Onintza Irureta
Bai, euskara agertu da Iruña-Veleian
Aurreko zenbakian Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruz aritu ginen, baina arrastoen artean euskarazko idatziak zeuden ez genuen baieztatu. Iruña-Veleiako arduradunek zuhurtzia azpimarratu zuten, nahiz eta egunkari batzuek euskarazko idatziak aurkitu zirela baieztatu. Egunkarietako filtrazioak medio, Henrike Knörr Euskaltzaindiko presidenteordeak, Joakin Gorrotxategi filologoak eta Eliseo Gil aztarnategiko zuzendariak prentsaurrekoa eman dute zurrumurrua baieztatzeko. III. eta VI. mende artekoak dira aurkitutako idazkiak, garrantzia handikoak, eguneroko bizitzan erabiltzen diren hitzak eta esaldiak aurkitu dituztelako, hala nola, zuri urdin gori, edan ian lo. Arduradunek eskatu dute, filtrazioak gogoan, arkeologo, historialari, zientzialari eta hizkuntzalariei lana egiten lasai uzteko. Urria edo azaroa arte ez omen dugu aurkikuntzari buruzko datu gehiagorik izango.
Eskolen euskalduntzea gori-gori
Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainako arduradunek aste honetan helarazi dizkiete 107.768 sinadurak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzari, Euskararen Erakunde Publikoari eta Udalbiltzari. Kanpainako arduradunen eskaera: eskolak euskalduntzeko politika egokia bideratzea. Bestalde, Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari sakoneko erreforma egiteko eskatu dio eskoletan euskalduntzea berma dadin. Kontseiluak kezkagarritzat jo du legegintzaldiaren urte bat pasata proposamenik ez kaleratzea. Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak erantzun dio Kontseiluari: ikastereduak aldatzeko proposamena otsailean prest egongo da, hau da, aurrez zehaztutako eperako.
Aragoieraren II. Biltzarra
Chuntos por L'aragonés elkarteak uztailaren 13, 14 eta 15ean, Zaragozan eta Huescan egingo du Aragoieraren II. Biltzarra. Aragoierak, hizkuntza erromanikoak, hainbat aldaera du eta denak ere egoera oso larrian daude. Biltzarraren antolatzaileen asmoa, aragoieraren akademia sortzea da, hizkuntzaren aldaerak manten daitezen, baina era berean, hizkuntza bateratua ziurta dadin.
Xabier Letona
Datorren 28an joan liteke Jose Luis Rodriguez Zapatero Kongresura ETArekiko elkarrizketa ofizialtzera. Edo aste honetan akaso, hori ere irakurri ahal izan da eta. Tira, batera edo bestera, ateak bata bestearen atzetik zabaltzen hasiko dira. PSEk alderdiekin egin beharreko erronda zehaztuko du ondoren, Batasunarekin biltzeko geruza antolatuz. Batasuna legezko egingo du horrek de facto. Eta PPk bere Brunete osoa aterako du egoerari aurre egiteko. Zarata handia, baina eragin gutxi, oraingoz bederen, Espainiako alderdi nagusienek jakin badakitelako une honetan bakoitzak zer egin behar duen. PSOEk eta ezker abertzaleak badakiten moduan. Luzaroagoan ez dakit, baina datozen bi urterako mugimendu nagusienak bederen diseinatuta daude.
2007-an, foru eta udal hauteskundeak egingo dira eta 2008an Espainiako hauteskunde orokorrak, PPren estrategiak esango du aurreratuta ala ez. 2007ko foru eta udal hauteskundeetan Batasunaren ordezkoak bere indarra erakusteko aukera izango du eta gainerakoek ere bai. Indarra edo ahuldadea, jakina. 2007ko udaberrirako -eta lehenago- ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa teknikoen zenbait ondorio ere hasiko dira ikusten, presoen inguruan adibidez. Hilabete asko aurreratzen ari naiz, baina ordurako hiru gai tekniko potoloen emaitzak ikusiko dira nabarmen: Batasunaren legeztatzea, bizkartzainen erretiradaren hasiera eta presoekiko lehen mugimenduak.
Tartean, beste krisi potoloren bat ere izan beharko da, mugimendu judizialek edo dena delakoak eraginda, baina krisiak egon daude halako prozesuetan. Alderdien mahaia dela eta, martxoaren 22ko ondorengoan iraileko data bota zuen Ibarretxe lehendakariak, baina bistan da denbora gehiago beharko dela. Abendua? Urtarrila? Batek daki, baina hauteskundeen aurretik edozein modutan, hauteskundeetarako bakoitzak bere emaitza erakutsi behar baitie bereei. Batez ere PSOEk eta Batasunak, oraingo tren-gidariak.
Eta mahaian zer? Joko arauak eta abarrekoak bai, baina erabaki eskubidea da erdigunean. Sinetsi nahi nuke dena delako formulazioarekin Euskal Herriko erabaki ahalmena aterako dela bertatik. Berriz ere aurreraegi joatea da, baina pentsatzekoa da horretarako indarra beharko dela, alderdi demokratikoen indar politikoa, indar abertzaleen gutxieneko adostasuna. Eta hori da gaur egun ikusten ez dena. Esparru abertzaleko indar nagusienak bakoitza bere kabuz ari da negoziatzen Madrilekin: ezker abertzalea PSOErekin eta EAJ PSOErekin. Katalunian antzeztu berri den antzezlanaren ukitua agerikoa da. Hirugarren polo abertzale indartsua, ELA, aldiz, burujabetza jantziekin, baina prozesu horietatik kanpo. Beraz, nola eta zergatik onartu behar du Madrilek euskal herritarron erabaki ahalmena gauzatu ahal izatea? Nahiko nuke bestelakorik pentsatzea, baina gaur egungo begiekin ikusita gaitza da mahaitik PSOEren baiezko argirik aterako dela irudikatzea. Edo kontua ote da erabakiaren atea epe ertainean zabal litekeela adostea, dagokionean eta lurralde administratibo desberdinetako gehiengoek hala nahi badute, herritarrek erabaki dezaten?
Onintza Irureta
Inaxio Agirre, Batasunak osatu duen Euskara Berreskuratzeko Legea dela-eta, Garan esanak: «Egungo egoera ez da konponduko azken 30 urteetako hizkuntza politikekin, estatuena kontrako eredua delako eta bertako erakundeena, menpekoa (...) Eperik gabeko hizkuntz politikek ez dutelako balio. Euskal Herriaren euskalduntzea bi belaunalditan egin nahi dugu».
Ramontxu Canblong Udalbideko ordezkariak Udalbidek Iparraldeko eragileei ematen dizkien hizkuntza arloko laguntzen inguruan Berrian esanak: «Ezker abertzalearen errua da laguntzak gelditzea. Eusko Legebiltzarrean aurrekontuen kontra bozkatu zuen eta Udalbideren partida ez zuen onartu. Beraz ez da gure erabakia izan laguntzak moztea. Aurrekontuen alde bozkatu izan balute, laguntzeko dirua ukanen genuke».