Astekaria

 Bestelakoak 

Zer egin espainiar nazionalismoarekin

Julen Zabalo

Julen Zabalo


2047. alea
2006-07-02
alde 0    kontra 0

Euskal Herriari begira PPk daraman jokaeran interes politiko kalkulatua dagoela pentsa daiteke, baina beste kontu bat izango litzateke interes politiko hutsa edo zerbait gehiago dagoen jakitea. Ez gara horretan sartuko oraingoan, hemen aipatu nahi dudanerako nahiko antzekoa baita aukera bata zein bestea: kasu bietan espainiar nazionalismoaren berpizkundea ondorioztatzen da, eta horri heldu nahi diot, hain zuzen ere, gogoeta honetan.

Nazionalismoari alde positibo asko bilatu ahal zaizkio, eta oso tresna baliagarria da, besteak beste, identitate kolektiboa ahuldurik duen taldeak harrotasuna berreskura dezan, beste taldeen pare sentiturik. Nazionalismoaren alderik positiboenak botererik ez duten herrien kasuetan agertu ohi dira; alderik negatiboenak boterea lortuta dagoela agertzen diren bezala. Halakoetan, inperialismo forma hartu ohi du askotan, eta nazionalismoaren alderik ilunenak agertzen dira: zapalketa, bazterkeria, hurkoarekiko mesprezua, eta abar.

Alde ilun horiek agertzen dira PP bultzatzen ari den espainiar nazionalismo horretan. Berau ez da berria, jakina, Espainiak tradizio luze eta oparoa baitauka nazionalismo atzerakoiak lantzen, baina frankismo ostean nolabait lo egon eta gero, orain berriro agertzen da gure aurrean, eta horrek ustekabean harrapatzen gaitu, nazionalismoaz hitz egitean, euskal nazionalismoa bakarrik existitzen zela pentsarazi digute eta.

Espainiar nazionalismo hori bizi-bizirik dago, eta gero eta oldarkorrago agertzen da, agian arrisku handiagoak somatzen dituelako euskal nazionalismoaren aldetik. Orain hogei urte barregura ematen zuten euren burua nazionalistatzat jotzen zuten taldeek, eta eskuinak kontu handia ipintzen zuen haiekin ez nahasten. Gaur, PPren diskurtsoa kategoria horretan sartzen da bete-betean, eta Iruñean McGuinness eta Otegiren hitzaldian gertatu zen bezala, UPNko kargu publikoak kalera irteten dira halako jokaera erakutsita.

Kontrolatuak dira jarrera horiek? Agian momentuz bai, baina nazionalismoa ahalmen handiko tresna da, eta ezin da pentsatu nazionalismoan oinarritutako mezu bat beti kontrolatuta egongo denik. Litekeena da hasieran kalkulu politikoaren pean kontrolaturik edukitzea, baina denborarekin mezuak bide propioa egiten du, kontrola galduta.

Paradoxa bada ere, euskal nazionalismoak urteak daramatza demokraziaren aldeko apustu garbia egiten, eta orain espainiar nazionalismo bat agertzen zaio, nazionalismoen alderik ilun eta deitoragarrienak berpizteko prest. Logika eta elkar ulermenerako zirrikituak ixten dituen halako nazionalismo batetik herritarren barne zatiketan eragitea besterik ezin da itxaron. Zuhur jokatu beharko da, beraz.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2046
 
azala2045

2047 zenbakia.
2006ko uztailaren 02a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia