Ahaldun Nagusiak hirugarren pertsonan hitz egiten du bere buruaz, Julio Zesarrek bezala. Ulertzekoa da. Ahalduna eta, gainera, Nagusia izatea gogorra izan behar da egoarentzat. Ahaldun Nagusiak, gainera, aski ongi daki zein lotuta dauden boterea eta kontzeptuen kudeaketa. Adibidetxo bat: Errausketaren inguruko eztabaidaren baitan, Gonzalez de Txabarri jaunak Donostiako Udalak defendatzen duen konpostajeaz kontu berria ez dela esan zuen, denok baitakigu txerrijana usteltzea zer den.
Bizkaiko erraustegiaren gehiengoa enpresa pribatuena da. Inork ez daki ziur nork kudeatzen duen, Zabalgarbi enpresak berak edo enpresa eraikitzaileek. Zaborra erretzeari duela bi urte baino gehiago ekin bazion ere, ez dago argi legalki ari den ala ez. Oraindik ez da ofizialki inauguratu eta zabaltzeko baimena 19 hilabeteko atzerapenarekin heldu zen, bitartean zehaztu gabeko arazo teknikoak izan zirelarik, bi leherketa misteriotsu barne. Une honetan, matxuratuta omen dago. Matxura gertatu zenean, bi aste igaro zen berriro zabaldu arte. Enpresaren esanetan, energia ekoizpena erdira murriztu da. Langileen esanetan, berriz, energia ekoizpenik ez dago aspaldi. Beraz, zaborra alferrik ari da erretzen, "balorazio energetikoa" hutsean utziz. Bestalde, ez dago argi nora botatzen diren etengabe ekoizten diren eta segurtasunezko gordailu berezietan isuri behar diren errauts toxikoak.
![]() |
|
||||
2047 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa