Jakoba Errekondo
Udaberriaren erdirako udako beroan sartuak ginen. Aurtengoan ere ez dugu berehalakoan paseaā Landare batzuk bero hauek iritsi baino lehenago urteko lanak eginda izatea gustuko dute, gereziondoa kasu: loratzen aurrenetakoa da eta ekainaren erdia alderako, udako solstiziorako, fruituak mokoera eta eskuera jarriz urteko lan gehienak burutuak ditu.
Aldiz, eguna moztu eta gaua luzatzen hasten den garai modutsu hau hautatua du gaztainondoak bere urteko ugaltze-lanei hasiera emateko. Amorratua zer da, berozalea! Dagoeneko zuhaitz gehienek lorealdiaren estresa ahaztua eta ondobidean fruituranzkoan dira. Gaztainondoa ez. Udaren eztandarekin batera hosto berri berrien soinekoaren gainean kalpar laru mardula askatzen du harro. Ederki asko nabarmenduko da urrutira gainontzeko zuhaitzen berdeen artean. Kalparra arra beteko loretzar arrak dira, saltoan bata azpikoaren gainera jausiz burutik lurrerainokoa osatuz. Azpian, arren harroaz lotsa, daude emeak, arrei beroarena kendu eta isil isilik udararena berea egin eta ederki kostata udazkenerako fruituak trikutuko dituztenak.
Gaztainondoa landare kolonizatzailea da. Gaztainondoa eta gereziondoa bera, muxika, aranondoa, intxaurrondoa, abrikotondoaā erromatarrek ekarriak omen dira. Ekialderagoko kulturetatik hartu eta zabaldu zituzten, nor den inperio guztien legez, luberrietan berea ezartzeko. Uztak biltzeko saski, otar, otzara, zesto, lepotar, kopotar, zare, barrikoteen eta barriken uztaiakā egin dira gaztainondoaren zuraz eta behingoz kanpo librean eraikuntzak, itxiturak eta abar egiteko egur on bat topatu zuten, busti-lehorrean gaztainondoak adina irauten duen egurrik ez baita ezagutu sasi-akazia amerikarraren inbasioa arte.
Jai eta ospakizun sasoi honetan, gaztainondoaren kalparrari begiratu eta oraindik geure artean ditugun erromatarren lana antzeman; gero segi solstizio olgetan.
Jabier Agirre
Artrosia kartilagoaren degenerazioaren ondorioz sortzen da, eta giltzaduren zahartzaroarekin, eta, beraz, adinarekin dago lotua. Traumatismoen edo giltzaduren sortzetiko arazoengatik gazteengan ere ager daitekeen arren, normalean 40-45 urtetik aurrera hasten da. Eta artrosirik usuena belaunetako eta eskuetako giltzaduretakoa izaten da. Emakumeen artrosia eragiten duten arrazoien artean, takoi oso altua duten zapaten erabilera aipatu behar da: gisa horretako zapatekin oinaren mekanikak ez du behar bezala funtzionatzen, eta oinaz gain, orpoa, belauna eta baita aldaka ere erasan daitezke.
Lehen esan bezala artrosia zahartzaroarekin lotzen da. Baina horrez gain emakumearen faktore hormonalek, eta zehatzago esateko, menopausia osteko estrogenoen beherakadak, arrisku-faktore erantsia dira emakumeentzat, gizonezkoen aldean. Dena den, giltzadurak gaizki erabiltzen dituztenek edo gehiegi behartzen dituztenek ere (korrikalari profesionalek, futbolariek eta abar) artrosia izateko arrisku gehiago dute.
Artrosiaren sintoma nagusia mina da. Aurrera egin ahala, giltzadurak zurruntasuna izaten du, mugimenduak mugatu egiten dira -giltzadura "berotzen" denean, mugimenduak errazago egiten dira-. Azkeneko faseetan, mina atsedenean ere ager daiteke, baita gauez ere. Eta horrek guztiak ezintasun handia ekartzen dio gaixoari, bere bizi-kalitatea nabarmen hondatuz.
Arrisku-faktore batzuen gain (adina edo emakume izatearen gain, esaterako) ezer ezin egin daitekeen arren, badira neurri prebentibo batzuk, ezagutu eta bete beharrekoak: obesitatea saihestea, adibidez, giltzaduretan gainkarga eragiten baita. Jan-neurriak orekatua izan behar du, eta gantz gehiegi gabe. Ariketa ere funtsezkoa da: egunero 20-30 minutu ibiltzea, bizikleta edo igeriketa, muskuluak indartzeko, eta giltzadura sendotzeko.
Botika batzuek sintomak arintzen dituzte -analgesikoak minarentzat, anti-inflamatorioak eta kortikoideak hanturaren kontra-, eta beste batzuek berriz, giltzaduraren egituraren gain jokatzen dute, artrosiak dakartzan aldaketa degeneratiboen progresioa gerarazteko.
Joxerra Aizpurua
Australia, krokodiloen jatorrizko lurra?
Krokodiloen aitzindaririk hurbilenak, hala nola aligatoreak eta kaimanak, Hego Hemisferioan existitu zen Gondwana deitu kontinentean sortu eta bizi izan zirela uste dute ikerlari batzuk.
Steven Salisbury-k zuzendutako ikerlari talde australiar batek Australiako Quesland-en egungo krokodiloekin antzekotasun asko duen 95 milioi urteko espeziea topatu dute. Isisfordia duncani deitu krokodiloak metro bateko luzera zuen eta hiruzpalau kilo pisatzen zituen.
Espezie hau krokodiloen eboluzioan erabakigarria izan zela uste da. Lehen narrasti krokodiloformeak orain 200 milioi urte azaldu ziren eta oraingo krokodiloak ia 80 milioi urte sortu ziren; beraz, Isisfordia duncani espeziea aurreko eta oraingoen artean kokatzen da.
Orain arte aurkitutako krokodilorik zaharrenak Ipar Hemisferioan topatu izan dira, eta horregatik ziurtzat ematen zen jatorria Ipar Hemisferioan izango zela, baina aurkikuntza honek historia berridaztea ekar dezake.
Euskal Herriko klima aldatzen ari ote da?
2006ko ekainaren lehen hamabostaldian eguraldi bero eta lehorra izan dugu ia gau eta egunez. Hau dela eta, berehala azaldu dira klima aldatzen ari dela adierazten duten iruzkinak. Hau gutxi balitz, tenporetan sinesten dutenek ere datorren uda lehorra izango dela adierazten hasi dira.
Zientifikoki klima aldatzen ari den esateko denbora epe zabalak hartu behar dira. Baina horrez gain Euskal Herriko klimaz baino Euskal Herrietako klimez hitz egin behar dugula kontutan hartu behar dugu, ez baita berdina Gasteiz, Tutera, Hondarribia edo Mauleko klimatologia; are gehiago, esan beharra dago desberdintasun handiak daudela beraien artean.
Lerro hauetan aldaketak gertatzen ari direnaren baieztapenaren inguruko dudak planteatu nahi ditugu, baina ez dugu esaten aldaketak gertatzen ari ez direnik. Gainera, zoritxarrez, klima-aldaketa ona izan daiteke eremu batzuentzat eta txarra besteentzat eta hau Euskal Herrian gerta badaiteke, zer esanik ez mundu mailan.
Gure aholkua, esanetan zuhur, eta ekintzetan sutsu -ditugun baliabideen eta sortzen ditugun hondakinak administratuz- izatea da. Energia aurreztu, birziklapena bultzatu, zabor-maila gutxitu eta... Hego Euskal Herrian oso ohitura txarra dugun uraren kontsumoaren inguruko jokaera aldatu.