Jon Gurrutxaga2006-07-02 |
Joseba Beleztena Electric Child (lehen gitarra), Julen Irazoki Juzz Suicide (gitarra erritmikoa), Inaxio Agara Loverman (bateria), Xiker Salaberria Freezer (baxua) eta Mikel Larratxe Mike Strangelove dira Sexty Sexers taldeko partaideak. Boskotea nafarra dela esan daiteke, Berakoa. Larratxe abeslaria Irungoa bada ere, familia baitu Beran. Bertan jaio eta hazi da taldea, Aduanako entsegu lokaletan.
Banda gaztea izan arren, aspaldiko rock taldeak dituzte gustuko. UFO, Guns&Roses, AC/DC, Gluecifer eta Black Sabbath bezalako taldeen diskoen izenak irakur daitezke beraien webgunean. Ez dira ez erreferentzia txarrak. Gustu horren erakusle da diskoan egin duten moldaketa bakarra, The Yardbirds-ek 65ean ezagun egin zuen Gouldman-en kanta mitikoa, Heart full of soul. "Hamar bat urte nituela asko maite dudan lehengusu batek Guns&Rosesen disko bat erakutsi zidan, orduan momenturik onenetako batean zegoen taldea eta niri izugarri eragin zidan. Garai hartan Use your illusion diskoa erosi nuen eta shock bat izan zen niretzat. Ez musika aldetik bakarrik, Dragoi Bola ikustera ohitua dagoen mutiko batentzat diskoa zabaldu eta kalaberak eta neskak titi bistan ikustea izugarria zen", diosku taldeko abeslariak, Mikel Larratxek. Eragin hauekin eta rocka bizi duten moduan erreparatuz, taldearen kontzertuak ikusteko modukoak izango dira eta lerro hauek idazten diharduenak ikusi ez baditu ere, badu taula gainean duten jarreraren berri.
Iluntze berri baten bila
Iluntze berri baten bila estreinako lan honetan hainbat kolaborazio izan dituzte. Surfin´ Kaoseko Koldo Soretek, Morau-ren taldean gitarra jole gisa dabilen Beñardo Goietxek eta Pettik Bera rock city kantan abestu dute eta Joxeviskyk koroak sartu ditu Berriz galdetuko diat (are you ready?) eta Ipurdi bustiak kantetan.
Taldeko abeslariak egina, diskoaren azalari Thin Lizzyren Jailbreak albumaren tankera hartzen diogu, 70eko hamarkadako ukitua duena eta oso rockeroa. "Beti gustatu izan zait komikiaren mundua. Dena guk egitea gustuko dugu, diseinua nik egin dut eta bideoklipak nire anaiak egin ditu, web orria ere guk egin dugu, kartelak...", diosku Larratxek.
Ameba Vs. Sexty Sexers
Boskote beratarra 2001ean elkartu zen lehenengoz. Herri txikia bada ere, musika giro aberatsa du Nafarroako herrixka honek. Eta taldearen hastapenetan, besteak beste, Beñardo Goietxe eta Joseba Irazoki bezalako musikarien bultzada izan zuten. Berehala Aduanako lokaletan hasi ziren entsaiatzen. Urte batera taldeak Ameba izena hartu eta kontzertuak emateari ekin zion. Beraien lehen grabaketa 2004ko udan egin zuten. Beran bertan Maikel teknikari zutela grabatu zuten beraien estreinako maketa: Zauri gaziak eta amets hezeak (autoekoitzia). Boskoteak lehen semea besapean zuela kontzertuak eskaintzeko aukerak areagotu ziren eta urte hartan makina bat emanaldi eskaini zituzten. Ameba bezala, adibidez, Misfits taldearekin jo zuten. Diskoa baino hilabete batzuk lehenago izenez aldatu zuten eta Sexty Sexers izenez bataiatu ziren. Euskal Herriko beste hainbat talderekin batera Gure Irratia. Zure Rokanrrola diskoan parte hartu zuten eta Gluecifer talde ezagunaren aurretik jotzeko parada ere izan dute.