Beasainen jaiotako Estebe Ormazabal 1996an heldu zen Brasilera lan kontuak zirela medio, Danimarkan, Italian, Ingalaterran, Alemanian, Suitzan eta Irlandan ibili ostean. Hasieran denboraldi baterako geratzeko asmoz, baina maiz gertatzen den legez, usteak usteldu eta bertan bizi da egun. Azkue hondarribitarra berriz, duela sei urte iritsi zen. Londresen zela orain bere emazte den Marina ezagutu eta berarekin etorri zen.
Bai batak zein besteak euskara erakusten du Sao Paulon. Haatik, euskarazko klaseak ematea ez da bat-batean sortutako zerbait, aurrekariak egon badaudelako. Ormazabalek azaldu digu: «Xabier Harluxet baionarra ezagutu nuen orain zortzi urte eta elkarrekin hasi ginen hainbat ekimen antolatzen, Euskal Etxeko giroa suspertze aldera. Horren harira, lehenengo euskarazko kurtsoa antolatu genuen Sao Pauloko unibertsitatean. Hilabeteko ikastaroa izan zen eta Eusko Jaurlaritzak ordaindutako irakasle bat ekarri genuen. Hala ere, lan kontuek beste norabait eraman gintuzten bai Harluxet eta baita ni ere eta ekimen horri ez zion inork jarraipenik eman. Itzuli eta euskal etxearekin jarri nintzen harremanetan euskarazko klaseak berriz antolatzeko. Orain dela urte batzuk HABEko kanpo harremanetako arduradun Zinkunegi Sao Paulon izan zen eta harekin hitz egin ostean afixak jartzen hasi ginen. Lehen egunean 50 lagun gerturatu ziren gure harridurarako. Ikasleetako bat Sao Pauloko unibertsitateko irakasle da eta hark esan zidan unibertsitatean bertan euskarazko klaseak emateko aukera zegoela. Dena den, gauza asko nituen esku artean eta ezin nintzen guztietara iritsi. Orduan Iker ezagutu nuen».
Pedro Alvares Cabral Portugalgo itsasgizona izan zen egungo Brasil lurraldea zapaldu zuen lehen europarra 1500. urtean. Amerikaren aurkikuntzak kolonizazioa hedatu zuen lurralde hartan, batez ere, portugaldar eta espainiarren eskutik eta Brasil ez zen salbuespena izan, inondik ere. Portugaldarrek bereganatu zuten eta jende andana hasi zen bertara joaten. Horien artean euskaldunik ere bazen, hain zuzen ere Azpilikueta nafarra. Ordutik aurrera euskaldunen emigrazio zaparrada atertu ezina izan da, baina ez dira inoiz ere komunitate bezala eratu, harik eta 1957an Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea eraiki zuten arte.
1940. urtetik aurrera gune industrial garrantzitsu bilakatu zen Sao Paulo eta horrek jende asko erakarri zuen bertara, batik bat, burdingintza esparrura. Urte haietan, besteak beste, 36ko Gerratik eta horren ondorengo giro politikotik ihes egin zuen askok eta horietako askok eta askok erroak bota zituen Brasilen. Haiek erein zuten euskal komunitatea izango zenaren lehen hazia. Bergaretxe eta Zubizarreta izan ziren hanka egin zutenetako bi eta haien eskutik hasi zen Sao Pauloko Euskal Etxea gorpuzten. Gaur egun Brasilgo hiri horretan dagoen bakarra da. Nolanahi ere, euskal etxeak gorabehera handiak izan ditu bere ibilbidean eta erabat baztertua izateko arrisku bizian egon da, ez bada Estebe Ormazabal eta Iker Azkue bezalako jendeagatik, zeinak berpizte lanetan egundoko lana egin duten.
![]() |
|
||||
2045 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa