Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-25 -- 2046.zenb

Industira, multinazionalen mehatxupean

Daniel Udalaitz


Azken asteotan, Euskal Herria multinazionalen xantaiaren eta mehatxu lotsagarrien lekuko izan da, munduko beste hainbat lekutan bezala, enpresek produkzioaren deslokalizazioa kostuak txikitzeko eta etekinak handitzeko tresna bihurtu baitute. Gure herrialdeko bi adibide paradigmatiko automobilgintzaren sektoreko bi multinazional alemaniar dira: Iruņean eta Gasteizen kokatutako Volkswagen (VW) eta Mercedes Benz (MB). Ez dira lehenak eta ez dira azkenak izango. Urtea amaitu aurretik kasu berriak ager daitezke. Fenomenoak kalte handiak eta latzak eragin ditzake bai sektoreko langileentzat, bai inguruko industria laguntzaileentzat, eta automobilgintzaren kasuan enpresa txiki eta ertain asko kaltetu ditzake Euskal Herrian.

Ezin ahantz dezakegu gure lurraldean multinazionalek pisu handia dutela. Lapurdi kasu adierazgarria da, enpresa lapurtar gehienak kanpoko enpresen esku daudelako. Era berean, Nafarroako manufakturazio industriaren gehiengoa atzerriko multinazionalen mende dago. Bestela, gainerako lurralde euskaldunetan zenbait multinazionalen presentzia sumatzen den arren, kanpoko eragina ez da hain nabarmena, nahiz eta zenbait eremutan oso indartsua den.


Wolkswagen Iruņean eta Mercedes Gasteizen

VW eta MB enpresek urteak daramatzate manufakturazioaren arloko talde multinazionaletako sindikatuak estutzen. Horren helburua zazpi urtetan gastuak %30 jaistea da, eta horretarako, prest daude produkzioen deslokalizazioaren mehatxua astintzeko. Lantegiak Europa ekialdera edo Hego Afrikara eramango dituztela zabaltzen dute. Gauza bere egin zuten Alemanian bertan, egoitza nagusia herrialde horretan izanagatik. Eta orain politika hori Euskal Herriko instalazioetara iritsi da. 8.500 langile euskaldun dituzten bi multinazionalek 6.035 milioi euro fakturatu zituzten iaz Euskal Herrian.

VW multinazionalaren kasuan, 2006ko lehen hiruhilabetekoan 327 milioi euro irabazi ditu eta horrek esan nahi du iazko irabaziak laukoiztu egin dituela. Fakturazioa %21,4 handiagoa izan zen, partzuergoko salmentek 25.337 milioi eurora igo baitzuten. Aitzitik, multinazionalak kostuak txikitzeko planarekin jarraitzen du eta Landabeneko instalazioen kasuan, dagoeneko iragarri du Nafarroan egiten den Polo produkzioaren herena Eslovakiara eramateko asmoa duela. Horrek izugarri murriztuko luke bertako langileria. Edozein kasutan, multinazional alemaniarrak oraindik ez du planik zehaztu. Guztia lan-hitzarmenaren negoziazioak erabakiko du, duela urte bete hasi zen arren.

MB multinazionalari dagokionez, enpresako buruek 500 milioi euroko murrizketa lortu nahi dute kostuetan. Testuinguru berean mehatxatu zituzten Alemaniako egoitza nagusiko langileak: prest azaldu ziren Mercedeseko modelo berrien produkzioa (Mercedes C klasea) beste bi lantegitara eramateko, bata Alemaniako beste zonalde batean, bestea Hego Afrikan. MBk datozen urteetan Gasteizko pertsonalean 700 langileko murrizketa egiteko aukeraren berri eman du. Multinazionalak, aldiz, irabazi nabarmenak izan ditu azken urteetan Gasteizko lantegian. 2002. urtean 28 milioi euro izan ziren kasik, eta 2004an 58 milioi baino gehiago. Aurreko kasuan bezala, MBko langileriaren murrizketa lan-hitzarmenaren negoziazioarekin lotuta egon daiteke. Zorionez, oraingoz behintzat ez da deslokalizazioaz hitz egin. Halere, kostuak murrizteko erasoaren emaitzak zein diren jakin arte ezingo da ziurtatu bigarren erasoaldiak produkzioaren zati baten deslokalizazioa ekarriko ez duenik.


Euskal Herriko industria laguntzailea arriskuan

Enpresen deslokalizazio prozesu orok edozein sektoretako multinazionalen industria laguntzailea arriskuan jartzen du. Aztergai dugun sektorea automobilgintzarena izanik, segidan VW eta MB enpresek Nafarroan eta Araban hartzen dituzten erabakiek automozioaren industria laguntzailean izan ditzakeen ondorioak zerrendatuko ditugu. Izan ere, VW eta MB multinazionalek Iruņean eta Gasteizen abian jarritako planek sorrarazi duten egoerak ez ditu soilik bi multinazionaletako langileak kaltetuko, automozioaren arloko industria euskalduneko langileek eta merkatuak ere multinazional alemaniarren eragina nabarituko baitute.

Multinazional bien etorkizunak euskal automozioaren industria laguntzailearen etorkizuna baldintzatuko du. Bi enpresen erabakiek ondorio zuzenak dauzkate ibilgailuen osagaien sektorean -hori da automozioaren industria laguntzailea- eta egun Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 325 enpresek lan egiten dute sektore horretan. Sektoreak 9.200 milioi euro fakturatzen ditu urtero eta 48.000 langile dauzka. Hain zuzen, 3.200 lanpostu galdu ditu azken hiru urteetan euskal lantegietan.

Automozioaren sektoreko negozio globalak 30.000 milioi euro inguru mugitu zituen 2005. urtean Espainiako Estatuan. Ia erdia euskal enpresen meritua da, 15.325 milioi euro baino gehiago kudeatu baitzuten 56.000 langileri esker. Zifra globalari, automozioaren industria laguntzailearen datuak gehitzeaz gain, aipatutako bi multinazional alemaniarrenak batu behar zaizkio, iaz 6.035 milioi euro fakturatu baitzituzten 8.500 langilerekin.

Price Waterhouse Coopers aholkularitza multinazionalak automozioaren sektoreko joera globalei buruz egindako txosten baten arabera, munduko ibilgailuen produkzioa 60 milioietatik 65 milioietara igoko da 2010ean. Multinazionalek Asiako hego-ekialdera, batez ere Txinara, eta Europako ekialdera jotzeko erabakiak lotura zuzena dauka eremu horietako automobil-salmentarekin, %14 eta %41 bitarteko hazkundea izatea espero baita. Egoera horrek konnotazio oso serioak dauzka etorkizun hurbilari begira, mundu osoko ibilgailuentzako osagaien hornitzaileen arteko fusioak eta erosketak ugaritu daitezkeelako. Aipatutako aholkularitza enpresak dioenez, 2010erako gaur egun lehen mailan dabiltzan 1.000 enpresa hornitzaileak 20 edo 30 baino ez dira izango. Bigarren mailako hornitzaileak -eta talde horretan kokatzen dira Euskal Herriko osagai-horniketan dabiltzan enpresa gehienak- 800 baino ez dira izango, gaur egun 10.000 diren arren. Ezin ahantz dezakegu lantegian egindako ibilgailuaren %65 eta %75 ekipamendu enpresetatik eta ibilgailuentzako osagaien enpresetatik datorrela. Euskal Herriko automozioaren sektorearen etorkizuna, beraz, ez dago batere argi.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan