Behin batean, orain gogoratzen ez dudanen batek galdetu zidan ea zer iruditzen zitzaidan kontagintzaren langintzan gauzarik zailena. Erantzun nion ezen niretzat zailena pertsonaia eta elkarrizketa sinesgarriak taxutzea zela. Badakit metaforak ez direla politikaz ari garenean oso fidagarriak izaten -ongi asmatu didate nire ttakunkideek herrena-, baina barkatuko didate metaforarako nire zaletasun hau, elkarrizketa delarik egun hauetako gaia. Izan ere, beste gauza askotan ez, baina gerra-bake kontu hauetan Napoleoni egiten diot kasu. Dakienari galdetu behar omen zaio, eta korsikarrak ongi erakutsi zuen politikaren luzapena omen den arte horri buruzko jakintzan zezakeena. Zer zioen, bada, Napoleonek? Gerran, maitasunean bezala, gatazkarekin bukatu nahi bada, aurkaria gertutik ikustea nahitaezkoa dela. Eta nago, gaur-gaurkoz, ezker-eskuin begiratuta, ez ote zaion Interneten bidez bukaera eman nahi gure arteko gatazkari.
* * *
Ikaragarria da zer ipuin gosea dagoen gure iraganari buruz. Daukagunarekin nahikoa ez bagenu bezala da. Idazten ari naizen une honetan irakurri berri dut zuhurtziaz jokatu behar dugula Iruña-Veleian aurkitu omen dituzten idazkiekin edo idazki-zatiekin. Ez dezagun ausarkeriaz jokatu, esaten zaigu. Zuhurtziaz bada ere, ametsa edo aieruz aritzea behintzat zilegi bekit, ni ere ipuinzaletu naiz eta. Esan dezadan beldurrik gabe gure arbasoetatik guregana zetorren lokarrian bazegoela beste zerbait mendez mende heldu zaiguna hizkuntza ez ezik: "Jan", "edan" eta "Jainko" omen dira, besteak beste, agertu diren hitz batzuk. Lehen bietan ez gara askorik atzeratu hainbeste mendetan, gustura hartuko dute berria euskal sukaldariek. Hirugarrena, berriz, atzenduxe zaigula ez da belaunaldi bat ere. Cela carpetovetonikoak esaten baitzuen hizkuntza atzeratua zela euskara, Jainkoa izendatzeko hitz zaharrik ez zuelako, zer esango ote zukeen orain ikusirik Euskal Herrian III. mendean, dagoeneko, "jainko" hitza zizelkaturik agertu zaigula?
* * *
Iragana utzia baitugu adituentzat, zilegi bekigu aierurik gabe aritzea orainaz. Elkarrizketa sinesgarria behar dugu, eta elkarrizketa sinesgarria izateko aurreneko legea, Napoleoni sinestera, elkar bertatik bertara ikustea da, eta, bigarrena, ez diskurtsoka aritzea. Diskurtsoak ongi daude lehendik bat datozenentzat. Urdin izar dago.
![]() |
|
||||
2046 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa