Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2047. alea
2006-07-02
alde 0    kontra 0

ETAren hautsa

Joseba Zulaika

Alberdania

150 orrialde 13,50 euro

Meniaren ondoren, erantzukizuna

Kultura Antropologian doktore eta Renoko Center for Basque Studieseko zuzendari izana den Joseba Zulaikak ETAren meniaren inguruan guztiok daukagun erantzukizuna gogoratzen digu ETAren hautsa liburuan. Egilearen iritziz, askatasunak behartu zuen ETAren hasiera, eta askatasunak behartu du erakundearen amaieratzat jotzen duen su-etena ere. Orain politikaren ordua da, besarkada historikorako ordua. Hemendik aurrera, ETAren ekintza erabakigarrienak ez eginikoak izango omen dira, eta galdutakoen memoria erredimitzeko modu bakarra, euskal berpizkunde berri bat dela dio Joseba Zulaikak: Errazena litzateke ETA «terrorismoa» besterik ez dela izan esatea, gurekin zerikusirik ez duela, eta kito. Baina hasieratik eta gaur arte ETA gurea izan da.

Hizkuntza: Berbetaren azterketarako sarrera

Edward Sapir

Gaiak

260 orrialde

Hizkuntzaren espazioan eta denboran nola aldatzen den

Edward Sapirek 1921ean plazaratu zuen lan honen helburu nagusia da hizkuntzaren izatea berak nola bururatzen zuen, espazioan eta denboran nola aldatzen den eta hizkuntzak beste giza interes funtsezko batzuekin dituen erlazioak zein diren -hau da, pentsamenduaren arazoarekin, eboluzio historikoaren izaerarekin, arraza eta kulturarekin, artearekin edota literaturarekin- agertzea. Hizkuntzalari honentzat, hizkuntza gizakiei soilik dagokien metodo ez-senezko bat da, ideiak, emozioak eta desirak komunikatzeko nahita sorturiko sinboloen sistema bat. Eta ez da ezagutzen herririk, hizkuntza erabat garaturik ez duenik. Bestalde, ez dago nahitaezko korrelaziorik hizkuntzaren, arrazaren eta kulturaren artean.

Sentitu

Pello Jauregi,

Asier Huegun

Utriusque Vasconiae

228 orrialde 19,50 euro

Pedagogia sentitzetik abiatuta

Pello Jauregi eta Asier Huegunen artean osatutako saio honetan agertzen dena sentipenean oinarritutako pedagogia da. Egileek gorputz sentsazioak ikasbide bezala baliatu nahi izan dituzte, hezitzaileek beren jarduera hobetu dezaten eta harremanetarako trebetasunak ikas ditzaten. Jauregi eta Huegun oharturik zeuden egungo hezkuntza giroetan -Lehen Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitateraino- nagusi den paradigmaz, eta hari aurre egin nahi izan diote. Paradigma hori, hezkuntza sisteman dagoen informazio uholdea omen da. Gero, gogoeta ei dator. Eta azkenik, sentitzea. Beraien ikuspegi pedagogikoak, ordea, irauli egiten du balio hierarkia hori, sentitzetik bertatik abiatzen delako. Gorputza eta hari lotutako sentsazio fisikoak dituzte lan tresna hezitzaileen trebetasunak lantzeko garaian.

Euskal Herria

Batzuen artean

Sua

130 orrialde 5,15 euro

Naturaz gozatzeko kirolak

Euskal Herria aldizkariaren 22. zenbakian naturan egiten diren hainbat kirol gogoratu dituzte, hala nola parapentea, eskalada, zaldiz ibiltzea, mendian barrena bizikletaz joatea, haitzarteko hutsunetatik sokaren laguntzaz igo edo jaistea, urpean igeri egitea, ibaietako ur biziekin jolastea, itsas uhinen eta haizearen indarrarekin nabigatzea... Bestalde, iraganera begirada itzuli eta 1900 urte inguruko Bilbon egiten zen kirola azaldu dute. Horrez gain, udaberria hastearekin batera gure mendi eta haranetan bat-batean sortzen diren nartziso lore lurrintsuen edertasuna agertzen da aldizkariaren orrietan. Bellocen, Lazkaon, Ziortzan, Leiren eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan dauden monasterioetako bizitzaren berri izateko aukera ere badugu. Eta Gasteiz-Donostia ibilbidea mendiz egiteko gogoa duenak, irudimenarekin bada ere, egitea du.

Ibaiak nahi duen tokiraino

Mikel Taberna

Pamiela

88 orrialde 8,50 euro

Jabeek abandonatzen zuten txakurra

Mikel Tabernak haurrentzat idatzitako lehen liburuko protagonista nagusia da Txato. Mariorekin bizi da, aurretik zituen jabeek oilo baten truke abandonatu zutelako. Hori gogoratzen duen bakoitzean, sutan jartzen da txakurra, nahiz eta ez duen ukatzen oiloa bikaina zegoela, saltsan, patata eta piper gorriekin -berari ere eman omen zioten zatitxo bat-. Gero, agur esan, eta han joan ziren besteak, Txato Mariorekin utzirik. Gizon hau ez da oso txakurzalea, baina ondo konpontzen dira biak. Halako batean jabe berriak bere etxea utzi egin behar duenean, berarekin eramango du txakurra. Eta leku eta jende berriak ezagutuko dituzte. Mariok Txato abandonatzen duen arte.

Eseté

Batzuen artean

Amasté

130 or. / 5 euro

Hemezortzi urtetik beherakoek egindako aldizkaria

Nerabezaroari buruzko zenbakia da Eseté-ren 18.a, Ia 18. Casi tengo 18 izenburua daramana. Proiektuaren helburua nerabeei hitza ematea zenez -konplexurik gabe, hiritar aktibo bezala inguruan bizi dutena agertzeko-, aldizkaria egin eta landu duten kolaboratzaile guztiak 18 urte betetzear dituzten gazteak dira. Mamia, berriz, ugaria da: Marta eta Zaidaren egunerokoa, zenbait parte hartzailek bizi diren lekuaz egindako deskribapen umoretsua, Betiko Arazoa. Non egin? sexu harremanei buruzko komikia eta beste asko.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2046
 
azala2045

2047 zenbakia.
2006ko uztailaren 02a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia