baimena eskatu zien, izenpetze kanpaina aitzina eramateko, eta dagoeneko, sinatu dutenen datuak egiaztatzeko -ezen sinadurak balioa izan dezan, hauteskunde bulegoetan erregistratua izan behar du-. Kasu gehienetan, arazorik gabe goiz horretan baimena izan zuen Baterak. Zenbait kasutan, hala nola Baionan edo Miarritzen, alkateak pertsonalki Departamenduaren ideiaren kontra izanik ere, Herriko Etxeetako ateak ireki zituzten, demokratikoki. Hau puntu ona!

Puntu ez hain ona izan da Baionako alkateordeak eta Baterakideak Paueko Prefetuari idatzi gutun irekian azpimarratu duena: Prefetuak auzapezei Baterari udaletxeak irekitzea ez zela bidezkoa jakinarazi zien. Elkartearen helburuek ez baitute omen deus ikustekorik, Herriko Etxeek kudeatu behar dituzten gaiekin. Legegizona den aipatu Baterakideak adierazi duenez larriak dira administrazioaren ikusmolde eta jokamoldeak, zeren 1982ko lehenengo dezentralizazio legeen ondotik, Prefetuaren kontrola ez baita egiten erabakiak hartu baino lehen baizik eta hartu ondoren. Hain zuzen ere udal autonomia errespetatzeko! Hor presionatze saiakera ikusi eta salatu du Baionako zinegotzi zentrista euskaltzaleak. Gaineratu du ere bai, Administrazioak erran ez bezala, Kontseilu Nagusia edo Departamenduetako biltzarren eskumena dela hauen muga edo barne antolamenduari buruzko erabakiak hartzea. Nahiz Frantziako Parlamentuak azkenean erabakitzen duen. Horiek oro aipatuz, berriz zera argi geratzen da: Iparraldeko zinegotzi eta auzapez gehienek, edozein alderdietako izan, Departamendua eskatzen dutela eta Parisek, ez dakigun zeren beldur, ez duela ez eta ere horri buruz eztabaidatu nahi.

Azken datu bat: 10.000 sinadura inguru bildu dira... Helburuetarik urrun momentuko. Iparraldeak benetan zer nahi du?

Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'

Hori da egun hauetan jai eta aste entzuten duguna. Egia esan, erdaraz entzuten dugu maizago: "El derecho a decidir". Nork erabakiko, ordea? Zer erabakitzeko eskubidea? Ez zaigu esaten. Hizkuntza kriptikoa nagusi.

Zergatik ote?

Euskal Herriko mundu politikoan agintzen dutenek -Madrilekoek, jator hitz eginda- ilunpe horretan jarraitu eta hitz garbi eta zehatza aipatu ezinezko tabu bihurtu dutelako. Eufemismoak bultzatu, eta hizkera gardena debekatzen digute. Mahaiaren gainean dagoen arazoa, hala ere, garbia da. Eta soluzioa ere bai:

"Herri guztiek dute beren buruaz jabetzeko eskubidea. Eskubide hau dela bide, inolako mugarik gabe hautatzen dute beren antolakuntza politikoa, eta libroki bermatzen beren garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala", NBEn Batzarre Orokorrean, aho batez, 1966ko abenduaren 16an onartu ziren bi Itun Internazionaletako lehenengo artikulua.

Bi PIDH horien gauzaketaren amaieran edozein helburu da zilegi. Estatu beretan eta inolako aldaketarik gabe segitzea, Autonomia hau edo hura legeztatzea; edota askatasun osoan, Estatu askatu bat sortzea.

Zergatik ez da hau argi eta garbi aldarrikatzen? Eta Euskal Herriari, herri bat delako, autodeterminatzeko eskubidea datxekiola.

Ohar garrantzitsu bat honetaraz gero. Herriek dutela autodeterminazio eskubidea, ez eskualdeek, ez auzoek, ez probintzia puskek. Ez zernahik.

Geografia txoko batek, adibidez, edo gizarte atal batek, nahi duten galdera egiteko eskubide demokratikoa dute dagokien problematikan. Zalantzarik ez. Baina geografia txoko horrek edo gizarte atal hark ez dauka autodeterminatzeko eskubiderik.

Bide beretik, ohiko hauteskundeetan erabakitako politikabidean ematen diren urratsak ez dira autodeterminazioa. Gure arteko batzuek batzutan esan izan dutenaren kontra: "Los vascos llevamos ya años auto-determinándonos todos los días..."

Autodeterminazioa erreferendum berezi batez obratzen da. Eta autodeterminatzen den subjektua herria da.

Eta herri baten faktore objektibo nagusia hizkuntza da; eta faktore subjektibo nagusia mendeetan barrena kondaira amankomuna egin izana. Alderdi nazionalen bidez eta borroka armatu abertzalearen iraupenean ikusgarri. Are gehiago, Estatu Nazional propioa mendeetan barrena ari izan denean -gure kasuan Nafarroa lekuko zalantzagabea delarik-.

Guztiz beharrezkoa, era berean, ideien mailan oraingoan, herri eta populazioa ongi bereiztea. Adibide bakar bat ematekotan, Kanakiako kasua (Nouvelle Calédonie). Ongi aztertu ziren orduan kanakiarren eskubide politikoak eta han berriki finkatutako frantses etorkinenak. Eztabaida juridiko haiek berrikertzea interesgarri izan daiteke orain.

Gure artean sortzen ari den nahaste-borrastea argituz joateko, hitz batez, oso beharrezkotzat joko nuke nik orain, berriro ere, Herria 2000 Elizak 1985eko martxoan eta 1990eko martxoan antolatu zituen bi Kongresu gogoangarri haien errepikapena antolatzea. Orduan bezala gaur egun Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan bilerak eginez.

Orduan, Guy Héraud irakasleak deitoratu zuenez, Europako Estatuen presioaz, ez zegoen autodeterminazio prozesu adibiderik Europan aurkezterik. Etsenplu guztiak urrutikoak ziren, kolonietakoak, eta abar.

Egun Montenegroko adibidea badugu; batere goxoa izan ez diren Serbiak berak eta Solanak bedeinkatua. Balegoke honetaz zer esanik eta zer ikasirik. Eta gero, hirugarren bilduma mamitsuan, entzundakoaz zer argitaraturik.

Eta, nik neuk bederen, erronka bota dut hemen lerro xume hauen bitartez.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan