Astekaria

 Kultura 

Josu Penades: «Pedantekeria onartzen bazait, nire Etxea nobela polifonikoa da»

Irudia

Pilar Iparragirre


2047. alea
2006-07-02
alde 0    kontra 0

Zerk ematen dio nortasuna Etxeari?

Nobela honetan pertsonaiak dira ardatz. Izan ere, egoera berberaren aurrean pertsonaia bakoitzak zer sentitzen, zer pentsatzen, zer ikusten duen islatzen saiatu naiz. Asier, adibidez, eskizofrenikoa da eta fisika eta arkitektura ikasketak hasi zituen, nahiz eta biak bertan behera utzi; ama matematikaria du eta aitak, argi azaltzen ez den arren, filosofian eta artean zerbait dakiela garbi ikusten da. Eta pedantekeria onartzen bazait, nire Etxea nobela polifonikoa da. Lan hau literatura ulertzeko modu baten emaitza ere bada, edo behintzat hori da nik nahi izan dudana.

Gehixeago argitu al zenazake hori?

Nik uste dut nire nobelako pertsonaiek egiten dutena guztiok egiten dugula, alegia, ikasi ditugun munduen erreferentziak erabiltzen ditugula geure errealitatea formulatzeko. 50-60ko hamarkadetatik aurrera, gehientsuenok karreraren bat ikasteko aukera izan dugu, eta, azken batean, zertarako ikasi ditugu karrerak? Adituak izateko soilik? Nire ustez jakintza interesgarria da, geure alorrean sakontzeko eta gizakiaren errealitateaz pentsatzeko, hausnartzeko, bakoitzari dagokigun neurrian.

Zein da nobelan egin duzun ahaleginik handiena?

Saiatu naiz pertsonaia bakoitzaren gizaera garatzen alor pertsonalean, pertsona artekoan eta sozialean. Esate baterako, galdetu dut, geu gara, ala geure itzala? Hau ez da lan filosofikoa, baina literaturaren bidez neure burua argitzen ere ahalegindu naiz. Eta saiatu naiz iradokitzen ere guk geuk gure identitatea eraikitzerakoan dugun gizartearen eragina.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *

Etxea

Josu Penades

Alberdania

158 orrialde

Penadesen Etxea nobelako galtzaileen galeria

Etxe baten salmentan parte hartzen duten guztien adierazpenak eta barne gogoetak islatu ditu Josu Penades bermeotarrak Etxea-n, bere aurreneko eleberrian. Saltzaileen aldetik, etxearen jabea dago, ordura arte bere habia izandako lekua uzteko batere gogorik ez duen emakumea, beti Afrika aldean dabilkion senar antropologoarekin duen harremana hausteko gogoak azaltzen; eta etxe hori lehenbailehen eskuz aldatzea lortuz gero izango dituen irabaziekin Greziara oporretan joatea besterik nahiko ez lukeen saltzailea. Balizko erosleen aldetik, berriz, bere seme eskizofrenikoari baretasuna eskainiko dion txoko baten bila ari den ama, bere buruari etengabe galdetzen diona gaixotasun horrekin jaiotako semearen susmo txarrak uxatzeko beraien bizitzatik aldendu zen senarrak noiz izango ote duen haiengana itzultzerik; eta pertsonaia nagusia, Asier, egun horretan bertan bere buruaz beste egiteko asmoa duen gazte bestenaz erabat isila. Eskizofrenikoa den arren, ondotxo daki aitak beragatik utzi zuela etxea, eta hauxe esan nahiko lioke amari: Ama, zuk beste zerbait merezi duzu. (...) Bihar, leihoaren beste aldera joan nadinean, aita itzuli ahal izango da zure ondora eta bestelakoak izango dituzue gauetako solasaldiak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2046
 
azala2045

2047 zenbakia.
2006ko uztailaren 02a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia