Egungo emakume bizkaitarrek euren arbasoek adina adore eta energia daukate (...) euren larruazal fresko eta gorriak indarra eta sendotasuna adierazten du; gizonen pare lan egiten dute larreetan, eta itsas portuetan gizonak baino arduratsuago ibiltzen dira zama astunenak garraiatzeko orduan". (Alexandre de Laborde, 1773-1842).
Ahotsa/k
ETAren su-etenaren aldarria emakume ahotsez geratuko da historiarako. Mendeku moduko bat sentitu nuen horretan. Yoyesen ahotsa gogoan. Pentsamenduan, behin eta berriro datorkidan susmoa: emakume izateak zenbateraino eragin zuen bere hilketan. Ez zegoen eskolako patioko borroketan hezia. Jomuga erraza zen.
"Eurak (ETAkoak) izan ziren gure artean eduki behar direnak zeuzkatenak; besteok kastrazio sinbolikoa onartu genuen". Joseba Zulaikak Berrian idatzia apirilaren 2an. Antropologoaren arrazonamendutik zintzilik geratu naiz: zer kastrazio klase ote zen kinka horretan emakumezkooi zegokiguna? Dakidana da isilik egotearekin edo, ezer esatekotan amen esatearekin, liskar askotatik libratu izan garela. Gurea marmarra eta itzala izan dira, metro koadratuko bakearen truke.
Zorionez emakume ahotsak zabaldu du aldi berria. Eta etorri da sokan Ahotsak, hitzari emakume doinua ezarri dion taldea. Enbaxadoretzan bikain dabiltza, tantoak irabazten. Susmoa daukat batek baino gehiagok marketing operazio hutsa ikusiko duela mugimendu horretan guztian. Gustura entzungo nituzke emakume horien alderdikide zenbaiten pentsamenduak, autosufizientziari jelosia tanta batzuk isurita egosten diren horietakoak. Lasai, denbora kontua besterik ez da emakumeen kidetasuna liseritzea. Ondo bidean Ahotsak taldea ezkutatu egingo da bere helburuak erdiesten dituenean, baina ordurako mugarri bat jarrita utziko du herriko plazan.
Ezki usain sarkorra ekain betea dela iragarriz, laino beltzak estaltzen du bat-batean eguzkia ekainaren 30ean. "Eta egun guztian horrela lanean jardun ostean, gauean neke izpirik agertu ez eta danbolinaren soinuan dantzatzen dira". Hala borobildu zuen Alexandre de Labordek euskal emakumeen erretratua. Estrabonek berriz, Kristo aurreko lehen mendean: "Emakumeek ere dantzan egiten dute gizonekin batera elkarri eskutik helduta". Nork eteten du historiaren soka Alardean?
![]() |
|
||||
2046 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa