Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-06-25 -- 2046.zenb

Unai Brea

Hasiera-hasieratik zaude Behatokian. Nolakoak izan ziren hastapenak?
Paula Kasares eta biok genbiltzan. Lau horma, mahai bat, eta Kontseiluak bost orrialdetan idatzitako egitasmo bat besterik ez geneukan. Esan ziguten beharrezkoa zela salaketak jasotzeko telefono bat jartzea. Guk, hala ere, ez dugu inoiz esaten salaketak jasotzen ditugunik, kexak baizik. Kontuak kontu, lehenengo hilabeteak, bulegoa atontzen ez ezik, Euskararen Telefonoaren nondik norakoez hausnartzen eman genituen. Ordu asko joan ziren horretan.

Eta bost urte geroago, sarritan jotzen du Euskararen Telefonoak?
Bai. Hala ere, unerik gorena 2002an izan zen: 1.025 espediente. Orduan pentsatu genuen hobe zela kalitatea lehenetsi, eta ez kopurua. Oso protokolo zehatza daukagu telefonoz jasotzen ditugun kexekin: guzti-guztiak bideratzen ditugu, dagokion administrazio edo enpresari helaraziz. Herritarrek konpromisoa hartu dute gugana jotzeko, eta horixe zor diegu gutxienez. Horrek guztiak denbora eskatzen du noski, eta horregatik erabaki genuen kopuruetan sekulako jauzia ez egitea, baina protokoloari zorrotz eustea.

Bost urtetan zuen lanak eragin al du aurrerapausorik?
Bai. Tira, askotan zaila da jakitea kexa baten ondorioz zeozer konpondu den ala ez. Ikus daitekeen zeozer bada... Alegia: webgunea gaztelaniaz dago, eta webgunera sartu eta euskaraz ere jarri dutela ikusten duzu. Baina beste batzuetan ezin da. Dena den, argi daukagu erakunde publikoetan gure txostenak irakurtzen direla. Hori da gure helburua, tresna hau eskaintzea [2005eko txostena eskuetan hartuz]. Hau argazki bat da, eta beharbada ez da guztiz zehatza. Azken batean lagina baino ez da, 800 adibide. Zenbat dira, guztira, Euskal Herrian? Milaka.


Eta zer erantzuten dute administrazioek «eskubideak urratzen ari zarete» esaten diezuenean?
Ez dago begien bistakoa ukatzerik. Gure txostenean herritarren kexak daude, eta dagoen guztia egia da. Administrazioak ezin ditu ukatu. Orain gutxi EAEko Herrizaingoko arduradunekin bildu ginen, mezu hau eramanez: eskubideak urratu egiten dira. Eta beraiek kezka hau zuten: «Beste sail batzuek kexa gehiago dute, eta gu beltzunetzat ageri gara zuen txostenean». Jakina. Guk hiru parametroren arabera sailkatzen ditugu kexak. Izaera (ea eskubide urraketa edo lege urraketa den), sistematikotasuna eta larritasuna, hau da, ea hizkuntza-eskubidea urratzeak albo-kalteren bat eragin duen. Eta Ertzantzarekin izandako kasuetan albo-kalteak egon dira. Gure helburua ez da inoren zaurian atzamarra sartzea, hala eman badezake ere. Gure lana errealitatean oinarritutako txostena eskaintzea da. Gero, administrazioei dagokie txosten horretan agertzen direnak ez gertatzeko neurriak hartzea.

Zer arlotan jasotzen da kexa gehien? Beltzuneak aipatu dituzu...
Bai, osasungintza, justizia eta herrizaingoa. Herrizaingokoak asaldatu egin ziren hor agertzeagatik. Baina begiratu ditzatela aurreko urteetako txostenak; 2002tik agertzen dira beltzune zerrendan. Horregatik aurten, ondorioetan, beltzuneak are ilunago bihurtu direla jarri diegu. Gainera, ohartu behar gara hiru arlo horiek bereziak direla. Osasungintzan, esaterako, ezinbestekoa da gaixoaren eta medikuaren arteko harreman zuzena, komunikazio egokia. Baina hizkuntza-eskubideak urratzen badizkizute... Jaso dugu kexa bat gazteleraz ez dakien umea erietxeko larrialdietara eraman eta ezin izan zuelako medikuarekin hitz egin. Eta gurasoei ez diete larrialdietara sartzen uzten. Hori gertatu izan da Euskal Herrian, EAEn. Justizian, berriz, eskubideak sistematikoki urratzen dira: defentsa-eskubidea, babes judizial eraginkorra izateko eskubidea...

