Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-25 -- 2046.zenb

Aitor Zabaleta

Aspaldi espero genuen albistea ekarri digu "euskal udaberriak". Arindua hartu dugu, baina ez beste askorik. Ez dago duela zortzi urteko pozaren eta ilusioaren arrastorik ere. Orduko kolpeak eskarmentu gogorra eman zigun eta oraingo hoztasuna ikaragarria iruditu zait, atentzioa ematekoa, bati baino gehiagori zer pentsatu sakona eman beharko liokeena, ETAri batez ere, noski. Hiru urtean ez dute inor hil, lasaitu egin gaitu horrek, baina esango nuke hoztasuna gehiago dela aspertuta gauden seinale, urteetako historia beltza atzean lagatzeko irrikan. Gizarteak pasatu du orria, tregoa baino askoz lehenago gainera.

Su-etena iragarritakoan airean, lurretik metro batera ibiliko ginela entzun genuen, hain arindu handia hartuta. Ez da horrenbesteko izan, ez digute oparirik eman, zor zigutena baizik. Eta kito.

Gatozen tokitik etorrita, biolentziaren bukaerak ez du ospakizunik merezi, urteetan horrenbeste kalte sortu dutenak ez dira bat-batean on bihurtu, batzuek ez dute min egiten segitzeko aukerarik galtzen. Nahikoa elkarren arteko errespetua badaukagu, lorpen handia izango da iraganeko orbainekin bizitzen ikastea.

Zuhurtasuna da nagusi, eta ez dela kaltegarria esango nuke, frakasoa amortizatuta baitago, bustitako dinamita da. Porrotak ez dauka saririk oraingoan. Gauzak okertuz gero, bake asmoak zapuzten badira, inork ez du etekinik aterako, ezta Alderdi Popularrak ere. Ongi dakite hori Acebes eta konpainiak, eta urduritasuna gainetik kendu ezinik dabiltza. Dena ondo aterata ere, saridunik ez dela esango iruditzen zait, ez behintzat sigladuna.

Espainian sarritan esaten da biolentziaren bukaera lortzen duen presidenteak kargua ziurtatuta daukala urteetarako. Ez dut zergaitia ikusten. Agintea galtzeko prest dagoenak lortuko du bakea seguruenik ostera. Arriskatzea du onena hori ekiditeko.

Bake prozesuetan ideologiek baino etikak garrantzia handiagoa duela iruditzen zait, konponbidea lortzeko bide bakarra dela esango nuke.

Hortik gutxi, oraingoz behintzat. Besteek norberak nahi duena egiten ez dutelako ezin da esan prozesua arriskuan dagoenik. Ez da serioa esatea gauzak gaizki doazela eta hurrengo egunean ondo, nik nahi dudana bete delako. Ezkerretik eskumara, Batasunetik Alderdi Popularrera, biktimismoz blai eginda dago politika, afektu bila dabiltza alderdiak eta tristeena da botoak irabazteko balio diela. Biktimismoak salmenta ona dauka gurean.

Batzuk harrotu ere egiten dira, biktimismotik harrokeriara pasatzen dira zuzenean. Beraiei esker egin dugula aurrera eta horrelako gauzak entzun behar izaten ditugu. Harrokeriak ez dauka lekurik, ezta barne kontsumorako ere. Zauriak bizi-bizi daude, zainketa berezia behar dute, berba lasaigarriak eta keinu dotoreak. Detaileek beti daukate garrantzia handia, eta zer esanik ez politikan.

Gorka Moreno Márquez

Alardeen gatazka sortu zenetik hamar urte pasa dira. Egia da egoera lasaitu eta hobetu egin dela, baina ezin esan arazoa soluzionatu egin denik. Bi Alarde egotea ez da konponbidea, AEBetan beltzentzako eskolak egitea soluzioa ez zen bezala; txuri eta beltzentzako eskola bakarra izatea zen helburua, eta gure kasu honetan ere Alarde bakarra eta guztiona da lortu beharrekoa. Eta printzipio aldarrikapen honen ostean gatazka honen iraupenean eragin zuzena izan duen eragile garrantzitsu bati buruz hitz egin nahiko nuke: Irungo alkateari buruz, alegia.

Politikarien lana eta ardura gatazka sozialak konpontzea edo konponbidean jartzea izan beharko litzateke unibertsitateko eskuliburuetan agertzen denaren arabera. Baina, Irungo Alardearen kasuan, eta kostu elektorala neurgailu bakartzat hartuz, politikariek euren rola ahaztu dute. Ez dira gatazkan inplikatu, edo ez gutxienez era argi batean. Inplikazio falta honen atzean alde baten aldeko apustu nabaria egin da, jarrera tradizionalisten aldekoa, hain zuzen ere. "Neoliberalismo alardistiko" honen bidez diskriminazioa ahalbidetu eta legitimatu egin da era nabari batean. Horrela bada, herriko alkateak ez badu legea errespetatzen eta behin eta berriz trikimailu juridikoez baliatzen bada atera diren epaiak ekiditeko, zein da herritarrei ematen zaien mezua? Ba, egia esateko, oso pedagogikoa ez den bat. Baina ez hori bakarrik, laisser passer, laissez alardez honen atzean helburu jakin bat ezkutatu egin da: tradizionalistei hegoak ematea eta berdinzaleak itotzea, gehiengo-gutxiengoaren lege naturalen printzipioetan oinarrituz. Azken finean, ahaltsuaren aldeko apustua egin da, neoliberalismoak egiten duen bezala. Eta gure kasuan alkatearen ekidistantzia faltsu horren atzean ere ahaltsuen alde egin da, Alarde tradizionalaren alde, alegia. Batzuetan zeharka eta beste zenbaitetan era zuzen eta lotsagabe batean.

Donostian San Sebastian Egunean Neoliberalismo alardistiko honen kontrakoa ikusi genuen. Odon Elorzak hasieratik danborradaren auzian jarrera garbia izan du Berdintasun Legea aplikatzerako momentuan. Irunen, aldiz, alkatea den Jose Antonio Santanok -sozialista?- alegalitatea eta populismoaren alde egin du eta jokaera honen bidez auzia usteltzen lagundu du. Lagun batek esaten zidan aurreko batean: "jarri ezazu Odon bat zure bizitzan", arrazoi apur bat ez zaio falta, ez gutxienez afera honetan... Eta aurten zer? Bere horretan jarraituko al du Santano jaunak? Argi dago Alarde tradizionala ikusiko duela, baina "ausartuko" al da Alarde berdinzalea ikusten? Irungo ordezkari instituzional gorenak bizkarra emango al dio bere herritarren parte bati? Ekainak 30ean ikusi beharko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan