Juan Mari Arregi
Uztailaren 1ean ezarri da ofizialki lan-erreforma berria. Lan-erreforma hori Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean hitzartu dute. Negoziazioetan ez dute parte hartu Gasteizko Gobernuak, Nafarroakoak, Euskal Herriko patronalek eta sindikatu abertzaleek, baina erreforma Hego Euskal Herrian ere inposatu da. Ipar Euskal Herrian inposatzen diren moduan Parisen erabakitako lan-erreformak. Erreforma berri honekin -seigarrena da!- prekarietatea ezabatu nahi da eta kontratu mugagabeak sustatu nahi dira. Oraindik goiz da erreforma berri honekin enpleguaren estabilitatea lortuko den jakiteko. Orain arte ez da hori lortu bata bestearen atzetik antzeko helburuekin ezarritako erreformekin. Hori bai, badakigu hemendik aurrera enpresariarentzat langileak kaleratzea merkeagoa izango dela: indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 33 egunekoa izango da, ohiko 45 egunen ordez. Estatuak, gainera, 850 eurotik 3.200 eurotarainoko laguntzak emango dizkie lan-kontratu mugagabe bakoitzeko, eta kotizazioetan beherapenak izango dituzte. «Paktu» horretatik irabazle, berriz ere, enpresariak aterako dira. Enpresariek beraien helburu nagusiak bete dituzte, nola ez sinatu horrelako hitzarmen bat? Sinatu duten sindikatuek, berriz, zein interes defendatzen dituzte? Sindikatuen burokrazia mantentzeko subentzio handiak eta anitzak bermatzea? Nahikoa da!
Xabier Letona
Ez da zalantzarik, Jose Luis Rodriguez Zapaterok joan den astean egindako adierazpena izugarri garrantzitsua da. Zergatik baina? Lehenik, ETArekin ofizialki hitz egingo duela esan diolako Espainiako gizarteari -duela bi urte imagina ezina-; bigarrenik, EAEko euskal herritarrek -ez dabil Iparralde eta Nafarroako euskal herritarrei buruz- erabaki dezaketena onartuko duela aitortu duelako; eta hirugarrenik, eta garrantzitsuena, Batasunak izugarri ondo baloratu duelako agerpena. Lehenengo arrazoi biak funtsezkoak badira ere, hirugarrena da giltzarri prozesu ikuspegi batetik, arrazoi bategatik, funtsean honek adierazten duelako aldez aurretik adostutako gidoia betetzen ari dela.
Prozesu orokorraren edukiak sakon, txukun eta argi baloratzeko informazio zehatzik ez dagoenean, prozesua beraren abiada da garrantzitsuena. Eta ikuspegi 'teknikoan' diharduten bi aldeek hala badioskute, hala izango da. Espainiako Gobernuko lehendakariak berriz erakutsi du maisu dela forma eta irudi kontuetan, eta beraz, azala mamia bezain garrantzitsua dela halako prozesu bat bere bukaerara onik irits dadin.
Testuaren edukiari buruzko eztabaidarik ere izan da, argi da ezin daitekeela parekatu Downing Streeteko adierazpenarekin, ezta gutxiago ere. Baina oso terminologia zainduarekin egina dago, anbiguotasun erakitzailearen ikuspegitik eta hori da baloratu behar dena. Edo akaso Rodriguez Zapaterok eta PSOEk esan al dute noizbait beraiek ez dutela euskal herritarren borondatea errespetatu? Edo lurraldetasunaren ikuspegitik nola ulertu behar da vasco PSOEko eta Espainiako gobernuburu baten ahotan? Edo zergatik ikusi behar dira orain -edukiaren ikuspegi soiletik- espainiar legalitate, Konstituzioa eta beste zenbait kontzeptu beste begi batzuekin? Adierazpenaren edukia dena da, baina une honetan ez da azpimarragarriena eta, beraz, eztabaida politikorako tresna gisa erabiltzea antzua. Esanguratsuena da, urrats honek Patxi Lopez eta Arnaldo Otegiri publikoki eta ofizialki biltzeko atea zabaltzen diela. Eta honetan ere, gaur gaurkoz, argazkia da garrantzitsuena eta ez edukia.
Pako Aristik Berrian: 22 urte daramatzat liburuak euskaraz idazten, milaka artikulu idatzi ditut honezkero, saiatu naiz euskara nik ahal nuen hobekien lantzen, birsortzen, euskaraz adierazten neure (eta munduaren) konplexutasun oro, baina ez da aski nonbait; euskararen alde zaudela sinatu behar duzu euskararen egunean ez dakit nongo mahaitan, euskararen aldeko festa erraldoietara joan, zeure herriko euskara taldearen argazkian agertu... Arriskutsua da benetan euskararentzat gaur bizi dugun garai hau, lan pertsonalari ekimen sozialek lekua hartu diotena».
Estitxu Fernandezek Aizu! aldizkarian esanak: Euskaraz ez dakitenek ez lukete lekurik izan beharko ETB1en, baina hor eztabaida luzea dago».
Espainiako justiziaren independentziaz asko dakigu Euskal Herrian, baina Espainian ere garbi samar dituzte kontuok. Ondoko adierazpena Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) Fernando Salinas lehendakariordeak hilaren 3an Deia-n egindako elkarrizketatik jasotakoa da: «Badu zeresanik, baina ez da erabakigarria. Gertatzen dena da, egungo egoeran ulergaitzak diren zenbait zuhurtasunezko neurri hartzen ari direla. Prozesuak aurrera jarraitzen badu, dena den, garrantzitsuena da bai Gobernuak bai Legebiltzarrak legeak errealitate sozial horretara egokitu behar dituztela eta horrela justiziak askoz errazago arituko da».