Eskubideak urratzea merkea dela diozue...
Bai. Nafarroan herritarrak bereizten dira bizi diren tokiaren arabera, hori ez da munduan beste inon gertatzen. Eta Iparraldean hizkuntza-komutitarean esistentzia ere ukatzen da. Horrek esan nahi du hizkuntza-eskubdieak urratzea oso merkea dela. Turkiari orain hainbat itun berresteko eskatzen diote, EBn sartu nahi badu. Oso ondo, denok gara demokratak. Baina Frantziari onartu egin zitzaion, Eskubide Zibil eta Politikoen Itunaren 7. artikuluan, gutxiengoez hitz egiten denean, halako zerbait jartzea: guk ezin dugu hau ezarri, Frantzian ez dagoelako gutxiengorik. Mesedez! Zein estatutan ez dago hizkuntza gutxiagotu bat edo migrazioen ondorizoko gutxiengo bat? Horregatik diogu hizkuntza-eskubideak urratzea merkea dela. Eta beti esaten dut: pentsa desagun momentu batez hizkuntza-eskubideez hitz egin beharrean, bete eskubidie batetaz ari garela. Eta ez dut adibiderik ipini nahi, arriskutsua izan daitekeelako. Guk ehunka kexa jasotzen dugu honelako erantzunak jasotzeagatik: "en castellano" edo "vete a la fila". Pentsa dezagun beste eskubide batetaz ari garela. Orduan ez litzateke onartuko horrelako erantzunik

"Háblame en cristiano" ez da desagertu, orduan?
Ez. Orain gutxi erabilerari buruzko jardunaldiak egin ditu Kontseiluak, eta nik aurkezpentxoa egin nuen izen honekin: En castellano, por favor. Azken urteotan herritarrek helarazi dizkiguten erantzunen zerrenda bat neraman. "En castellano por favor" da, hain zuzen, modurik goxoena herritarrari erdaraz egin dezala eskatzeko. Badago ere "o me haces en castellano o te vas al final de la fila a que te toque el euskaldun"... Holako zirtzi edo bederatzi atera nituen. "Háblame en cristiano" ez, baina antzekoak. Eta normalean administrazio publikoko langileek esaten dituzte. Hori onartezina da.

Irakaskuntzaz ere hitz egin nahi nuke apur bat. Hortxe ikusi ditugu euskaraz ez dakitenak euren hizkuntz-eskubideen aldarria egiten. Itxialdian egon ziren irakasleez ari naiz noski...
Hori oso bitxia da. Euskalgintzak jakin izan du eztabaida hizkuntza-eskubideen parametroetara ekartzen, baina kontua da edukia eman behar zaiola horri ere. Hizkuntza-eskubideez hitz egiten hasi eta orain, bat-batean, berez eskubideak ez direnak eskubidetzat agertzen dira. Nik dakidala, pertsona horiei ez zaizkie hizkuntza-eskubideak urratu. Erdaraz egiteko eskubidea dute beren bizitza pribatuetan, ziuraski administraziora badoaz eskubide hori bermatzen zaie, Hezkuntzatik jaso dituzten agiri guztiak erdaraz egongo dira... Zer hizkuntza eskubide urratu zaie? Bat ere ez. Kontua da beraien lanerako hizkuntza-gaitasun bat behar dala. Baina hori ez da eskubide bat urratzea. "No a la discriminación lingüística" (Hizkuntzagatiko bereizkeriarik ez) irakurri nuenean, banengoen hara joatekotan eta urteko txostena eramatekotan, esanez: hau da benetako hizkuntza-diskriminazioa. Eta zuk zure bizitza osoa gazteleraz egin dezakezu. Zuk hautu hori egiten baduzu, ez zaizu eskubiderik urratuko. Baina nik euskaraz bizitzea erabakitzen badut, urratu egingo zaizkit. Hortaz, ez erabili hitzak modu desegokian. Erraza da -Katalunian ere hasi dira hori zabaltzen- gaztelania hiztunen eskubideak aldarrikatzea. Baina Katalunian non urratzen zaizkie hizkuntza-eskubideak gaztelaniaz egin nahi dutenei? Inon ez. Hori bai, katalana lehenesten da. Haiek ondo asmatu zuten hori garatzen: Kataluniako berezko hizkuntza dela aitortzen bada (EAEn euskararekin gertatzen den bezala), eman diezaiogun horri edukia. Eta gero, norbaitek gazteleraz nahi badu, ez zaio eskubide hori urratuko. Ni ere horren aldekoa naiz: zuk nahi baduzu, gaztelaniaz egingo zaizu, baina berez, lan-hizkuntza euskara izango da.

Euskararen kasuan, ordea, asko falta da halako zerbaitera heltzeko...
Borondate kontua da. Nik uste dut jakin beharrak onurak ekarriko lizkigukeela... Euskara lehenesten baduzu -batetik hizkuntza ofiziala delako eta bestetik Euskal Herri euskalduna nahi dugulako-, horrek betebehar gehiago ekarriko dio administrazioari. Beharra bada, administrazioak bermatu egin behar du jendeak ikastea, alegia, aukerak eman behar dizkio jendeari ikasteko. Badakigu egun batetik bestera, estatutuan-edo, "denok jakin behar dugu euskaraz" esanda ez dela dena konponduko, baina horrek ekarriko ditu beste ondorio batzuk. Eta halako neurri batek ez gaitu harritu behar, oso gauza normala da.

Nagore Irazustabarrena

Ezustekorik ez zen izan igandeko erreferendumean. Inkestek esan bezala, ezezkoa %20 inguruan ibili zen eta lautik ia hiruk baiezkoa bozkatu zuten. Azpimarragarriena, ziuraski, %50era iritsi ez zen partehartze baxua izan zen, 79ko Estatutua bozkatu zutenetik hamar puntu beherago. Baina, Espainiako Estatuan autonomia estatutuen erreferendumetan, partehartzearen batez bestekoa are baxuagoa dela esan behar da.

Emaitzen azterketa lokalagoa eginda, ordea, ondorioak garbi ageri dira. Tradizionalki CiUk emaitza onak lortzen dituen udalerri eta komarkatan partehartzea eta baiezkoa handiagoak izan dira. Baix Llobregat, Valles edo Bartzelonako auzuneetan, PSCk emaitza hobeak lortzen dituen zonaldeetan, aldiz, abstentzioa handiagoa izan da -%55 eta %60 inguruan-. Erreferendumetik eta, oro har, estatutua erreformatzeko prozesutik, CiU indartuta irten dela ondoriozta daiteke. Prozesuan protagonismoa lortu zuen, batetik. Bestetik, askok gobernura itzultzeko estrategia leporatu die, eta hori hala bada, jokaldia primeran irten zaie Convergencia-koei, udazkeneko hauteskundeen ondoren aukera handiak baitituzte Generalitat-era itzultzeko. Gainera, beste bi alderdi nagusiak -PSC eta ERC- erabaki garrantzitsuak hartzeko atakan egotea ere aprobetxa dezake.


Maragall eta Carod kolokan

PSCk baiezkoa eskatu eta horixe hautatu dute katalanek, baina abstentzio altuak PSC buru duen hiruko gobernu hautsia zigortzen du. Pasqual Maragall eta bere alderdiaren arteko tirabira etengabean, azken aldian Montilla ministroaren izena gero eta garbiago agertzen da Bartzelonako alkate ohiaren errelebo gisa, eta abstentzioa izan daiteke erabakia hartzeko aitzakia.

ERCn ere erreleboaz hitz egiten da. Erreferendumaren gauean bertan, ERCko arduradunek ezetzaren porrota onartu eta autokritika egiteko beharra aipatu zuten. Estatutua negoziatzeko orduan ahul agertu da Esquerra eta erreferendumeko bozka hautatzeko prozesua nahasia izan zen, hasieran bozka baliogabea eskatu eta gero ezezkora pasaz. Ondorioz, hiruko gobernutik egotzia izateaz gain, ERCk desgaste politiko handia jasan du eta botuemaileen zati handi batean desilusioa zabaldu da. Beraz, Josep Lluis Carod Roviraren erreleborako garaia izan daiteke; Joan Puigcercos da Carod ordezkatzeko aukera gehien dituena, baina azken aldian Joan Carretero ere aipatzen dute.

Garbi dago, ERCren mezua ez dela iritsi botuemaileengana. Katalanek ez dituzte ezezkoaren aldeko arrazoiak ulertu, edo autonomia gehixeagorekin konformatu dira, edo, agian, sinpleki, ez dute euren ezezkoa PPkoarekin nahasterik nahi izan.


Gerturatze zaila

Kataluniako alderdien arteko zatiketa eta ezinikusi gero eta handiagoak agerian utzi ditu Estatutuaren prozesuak. Behin erreferenduma pasata, elkarrizketarako eta gerturatzeko ahalegina etor daiteke. Maragall presidenteak kontsentsura gehitzeko deia egin die ezezkoa eskatu zutenei. ICVko Joan Saurak emaitzak ERCrekiko harremanak erraztuko dituela zioen igandean. Baina hauteskunde autonomiko aurreratuak gainean dira -aurki jakinaraziko dute data zehatza-, aurrekanpaina gogor hasi da eta ez dirudi girorik egokiena tirabirak ahaztu eta batasuna bilatzeko.

Aurreko hauteskundeen aurretik nazionalista askok amesten zuen CiU-ERC koalizioa ezinezkoa da une honetan, bien arteko harremanak inoizko txarrenak baitira. Ezkerreko hirukoa berregitea ere zaila izango da, ERCren posizio ahulak eta gobernutik egotzia izanak baldintzatzen baitu PSC eta ERCren arteko akordioa. Artur Masek erreferendum gauean zioen behin estatutu on bat izanda, orain gobernu on bat behar dutela; CiU Generalitatera itzuliko dela iragartzen ari zen. Hortaz, CiU-PSCk osatutako gobernuak izango lituzke aukera gehien. Bi alderdi indartsuenak gobernuan egoteak oposizio ahula ekar dezake eta agian katalanentzat ez da irtenbiderik egokiena. Baina, gobernu hori emango balitz, ERC izango litzateke oposizioko alderdi nagusia eta horrek Esquerrakoei egungo zalantzak uxatu eta gora egiteko aukera eman diezaieke.


Arazoa ez da itxi

Honenbestez, Estatut famatuaren prozesua itxita dago. Askok nahi beste ez, baina 79koarekin alderatuta, eskumenetan zertxobait aurrera egin da. Zapateroren arrakasta aldarrikatzen dute batzuk: Kataluniako arazoa itxi eta Euskal Herriko prozesuan buru-belarri sartzeko aukera omen du orain. Baina Estatutuarekin katalanen eskaerak ez dira amaitu, hots, Espainiako Estatuarentzat Kataluniako aferak irekita jarraitzen du.

Mikel Asurmendi

Ama Antzuolakoa du eta mintzo den euskarak hango kutsu narbarmena du: «Eta aita ia erriberan dagoen Melida herrikoa da. Euskara apurra ikasi du eta gure modura egiten du berba», diosku Ainhoa Aznarezek.

Sanferminak laster datoz eta txupinazoaren inguruan polemika dago aurten ere: «Lehen legealditik ahozko paktu bat dago udaletxean. Talde guztiek txupinazoa botatzeko eskubidea dute txandaka, Yolanda Barcina alkate andrearekin hasi ziren salbuespenak ordea. Osasuna eta Porland San Antonioko ordezkariek jaurti izan dute, beti-beti alderdi abertzaleen txanda izan delarik». Zurrumurruen arabera, aurten Osasunako Patxi Izkok jaurti lezake, taldea Champions Liguerako sailkatu delako: «Ni paktua gordetzearen aldekoa naiz. Aralarren txanda da, beraz, bere ordezkariak jaurti dezala txupinazoa».

Iruñeko Udal Gobernua UPN-CDN koalizioak osatuta dago: 15 aulki dituzte. Oposizioko zinegotziak berriz 12 dira: PSNko 5, NEBko 3, Aralarreko 2 eta EAko 2.

Gobernuaren politika orokorra balioetsiz abiatu dugu solasaldia PSNko zinegotziarekin: «Balorazioa oso kaskarra da, jakina. Nire proiektuak ez du inondik inora bere proiektuarekin bat egiten. UPN-CDNren proiektua neoliberala da guztiz, ekimen publikoa erabat baztertzen duena».

Arloren bat azpimarratuko al zenuke?

Hezkuntzan daraman politikatik oso urrun gaude oposizioko taldeak. Esaterako, haurrak barrakoietan ikasten ari dira. Gobernuaren esanetan, zerbitzu publiko horiek hobetzeko dirurik ez dago. Hezkuntza publikoa funtsezkoa da demokrazian, eskola kontzertatua behar-beharrezkoa da.

Haurtzaindegietako politikak -0-3 urteko zikloa- eztabaida sorrarazi du. Zertan dago afera hau?

Iruñean haur eskola publiko sendoa izan dugu lehen hauteskundeetatik. Gaur egun udalak bederatzi haurtzaindegi kudeatzen ditu, eta hamargarrena -Errotxapea auzokoa- enpresa pribatu batek. Enpresa horrek ordea orain arteko eredua apurtu egin du. Hezitzaileak lizentziatuak dira, curriculum ona dute, baina euren soldata ez da 1.000 eurora iristen. Prekarietatea dela eta, lana uzten dute eta zerbitzua ez da iraunkorra. Zerbitzu publikoa sustatu beharrean, irabazizko eredua indartzen ari da udal politikan. Hezkuntza gizartearen eta askatasunaren oinarria izan ordez, Gobernuak dirua aurreztu nahi du hezkuntzaren bizkar. Zazpi geletan gaztelaniaz eta beste bitan euskaraz ari dira. Datorren ikasturtean berriz, beste gela bat ireki nahi dute, baina gaztelania eta ingelesa izango dira hizkuntza bakarrak. Gurasoek euskarazko eta gaztelaniazko zerbitzua eskatu dute orain arte. Gure sarea eredua izan da Estatuan -Kataluniakoarekin batera- eta orain, UPN-CDNren eskutik, hezkuntz eredu hau galbidean dago. Barcinarentzat euskara mehatxua da, euskara abertzale izatearekin lotzen du: "Que vienen los vascos" esan ohi du.

Hirigintza arlo polemikoa izan da. Gaztelu plazako aparkalekua esaterako. PSNk baietza eman zion proiektuari ordea.
Proiektuarekiko hainbat arrazoi eta ezberdintasun tarteko betiere. Egungo kudeaketa gogor kritikatzen dugu, ordea. Herritarrok garesti ordaintzen ari gara aparkalekuaren kudeaketa kaskarra. Kontzesioak 75 urterako eman ziren, legezkoak izateko 50 urterako behar zirelarik. Izapide administratiboak eta teknikoak gaizki egin ziren, lanak burutu zituen enpresak ez zituen garaiz bukatu eta gestio txarraren ondorioz afera auzitegian dago. Lardeskeria hutsa da. Enpresa galtzaile atera omen da eta Barcinak zor hori kitatu nahi du. Barcina abokatu talde indartsu batek babestua da, baina badaki aparkalekua gaizki egin duela. Publikoki ez du hori adierazten, baina berarentzat ere gertatua oso gogorra da.

Euskal Jai-ren husteak gazteentzako etxebizitza politika eskasa agerian utzi zuen, besteak beste.

Etxeak garestiak dira eta gazteok ditugun soldatekin zaila da bat eskuratzea. Iruñean ia ez dago etxebizitza bat erosterik. Azken udal plangintza Lezkairu auzoan garatu da, babes ofizialeko etxeak dira. Oposizioko taldeen asmoa etxebizitzen %50 babes ofizialekoak izatea zen, Barcinaren helburua aldiz %17. Negoziazio luzeen ostean babes ofizialeko etxeak %23 dira. Alkate andreak ehuneko hori bere egiten du, baina argi gera bedi, udal plangintza hau ez da Barcina eta bere taldearena. Etxe babestuen eskaintza egokia %50 izan beharko litzateke. Bestelakoan, gazteek inguruko eskualdetara joan behar dute bizitzera. Nik neuk hori egin behar izan dut.

Datorren legealdian alternantziarik posible ikusten al duzu Udalean?
Navarrometroaren inkestan hiritarren %70ak aldaketarako nahia agertu du, jendeak beste Iruñea bat nahi du. Barcinaren lema «edo nirekin edo nire aurka» da. Baina bestela pentsatzen dugun emakume eta gizon asko gaude Iruñean. Euskara eta euskal kultura geurea dugunok. Barcinarentzat euskarak ez du izaterik ordea. Eta Iruñea ez da UPNrena soilik, grisa alegia. Iruñea argitsu eta koloretsuagoa nahi dugu hiritar askok.


Oposizioko taldeak udal gobernu berria osatzeko moduan ikusten al dituzu?
Bai. Oso jende jatorra eta langilea gaude oposizioan. Hasteko, zinegotzi baino lehen pertsonak gara. Lan handia egin dugu konfiantza marko bat izateko, politika egin baino lehen konfiantza landu behar baita. Ni Aralar, EB zein EAkoekin ondo moldatzen naiz, arlo askotan egiten dugu bat: hezkuntzan, osasunean, enpleguan... Beste gauza bat da proiektu bateratu baten inguruan moldatzea gobernu bat osatu ahal izateko. Zaila da orain esatea zertan eta zeinekin egin dezakegun bat. Nik ezkerreko gobernu aurrerazalea osatu nahi nuke, udalgintzan euskararen presentzia handiagoa bermatuko lukeena.

Bestalde eta halaber, Nafarroako Gobernua aldatzea posible al da?
Bai, baina UPN-CDN Nafarroako Foru nahiz Iruñeko Udal gobernuetatik kanporatzeko akordio txikiak lortu behar ditugu lehenik. Hasteko, oposizioko alderdiok jendea hauteskundeetan parte hartzera erakarri behar dugu, eta jakina, oposizioko alderdien aldebozkatzera. Alegia, aurretik lan handia egiteko daukagu. Jakina, nik PSNk horren alde egitea nahi nuke, baina ni ez naiz exekutiboan eta zaila zait esatea alderdiak nondik nora joko duen. Nik alderdiak bakearen alde egitea nahi dut, baita etxebizitza, hezkuntza, osasunaren alde ere. Nafarroako Gobernuaren politika desastrea da. Adibidez, Gobernuak Ongizate Saileko kontseilaria kargua uztera behartu du berriki. Hau da, Navarrometroaren emaitzak ikusi ondoren, Miguel Sanzek Ignacio Palacios kendu eta Maria Isabel Garcia Malo izendatu du kontseilari. Gizon bat kendu eta emakume gazte bat ipini du. Irudi operazioa besterik ez!

