Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-18 -- 2045.zenb

Sao Paulon euskara eskolak

Ander Altuna


Beasainen jaiotako Estebe Ormazabal 1996an heldu zen Brasilera lan kontuak zirela medio, Danimarkan, Italian, Ingalaterran, Alemanian, Suitzan eta Irlandan ibili ostean. Hasieran denboraldi baterako geratzeko asmoz, baina maiz gertatzen den legez, usteak usteldu eta bertan bizi da egun. Azkue hondarribitarra berriz, duela sei urte iritsi zen. Londresen zela orain bere emazte den Marina ezagutu eta berarekin etorri zen.

Bai batak zein besteak euskara erakusten du Sao Paulon. Haatik, euskarazko klaseak ematea ez da bat-batean sortutako zerbait, aurrekariak egon badaudelako. Ormazabalek azaldu digu: «Xabier Harluxet baionarra ezagutu nuen orain zortzi urte eta elkarrekin hasi ginen hainbat ekimen antolatzen, Euskal Etxeko giroa suspertze aldera. Horren harira, lehenengo euskarazko kurtsoa antolatu genuen Sao Pauloko unibertsitatean. Hilabeteko ikastaroa izan zen eta Eusko Jaurlaritzak ordaindutako irakasle bat ekarri genuen. Hala ere, lan kontuek beste norabait eraman gintuzten bai Harluxet eta baita ni ere eta ekimen horri ez zion inork jarraipenik eman. Itzuli eta euskal etxearekin jarri nintzen harremanetan euskarazko klaseak berriz antolatzeko. Orain dela urte batzuk HABEko kanpo harremanetako arduradun Zinkunegi Sao Paulon izan zen eta harekin hitz egin ostean afixak jartzen hasi ginen. Lehen egunean 50 lagun gerturatu ziren gure harridurarako. Ikasleetako bat Sao Pauloko unibertsitateko irakasle da eta hark esan zidan unibertsitatean bertan euskarazko klaseak emateko aukera zegoela. Dena den, gauza asko nituen esku artean eta ezin nintzen guztietara iritsi. Orduan Iker ezagutu nuen».

Iker Azkuek astean behin ematen ditu klaseak. Estebe Ormazabalek, aldiz, hamabostean behin. Klaseetan, euskara eta euskal kultura uztartzen dituzte eta 70 ikasle inguru dituzte. Ikasle taldea heterogeneoa da oso: 60 urtetik gorako jatorri euskalduneko jendea, gazteak, batzuk euskal abizena dutenak baina Euskal Herriari eta euskarari buruz deus entzun ez dutenak. Azkueren esanetan, «jakinguragatik gerturatzen dira, batez ere. Nire ikasle gehienak filologiako ikasleak dira eta euren klaseetan entzun dute nola hizkuntza berezia den, Europan hitz egiten den hizkuntzarik zaharrena, jatorri ezezagunekoa... horrek jakin-mina pizten du haiengan». Euskal Herriko ohitura eta tradizioen inguruan jakin nahi dute. «Euskal mitologia, bertsolaritza, euskal kirolak, aspaldiko ogibideak (hala nola, arrantza eta artzaintza), musika, oro har denetarik jakin nahi dute», gaineratu digu hondarribitarrak.

Iaz egin zuten euskarazko klaseen lehen deialdia eta orain gutxi beste deialdi bat zabaldu dute. Bai batean zein bestean, gelak txiki geratu dira jendearen erantzunaren aurrean. Ikasleetako bat Adan Cunha brasildarra da. Ikasleek ez dute ia erreferentziarik euskara eta Euska Herriaren inguruan eta duten apurra «euskal arazoak» sortutako oihartzunetik jasoa da. «Nazioarteko terrorismo eta arazo politikoekin zerikusia duten gaiak ikasterakoan entzun nuen lehenengo aldiz euskararen inguruko zer edo zer», azpimarratu du Cunhak. Erronkak gustatzen zaizkio Adan Cunhari eta euskaraz ikastea desafio handia da berarentzako: «Erromatarrei, Erdi Aroari, Francoren diktadurari eta beste hamaikari egin dio aurre euskarak. Hori dela eta, nire buruari esan nion, æhizkuntza horrek zoragarria izan behar duÆ. Gainera, irakasleek pazientzia handia dute gurekin eta oso onak direla uste dut». Momentuz ez du Euskal Herria ezagutzeko paradarik izan, baina izugarri gustatuko litzaioke bertara joatea, «euskaldunen kultura zoragarrian gehiago sakontzeko».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan