Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-25 -- 2046.zenb

Katixa Garate


Lehen Euskal Herri osoko eskolartekoa

Ekainaren 24an Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa mugarri izango da bertsolaritzaren hedapenean. Izan ere, Zuberoaren parte-hartzeari esker, lehen aldiz Euskal Herriko herrialde denek izango dute ordezkaritza. Txikien mailako saioa 11:00etan hasiko da, eta 13:00 aldera sariak banatu eta elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute inguratutako denek. 16:00etatik aurrera jokatuko da handien mailako saioa. Haurrekin egindako lanetik etorkizun hurbilean herrialde denetako bertsolari helduak plazaz plaza entzun ahal izan ditzagula!


Musikaire Elorrion bederatzigarrenez

egitarau zabala apailatu dute Elorrion datozen asteetarako. Bederatzigarren urtea du Musikaire kultur jaialdiak eta aurtengo egitaraua ohi baino mardulagoa izango da, Elorriok 650 urte bete dituela ospatzeko. Dantza garaikidea, pop nahiz folk musika eta kale antzerkia izango dira. Uztailaren 28a bitarte, ekitaldi andana izango da asteburu oro Elorrioko eliza, jauregi eta plazatan. Besteak beste, Lila Downs kantari mexikar-amerikarraren, The Clientele Londresko pop taldearen eta Benito Lertxundiren kontzertuak, La Barraca de Colon (Espainia), Los Zarabela (Argentina) eta La Galera Encantada (Argentina) antzerki taldeen emanaldiak eta Cesc Gelabert dantza konpainiaren saioa.


Sobietar Batasuna zuri-beltzean

Argazkigintza sobietarra izeneko erakusketa paratu dute Zarauzko Photomuseumen. Mark Markov-Greenberg, Aleksandr Rodtxenko, Lev Borodulin eta beste askoren 100 argazki inguru bildu dituzte, eta horien bitartez 1920tik 1960a arteko bidaia egiten da, Iraultza ondorengo errealismo sozialistaren hastapenak, II. Mundu Gerraren gordintasuna eta Gerra Hotzaren garaia irudietan laburbilduz. Photomuseumeko areto nagusian ikus daiteke erakusketa uztailaren 2a arte.


Antzerkia kalean Donostian

Uda hastearekin, kale antzerkiaren sasoia hasi ohi da Donostian azken urteetan. Aurten ere hitzorduari eutsiko diote. Irailaren 17a arte hamahiru konpainiak 15 ikuskari eskainiko dituzte Donostiako auzoetako plazetan, bertako kultur etxeen ekimenez. Besteak beste, Euskal Herriko Trapu Zaharra, Azulkillas eta Markeliñe, Txileko La Gran Reineta eta Armeniako Jashgawronsky Brothers taldeek egingo dute antzerkia kalean. Abuztuan ez da emanaldirik izango eta uztailean Antzerki Azokaren baitan kale ikuskizun gehiago izango da.


Zoroen ontzia

Stultifera Navisak hirietara ondo egokitzen ez ziren zoroak hiritik aldentzen zituzten itsasontziak ziren. Dirudienez, zoroek hiritik hirira bidaiatzen zuten ontzietan, harik eta ospitaleak sortu ziren arte. Gaixotasun mentalak historian zehar bidaia luzea egin du eta horixe jaso du Bilboko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak Stultifera Navis. Bidaia irudikorra gaixotasun mentalaren historian zehar erakusketan. Ekainaren 30a arte dago ikusgai Leioako Campuseko Liburutegi Zentralean.


Danbaka.com Debagoienan

Bailaran dauden musika talde anitzen eta horien inguruan sortzen diren ekimen guztien berri emateko asmoz, www.danbaka.com webgunea sortu du Goiena Komunikazio Zerbitzuak kooperatibak. Bertan, izen bereko musika lehiaketaz eta oro har musikaz informazioa emateaz gain, nahi duten musika taldeek bloga ireki ahal izango dute. Blogean taldeek argazkiak, abestiak mp3 formatuan eta bideoak kargatu ahal izango dituzte. Dagoeneko, Radio Wings, Golpe de Estado, Muted eta Potemkin taldeek bloga zabaldu dute, besteak beste.


Maskarada antzerki taldeak Picasso 1937, historia del Guernica antzezlana estreinatuko du ekainaren 24an Miamin (AEB). Egile askoren testuak ditu oinarri (Federico García Lorca, Antonio Machado, Miguel Hernández...) Karlos Panerak zuzendutako lanak. Iñaki Urrutiak, Josune Carracerok, Gorka Mínguezek, Alfonso Díezek eta Imanol Rodríguezek jokatuko dituzte rol nagusiak.

Yakuzi Bizkaiko musika taldea nagusitu da Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan. Post rock estiloa jorratzen duen taldeak, halaber, Estatuko bandarik onenaren saria jaso du. Hala, diskoa grabatu ahal izango du eta 6.000 euro eskuratuko ditu.

Ruben Sanchezek Araba, bertso histori ezberdin bat liburua argitaratu du Arabera argitaletxearekin. Arabako bertsolaritzaren ibilbideari errepasoa egin dio, hainbat kontakizun, iritzi eta testigantza jasoz.

Jose Maria Gonzalezek (Oñati, 1969) Txorixak galduta egozenian euskarazko dokumentala estreinatu du Bilboko Multicines aretoetan. Egungo bizimodu azkarraren kontra, lurrari lotuta, baserrian bizi direnen aldeko aldarria egiten du filmak.


Ainhoa Garmendia sopranoak hauxe esan zion Haberi: «Uste dut, opera gero eta herrikoiago bihurtzen ari dela. Garai batean askoz ere elitistagoa zen gaur egun baino. Antzokietan gero eta gehiago ikusten da jendea bakero eta zapatilekin jantzita, eta hori oso ondo dago. Prezioak ere ez dira hain garestiak, behintzat ez hainbeste Europa mailan».

Julio Arriaga pintoreak adierazpenok egin zizkion Deiari: «Arteak 'mundutxoan' dagoen jendearentzat izaten jarraitzen du. Zinema eta eskultura zabaltzen ari dira, baina pinturarekin ez da hala gertatzen ari».

Mikel Valverde ilustratzailea Zazpikan: «Geroz eta gehiago menderatu ofizioa, libreagoa zara, aukera kreatibo asko irekitzen baitizu».

Ruper Ordorikak Diario de Noticiasi: «Krisialdi baten erdian gaude, eta ganoraz jokatu behar dugu, ongi pentsatuz. Batzutan, minoriak garenok, gure tranpetan erortzen gara. Gutxiengoa izaki, are minoritarioago nahi dugu izan, oso selektoak gure alorrean. Eta gero edozein kolpe hartuta, hondoratu egiten gara. Oso erabaki sendoak hartu behar ditugula uste dut».

hemeroteka

2045. zenbakia | 2006-06-18
2044. zenbakia | 2006-06-11

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan