Milioika pertsona ari dira egunero dopatzen beren laneko edo kiroleko emaitzak hobetzeko, edo-eta itxura fisikoa aldatzeko. Tarteka horietako ale batzuk harrapatzen dituzte agintariek dopinaren kontrako kontroletan. Baina produktuok erraz eros daitezke eta denetan daude zabalduta.
Kirolaren inguruko droga eta botikek urtean 20.000 milioi dolar mugiarazten dituzte munduan, 20-25 milioi bezerok beren dosi ugarietan gastatuak. Trafiko horretan daude sartuta maila goreneko kirolariak eta amateurrak. Datuok eta analisi zorrotzak plazaratu zituen joan den astean Madrilgo El País egunkarian Alessandro Donatik. Kiroleko dopin kontuetan aditua da, eta Italiako mafiaren kontrako Libera elkartean ari da lanean.
Iaz bertan Hegoafrikako poliziak 12 tona esteroide anabolizatzaile harrapatu omen zituen, ehunka milioi dosi egiteko adina. Moskun aurkitu eta itxi zuten fabrika bat orduko 200.000 hormona anabolizatzaile dosi ekoizteko gai zena. Zipren gau bakar batean 4,6 milioi eritropoietina (EPO) dosi ostu zituzten, 300 milioi dolarreko balioa zutenak. Horrelako gehiago gertatu ziren mundu osoan. Eta jakinekoa da, poliziak harrapatutako trafikoa dagoen guztiaren zati txiki bat baino ez dela.
Dopin beharrak asetzen dituztenak gehienbat fabrika ez-legalak dira, baina adituen ustez korporazio handiak daude horien atzean ezkutatuta; botikagile handiek giza hazkundearen hormonatik eta eritropoietinatik gaixoek behar dutena baino produkzio handiagoa daukate eta. Trafikoa berriz, asko, Internet bidez egiten da, baina beste asko gimnasioek inportazio kanal ohikoagoak erabiliz burutzen omen dute, eta zati txiki bat errezeta faltsutu bidez. Farmaindustriak gainera dopagarri batzuk beste botiken artean kamuflatzen ditu, eta orduan martxan jartzen dute mafiek botika faltsuen mekanismoa.
Donatik salatu du kirolaren ardura duten agintariak oso atzera dabiltzala droga horiek kontrolatzeko sistemetan. Baina are salaketa larriagoa egin du aipatu artikuluan: Samaranch espainiarra buru zuen denboran Nazioarteko Batzorde Olinpikoak EPOa detektatzeko sistema garatzea enkargatu ziola nori eta dopin kasuetan nahastuta zegoen mediku italiar bati (Francesco Moser txirrindulariari lagundu zion Francesco Conconiri) eta honek lau urte galduarazi zizkiola erakundeari, gezurretan arituz. Gai honetan alfer samar jokatzeko motiboa badute agintariek: txapelketetan irabazten diren kopa, titulu eta dominak nazioen ohorearen eta indarraren erakusgarri erabiltzen dira.
Donati iazko abenduan Kopenhagen aritu zen gai honetaz, luze eta zabal, «Criminality in the International Doping Trade» izeneko biltzarrean. Han aurkeztu zuen dokumentazioa Interneten dago ikusgai.
"Mafiaren Kontrako Nazio Erakundearekin egindako elkarlanean -esan zuen Donatik- ulertu nuen dopinaren inguruko merkatu beltza ez zela nazioarteko komertzio handi bat ulertzeko leiho txiki bat baino. Horregatik burutu dut mundu mailako ikerketa hau. Gaur zuei metodoa, emaitzak eta aurreikuspenak erakutsiko dizkizuet".
Dopin produktuak bitan sailkatu izan dira: lorpenak hobetzen dituztenak eta irudia hobetzen dutenak. Bi helburuetarako erabiltzen dira esteroideak, testosterona, eta gizakiaren hazkuntzarako eta bestelako hormonak. Soilik emaitzak ontzeko berriz, EPO, Nesp eta estimulatzaileak. Horien trafikoa oztopatzen -Donatiren ustez- gutxitxo saiatzen dira estatuak munduan. Esteroide eta testosterona pertsegitzen dira zenbait herrialdetan. Aldiz, hormonak eta EPO askoz gutxiago. Bestalde, estimulatzaileek kirol dopinean duten garrantzia galduta geratzen da narkotikoen -drogaren- arazo zabalaren baitan. Hori guztiagatik dio Donatik gure begien aurrean azaltzen den dopin kopurua oso txikia dela mundu osoan produktu horretaz egiten den erabileraren ondoan.
Schwarzenegger-en giharrak
Trafikoa bost jarduera edo giza sailetan gertatzen da nagusiki: kirolean, militarren artean, body-building munduan (gimnasioetan), show business edo espektakuluan, eta gaixotasun jakinekin borrokan ari direnen artean. Horiek guztiek eskatzen dituzten dopin-gaiak eskuratzen bi sare saiatzen dira: batetik mafiak eta bestetik farmazia-korporazio batzuk.
Farmaindustria gaur erabat globalizatuta dago, eta erraz erabiltzen du munduan botiken kontrolerako dauden legeen arteko ezberdintasuna. Adibide txiki bat: Estatu Batuetan medikuaren kontrolpe zorrotzean agintzen den "Fertabolin" esteroide anabolizatzailea, Malaysian herritar guztientzako publizitatzen da, ahuldadearen kontra eta gosea egiteko. Donatik horrelako beste etsenplu zehatzak eskaini ditu. Komertzio globalaren gorabehera horiek baliatuz, mafia sartzen da erdian, eta mafiak ekarriko ditu produktu debekatu edo oso kontrolatu horiek ezkutuka Europara edo AEBetara.
Donatiren analisiaren arabera, dopinaren mundua 1995 arte AEBetako mafiak kontrolatzen zuen, Colombo, Gambino eta Gotti familiek. Gero pixkanaka horiek galtzen joan ziren beren nagusitasuna, eta gaur egun Errusiako mafiak dira komertzio horren jabeak, lanak -eta etekinak hein batean- munduko gainerako taldeekin partikatzen dituzten arren.
Dopin produktuen trafikoan gero eta garrantzia handiagoa du Internetek. Iaz trafiko osoaren %25 on-line egiten bazen, bi urte barru %50 izatera iritsiko da, Donatiren kalkuluetan. Horrek are indar handiagoa eman die Errusia, Txina eta Mexiko bezalako herrialdeetan diren produktoreei.
![]() |
|
||||
2045 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa