Nagore Irazustabarrena
Erdi Aroko Errusian hasten da bidaia, edo beste modu batera esanda, ikonoen aroan. XIII. mendetik XVIII.era Bizantziotik xurgatutako ikono erlijiosoak izan baitziren arte errusiarraren oinarria. Hori bai, Andrei Rublev edo Dionisii bezalako ikonogile handiek eredu bizantziarrari euren estiloa eransten asmatu zuten, Aintzira Zuriko San Zirilo Monasterioko ikonostasioari dagozkion panel ederrak lekuko.
Baina arte sekularraren txanda iritsi zen XVIII. mendean, Pedro Handiak, San Petersburgoren bidez, Mendebaldeari ateak ireki eta Eliza Ortodoxoari itxi zizkionean. Bere ezkon-biloba Katalina Handiak, Europako ereduari jarraiki, arte sistema akademikoari eman zion bide. Levitski edo Shubin-en nobleziaren erretratuak edo Alekseiev-en paisaiak azpimarra daitezke garai honetan.
XIX. mende hasieran erretratu erromantikoak eta nekazal eszenak nagusitu ziren Aivazovski edo Kiprenskiren lanetan. Maila eta zabalkunde handia izan zuen urteotan Errusiako arteak, eta sarritan Europako artisten garapenaren aurrekari ere izan ziren. Baina mendeak aurrera egin ahala korronte akademiko ofizialetik alde eginez, Ibiltariak izeneko taldea nagusitu zen. Izenak dioen moduan, artistok erakusketa ibiltariak antolatzen zituzten artea nobleziatik urrundu eta herriari hurbiltzeko. Ilia Repin, Ivan Kramskoi, Isaac Levitan eta gainerako taldekideek gai sozial berriak sartu zituzten artean, baina egia da esperimentazio formalean ez zutela bide luzerik jorratu.
Bildumagileei omen
Haustura formala abangoardiekin etorri zen, eta abangoardiak XX. mendearekin batera. Artistei meriturik ukatu gabe, bildumagileen garrantzia azpimarratzen du erakusketaren bosgarren atalak: Sergei Shchukin eta Ivan Morozov merkatarien bildumetako lan esanguratsoak jasota -Gauguin, Matisse eta Picassoren lanak, esaterako-, bildumagile hauei Mendebaldeko korronte berriak Errusiara ekarri izana aitortzen zaie. Ez da ahaztu behar, aipatutako Katalina Handiak ere lehenago bilduma bikaina osatu zuela bere Ermitagean.
Bildumok eragin handia izan zuten artista errusiarrengan, baina ez euren izaera ezkutatzeraino: korronte berrienen eta errusiar tradizioaren arteko sintesia egitea lortu zuten, errusiar folklore eta literaturatik ateratako gaiak erabiliz, adibidez. Nahasketaren emaitza oso anitza izan zen, Malevichen muturreko abstrakziotik hasi eta hain ezaguna ez den Lentunoven paisaia kubistetaraino. Kubofuturismoa, Suprematismoa, Konstruktibismoa... Muturreko mugimenduen garaia izan zen XX. mendearen hasiera, baina errusiarrek ez zioten inoiz erabat uko egin euren tradizio figuratiboari, are gutxiago 1917ko iraultza sozialistak artea errealitateari begira jarri zuenean.
Propaganda baino gehiago
1934an arte-doktrina ofiziala ezarri zen Sobietar Batasunean eta Errealismo Sozialista bezala ezagutzen den aroa hasi zen horrela. Guggenheimeko erakusketak, puntu honetan, topikoak hautsi nahi ditu. Estilo hau propaganda politiko huts gisa hartu da hainbatetan, baina ikusgai dauden piezek aberastasuna eta talentua erakusten dute. Brodski edo Deineka bezalako artistek, esaterako, komunismoarekiko fideltasuna mantendu zuten euren obran, baina norberaren ikuspegi bereziari uko egin gabe. Korronte ofizialetik kanpo ere, Korzhev edota Kalakov-ek forma eta gai pertsonalak aztertu eta garatu zituzten, Stalin hil ondoren bereziki.
Pilar Iparragirre
Aitor Aranaren
Editoreak jaso du Donostia Hiria Kutxa antzerki-saria aurten. Zenbait euskal editoreen gainean hainbat euskal idazlek duten iritzi eskasa du gai. Are, esan daiteke editore horien aurpegirik okerrena islatzen ahalegindu dela egile txapelduna, jakin, ondotxo dakien arren editore horiek asko min dakizkiokeela, antzezlanean inoren izenik aipatzen ez badu ere. «Beraiek badakite nortzuk diren -dio Aitor Aranak- eta orduan, bada... Baina beste idazle asko mindu gara ere egin zaizkigun gauza desegokiengatik, eman zaigun trataera desegokiarengatik. Jende asko dago minduta: depresioak sortu zaizkiona, delako editoreen bulegotik negarrez edo ia negarrez atera dena... Eta hori guztia saihestu zitekeen, azkeneko hamar-hogei urte hauetan ez zen gertatuko, errespetuzko eta gizalegezko tratamendua izan balitz editore horien aldetik». Eta honetaz eta hartaz jarraitu du mintzatzen.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Arima enkoniatuak deitu dituzu. Arrazoia?
Hiztegian datorren hitza da «enkoniatu», sumindu eta tristatu adierekin. Ipuin hauek bigarren esnahai horrekin lukete lotura, malenkoniaren zentzuan edo. Horrez gain, hitz joko gaiztoagoetarako bidea irekitzen du, noski, baina hor norberaren kontzientziak edo maleziak agintzen du..
Zure azken liburu honen ezaugarri nagusia?
Guztiz lotsarik gabe aritu naizela ipuinok idazten. «Inpudiko» hitza datorkit gogora. Oro har, gorputza nahiz sentimenduak erakusteak sortzen ahal digute herabetasun hori, bigarrenak gehiago lehenak baino. Bada, nire pertsonaiek striptease emozional osoa egiten dute, eta batzuek gorputzarena ere bai. Erregistro aldaketa bat ekarri dit honek, ni izatez aski herabea bainaiz kontu horietarako. Bestalde, pertsonaia emakumezkoak sortzen eta haien barruan sartzen saiatu naiz. Lagun batek aipatu dit, adarra joz, ea nire alderdi femeninoa askatu dudan; ez dakit hala den, baina, dena dela, gustura aritu naiz langintza horretan eta pozik nago emaitzarekin.
Zer alde dute ipuinok Bihotz gosetien kluba-koekin?
Alde batera utzi dut haietan erabilitako tonu jostalaria, han-hemenka umore-ukituak sartzeari uko ezin egin izan diodan arren. Istorio sentimentalak kontatzera jo dut, pertsonen barrenean arakatzera, isiltzen direnak ozenki esatera, eta hor umore doinuak ez zuen hain ondo ematen. Baina, kasualitatez, aurreko liburuan Trip, kartzelako bisitaren ipuin serioa zen salbuespena. Eta hemen ere bada politika-ukitua duen ipuin bat, Hankapalo, eta horixe da ironia eta zinismoa agertzen diren istorio bakarra.
* * * * * * * * * * * * * * * *
Arima
enkoniatuak
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar
206 or. / 15,05 euro
Grinak eskatzen duena betetzerik ez dagoenean
Drama-komedia jokoa erabili du Xabier Mendiguren Elizegik Arima enkoniatuak izenburuko liburuan agertzen diren lau ipuinak idaztekorekoan. Egilearen ustez, zer nahi dugun ondo bageneki, egoera bakoitzaren on-gaitzak neurtu eta erabaki onuragarriena hartuko genuke beti; baina kontraesankorrak garenez, sarritan ez dugu horrelakorik egiten Eta horixe da ipuin horietako protagonisten ezaugarria, beren nahien eta besteen desiren artean igeri dabiltzala, biktima eta borrero aldi berean. Gutun hau, aurreneko kontakizunean, bere ikasle gazteaz maitemintzen den irakasle helduak bizi behar izaten duena agertzen du; Tximeleta ez bezala-n, musika talde baten partaide biren eta beraietako baten neskalagunaren arteako triangelu ezinezkoa; Hankapalo-n, berriz, lagunaren sexu-arrakastak ematen zion inbidiak bultzaturik, bestearen bizitza hondatzeko egin zuen lotsagarrikeria azaltzen duen gizonarekin egingo dugu topo. Eta Arrautza frijituak izenburukoan, bizitzaren erdialdera iritsitako emakume bik, ernalkuntza zentroan daudela, elkarri kontatzen dizkioten gaztetako kontuekin: nerabe zela gizon zahar batekin egindakoa bezala, beherakoa zuelako zaindu zuen mutilarekin ezinezkoa izan zena.
Pilar Iparragirre
Marrazkiak
Xabier Etxaniz Rojo
Kutxa Fundazioa
41 orrialde 7 euro
Donostia sarien ipuin irabazlea
Donostia hiriko Kutxa literatur lehiaketan aurtengo ipuin-saria jaso duen kontakizuna da Xabier Etxaniz Rojoren Marrazkiak. Duela egun batzuetatik goizero taberna txoko batean biltzen diren berrogeita hamar urte inguruko gizona eta emakumea ditu protagonistak. Maitemindu egin dira. Sutsuki, gainera. Nolanahi ere, biak ala biak dibortziatuak daude beren aurreko bikote-kideengandik, sufritutakoak ez dauzkate ahazturik, eta horrek guztiak eragiten die maitemin honetan poliki joaten saiatzera. Zuhurtzia, dena den, ez da barruan duten suaren lagunik onena. Sentimendu bizi horrek eskatzen die, pixkanaka, nolabaiteko urratsak ematea. Hala, afizioz marrazkilaria dela gizonak esatea nahikoa izango da, emakumeak bera marraz dezan eskatzeko.
Eskola-antolaketa
Karmele Bujan Vidales,
Pello Aramendi Jauregi
Udako Euskal Unibertsitatea
262 orrialde
17 euro
Ikastetxe batean kargua hartu aurretik jakin beharrekoak
Karmele Bujan eta Pello Aramendi EHUko irakasle doktoreen artean osatutako liburu hau hezkuntza-erakundeetan lan egiten dutenei dago zuzendurik. Ikastetxe, eskola zein ikastolako moldaketak, hobekuntzak eta berrikuntzak behar bezala egiteko ikasi beharra dagoena du gai. Alegia, zuzendaritza taldea aukeratzeko eta aldatzeko prozesuak, irakasleen arteko koordinazioan eragiten duten faktoreak, ikastetxearen planifikazio-prozesua, bertan berrikuntza bultzatzeko estrategiak, talde-lana dinamizatzeko teknikak eta gatazken konponbidea. Izan ere, zuzendaritza taldearen esku dagoenez heziketa-erakundearen etorkizuna, osatzen dutenen formazioa ezinbesteko da, kargua hartu aurretik nahitaez betetzekoa. y
Hartz arrea Pirinioetan
Migel Mari Elosegi
Elkar
228 orrialde 23,75 euro
Ia desagertu den hartzari buruz
Migel Mari Elosegi biologo eta baso-teknikari leitzarrak idatzitako liburu honen izenburu zehatza Hartz arrea Pirinioetan: biologia, kultura eta kontserbazioa da eta, hain zuzen ere, egileak hartza arrearekiko alor horiek guztiak ukitzen ditu bere lanean. Pirinioetako animalia basatien artean handiena eta indartsuena izaki, betidanik eta arrazoi askorengatik nabarmendu izan den espeziea da hartz arrearena. Gizakiarekin batera milaka urtetan bizi izan den arren, gure arbasoek beren arbasotzat hartu eta miretsitako piztia sakratua izatetik, gorrotatutako etsaia izatera iritsi da, gure antzeko elikadura duelako eta gizakiok etxekotutako animaliak, tarteka, harrapatu izan dituelako. Horri gehitzen bazaio azkeneko ingurumenaren aldaketa, ondorioa ez da harritzekoa: iraungi ez den arren, kontserbatzen arrunt zaila da.
Non biziko gara?
Alaitz Olaizola, Jesús Lucas
Erein
72 orrialde 10,50 euro
7-10 urte bitarteko haurrentzat
Alaitz Olaizolak sortu eta Jesús Lucasek marraztu duten ordu laurden inguruko antzezlan honek Eguzki Sistemako zortzi planetan zehar bidaia txiki bat egitera gonbidatzen gaitu, ea zer ondorio ateratzen ditugun. Aurretik, ordea, berebiziko garrantzia duen galdera egiten du: zer gertatuko litzateke, egunez egun kutsatzen ari garen gure Lur planeta erabat kutsatuz gero? Nora joan beharko genuke bizitzera? Antzezlanean ematen zaio horri erantzuna. Antzezleak, honokoak izan daitezke: arnasa hartu ezinik dabiltzan neska-mutikoak, eta Lurra, Merkurio, Artizarra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton irudizkatzen dituztenak. Halere, 13 lagunentzako pentsatutako antzerki lana den arren, antzezlanean parte hartzen duten haurren kopurua nahi adina handitu daiteke, aldaketa txiki batzuk eginez gero.
Poemas
France Preseren
Meettok
182 orrialde
Heroi nazionala den poeta esloveniarraren lana
Felipe Juaristiren hitzaurrea eta Juan Octavioren azken hitzak eta gaztelaniazko itzulpena ditu France Preseren (1800-1849) poeta esloveniarraren olerkirik gogoangarrienak biltzen dituen liburuak. Meettok argitaletxeak kaleratu du. Poemak, eslovenieraz eta gaztelaniaz agertzen dira. France Preserenek zuzenbide ikasketak egin zituen, legegizon bezala asko iraun ez bazuen ere, bere garaiko gizarteaz eta moralaz egin zituen kritikengatik agintari politiko eta erligiosoak zeharo haserretu zitzaizkiolako. 1846 arte ez zioten bulego independente bat izateko baimenik eman. Eta Esloveniako heroi nazionala bilakatu zen poeta, mindurik eta bere herriaren patuagatik larri hil zen 1849an, pobrezian eta zirrosiak jota.
Paperak. Paretak
Batzuen artean
Paperzaleak Ke
30 or. / 2 euro
Hark edo honek idatzitakoak, eta hormetan ikus daitezkeenak
Aldizkari berri honetakoekin harremanetan jarri nahi duenak, ostielaeuskalnet.net-era jo behar du. Horrekin nahiko garbi gelditzen da Paperak. Paretak atzean dituenen jatorria. Bere mamiari dagokionez, Umberto Ecok, Carlos Frabettik, sup Marcosek, Nicanor Parrak, Pilar Cristobalek, Antoine de Saint-Exupéryk, Iñaki Segurolak, Eduardo Galeanok, Victor Hugok, Rubert de Ventosek, Txiki Lauzirikak, Pio Barojak,Mario Gaviriak eta bestek idatziak, eta kaleko hormetatik jasotako irudi eta esaldiak.