Ahotsak-eko kidea zara. Hainbat alderdikidek zure atxikimendua kritikatu dute ordea. Nola bizi izan duzu gertatua?
Diario de Navarra ireki eta alderdiko hamaika emakumezkok nire konpromisoaren aurkako manifestu bat publikatu dutela irakurtzea gogorra da. Gogorra zurekin ezer aipatu gabe publikoki hori azaldu dutelako, non eta Diario de Navarran. Horiek denak alderdiaren exekutiboan daude. Bi Lizarra eta Tafallako Udaletxeko alkate andreak dira, baina abertzaleekin duten akordioa dela medio. Gehiegikeria izan da. Hasteko, lehenik gaia etxean eztabaidatu behar genuen, horretarako dago Erregio Batzordea. Nire ustez herritar askok begi onez ikusi du nire jarrera, baina kide hauek ezin izan dute jasan herritar horiek nire alde atera izana. Hau da: Iruñean alternantzia lortzeko bakearen bidean lan egin behar dela, nork bere ideiak defendatzeko hitz egin behar dela, lehenik konfiantza marko bat eraiki behar dela... zure ideiekin guztiz bat etorri ez arren.

Emakumeek politika beste modu batez egin dezakezue, agian.
Ahotsak ez da bat-batean eratu.Adibidez, Martxoak 8ko plataforman ideologia askotariko emakumeak gaude eta manifestu bat idazten dugu urtero. Emakumeok honezkero hainbat ekimenetan parte hartu dugu, errazago biltzen gara gizonezkoak baino nonbait, geurezko joera dugu edo. Nola ez gara gatazka bideratzen laguntzeko bilduko? Gizartea ez da harritu, agian harritu dira alderdietan, exekutiboetan gizonezkoak gehiengoa direlako.


Agiria plazaratu eta helburuak zehaztu dituzue. Akordioa posible dela diozue...
Noski. Baina lehenik gizarteak ezagutu behar gaitu. Iruñean, adibidez, Carmen Magallonek -bake plataforma bateko kidea- lagundu digu ekimena abian ipintzen. Hau bezalako prozesuetan aurrera egiteko klabeak ulertzen lagundu digu. Lehenik gizartean gure mezua zabaldu behar dugu eta gero herritarrekin batera lan egin. Gizarteak ekarpenak eta erabakiak hartzen lagundu behar digu ondoren, ahal den neurrian guztiok elkarlanean. Azkenik, gehiengoak, gutxieneko batzuen inguruan adostuta, akordioarekin bat egin dezan. Emakumeok ez dugu makila magikorik ez ezeren giltza ere.

Daniel Udalaitz

Iritsi da Alemaniako munduko futbol txapelketa. Izugarrizko ikuskizuna eta erabateko negozioa. Kirolaren hainbat multinazionalek egindako arropa eta bota onenekin nabarmendu nahian ibiltzen dira futboleko izarrak. Horrela, multinazional horiek (Adidas, Nike, Puma), mundu guztira heltzen den telebistaren bidez, euren kirol arropak sustatzen dituzte, eta gero milioika herritarrek, gazteek batez ere, erosten. Hala, Jakarta ondoko Panarub lantegian Zidane, Bechkam eta Raúlek sustatzen dituzten predator pulse oinetakoak egiten dira; eta, Robben holandarrak, Kuranji alemanak eta Ze Roberto brasildarrak sustatzen dituzten +F50.6 Tunit oinetakoak ere bertan egiten dira. Baina, nork egiten ditu jantzi horiek? Adidas multinazionalaren zerbitzuan dauden langile batzuek. Oinarrizko beharrei aurre egin ezin dietenek eta, sindikatu nahi dutenean edo euren eskubideak aldarrikatu nahi dituztenean, diskriminazioa eta indarkeria jasaten duten emakumeek. Adidasek Zidane frantses kirolariari bere kirol arropak sustatzeagatik 1,5 milioi euro ordaintzen dizkion bitartean, futboleko botak eta beste hainbat kirol arropa egiten dituzten Panarub-eko langileek egunean lau euro baino gutxiago kobratzen dute. Halaxe salatu du Oxfam International-ek. Hau da beste mundiala. Diskriminazioarena. Esplotazioarena. Telebistek ezkutatzen dutena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan