Badator uda eta berarekin iritsiko dira baita ere eguraldi ona, oporrak eta jai giroa. Data hauetan, herrietako festak eta parrandak ugaritu egiten dira Euskal Herrian eta musika eta dantza kaleetan barna zabaltzen da. Giro ona jartzeko, herritarrekin batera kalejiran edo tabernaz taberna dabiltzan musikariak ezinbestekoak dira. Beraiekin izan gara, urteko hilabeterik parrandazaleenetan nola ibiliko diren jakiteko asmoz.
Carlinhos Brownek karroza gainean hainbat hiriburutako kaleak aztoratu zituenetik, erritmo brasildarrak modan daude gure artean eta are gehiago urteko sasoi honetan, eguraldi ona aproposa baita sanba dantzatzeko. Horregatik, Donostiako Taupada batukada taldeak agenda beteta dauka datozen hilabeteetarako. Taupada sei lagunek sortu zuten, duela sei urte. Orain, ordea, hogeita hamar inguru dira, emanaldietako ikusle ugari taldean sartzen joan direlako. Partaide berriei ez zaie musika ezagupen handirik eskatzen; kide zaharrek erakusten diete erritmoa eramaten eta Brasilgo musika tresnak jotzen.
Horrelako eskaintza erakargarriekin, ez da harritzekoa batukadek duten arrakasta. Gero eta ekitaldi gehiagotan parte hartzeko eskatzen diete eta talde berriak ari dira sortzen. Espainiako Estatuko batukadek urtero elkarretaratzea egiten dute -iaz, Kordoban- eta baita Europakoek ere -iaz, Okzitaniako Tolosan-. Hala ere, bada horrelakoak ezagutzen ez dituenik. «Jende askok ez du musika hau ezagutzen, harritu egiten dira eta nongoak garen galdetzen digute, ez dutelako pentsatzen Donostian batukada egon daitekeenik», dio Garciak.
Erokeriatan
Baina hemengo musika jotzen duten talde orijinalak ere aurki daitezke gure inguruan. 1999an, esaterako, Santutxun nahiko talde berezia jaio zen: Elektrotuna. Aldaketa ugari jasan ostean, egun bost mutilek eta bi neskek osatzen dute Elektrotuna: bi gitarra jole, saxo jolea, baxu jolea, abeslaria, bateria eta dunbala. Punka, rocka eta estilo dantzagarriagoak oinarri hartuta, 80ko hamarkadako abestien bertsioak egiten dituzte. Herriko jaietan parte hartzeko deitzen badiezu, mozorrotuta agertuko dira, dotore-dotore, lan-jantzi laranjarekin edo deskribatzea zaila den arropa bitxiekin. Buruan txanoa eraman ohi dute gainera. Musika tresnak alboan jarri, bafleak eta anplifikadoreak motxilan sartu eta jotzeari ekingo diote. La Polla, Kortatu, Alaska, Itoiz, Ertzainak... Euskal taldeak gehienbat, baina baita atzerritarrak ere. Bazkari herrikoiak eta tabernaz tabernako edo txosnaz txosnako kalejirak alaitzen ohituak daude jada. Hiru ordu inguruz txikiteoan eta jai giroan ibili ostean, beraiek ere kontentu bukatu ohi dutela aitortu digu Jone Sanpedro taldeko saxo joleak. «Tontoarena egitea asko gustatzen zaigu eta guk ere oso ondo pasatzen dugu, jendearen artean murgiltzen garelako», dio. Alde batetik bestera mugitzen direnez eta jendearen artean nahastuta doazenez, publikoarekin harreman handia lortzen dute. Hala, saioetan lagun asko egin dituzte dagoeneko, emanaldian zehar dauden geldialdiei esker.
Ikus-entzuleak 80ko hamarkadako kantak berriz entzutea atsegin ei du gehien. Sanpedroren ustez, egun talde pila sortzen da, asko ez oso ezagunak, baina garai hartako abesti gehienak ezagunak ditu jendeak eta gogoratzea eta parte hartzea gogoko du. Publikoaren arabera, gainera, ikuskizuna egokitzen dute, Ibilaldian, Herri Urratsen eta halakoetan haur asko izan ohi dituztelako atzetik jarraika, adibidez. Euskal Herritik kanpo berriz, jendea txundituta geratzen dela kontatu digu Sanpedrok, atzerrian beraien abestiak ezezagunagoak direlako. Besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Lugon, Palentzian eta Burgosen aritu dira eta oso ondo hartu dituzte beti.
Euskal Herrian ohi denez, emanaldi askotan euria egiten du, baina badute horretarako konponbiderik: halakoetan, jaima eramaten dute, barruan jotzeko. Ikusleek, ordea, beraiekin sartu nahi izaten dute eta sekulako nahas-mahasa sortu ohi da. Dena den, Elektrotunako kideei ez zaie gehiegi axola, ezta aste osoan lan egin ondoren asteburuetan musika tresna hartu behar izatea. Ez dute lantzat, zaletasuntzat baizik eta erokeriatan ondo baino hobeto pasatzen dute. Gainera, gogoa duenak jotako herrian parranda jarraitzea libre du.
Txarangaren atzetik
Txarangak normalean ez dira batera aritzen, herriko jaietako egun desberdinetan jotzen dute edo egun berean arituz gero, ekitaldi desberdinetarako deitzen dituzte. Hala ere, Sanferminetan batik bat, kalean elkar topo egiten dute batzuetan eta abestiren bat batera jotzea da ohikoena. Senidetze hori gustura hartzen du jendeak. Azken finean, gero eta txaranga gehiago egon arren, gehienek elkar ezagutzen dute. Nesken Iruña izenekoa berezienetakoa dugu, hamabi neskek osatzen baitute eta txarangen munduan gizonezkoak izaten dira nagusi. Neskek ikasteko ez dituzte normalean tronpeta, tronboia edo perkusioa bezalako musika tresnak aukeratzen, duela gutxi arte behintzat ez, eta txarangetan gutxiengoa izaten jarraitzen dute. Horregatik, duela hiruzpalau urte, hainbat txarangetatik etorritako neskak biltzen dituen talde hau jotzen hasi zenean, gainontzeko txarangek harrituta begiratzen zieten. «Hasieran, zenbatu egiten gintuzten, ea zenbat neska ginen ikusteko. Txaranga baten erritmoa jasateko gai ez ginela izango ere esaten ziguten, baina orain jada ezagutu egiten gaituzte eta normaltzat jotzen dute», dio Sara Baztan Nesken Iruñako saxo joleak. Urte hauetan, erritmoa jasateko gauza direla erakutsi dute eta Euskal Herrian zehar nahiz atzerrian aritu dira. Batez ere, jendeak parte har dezan galdera-erantzun moduko abestiak eta dantzagarri ezagunak jotzen dituzte. Irauteko sekretua? Ondo pasatzea. «Gure lana besteei ondo pasaraztea da eta horretarako guk ere ondo pasatzea ezinbestekoa da, bestela sumatu egiten da». Hala, aipatu talde eta txarangen antzera, hainbat eta hainbat musikarik txindatak, tronpetak eta umore ona autoan sartu eta aurtengo uda ere herriz herri emango dute, gure parranden gatza eta piperra izateko.
Danborra eta gitarra soinean hartuta herriz herri jaietan murgiltzen den musikari ibiltaria baino aproposagorik ez dago festarik onenak non egiten diren jakiteko. Guk, noski, galdetu egin diegu. Jone Sanpedro Elektrotunako kideak argi dauka: herri txikietako jaiak maite ditu, taldearekin jotzen ari denean nahiz bestela ere. Taupada batukada taldeko kide David Garciari ostera, herri batek baino, ekitaldi batek ekartzen dizkio gogora oroitzapen onenak. Dudarik gabe, kide guztientzako ekitaldirik zirraragarriena iazko ekainaren 28koa izan zela dio. Gehitu Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteak Madrileko manifestazio koloretsura eraman zituen eta bidaian, manifestazioan bertan eta gauean jo eta jo aritu ziren, giro ezin hobean.
Txarangetako lagunei dagokienez, helmuga Iruñeko Sanferminetan parte hartzea dela esan digute, horrelakorik ez dagoela. Egia esan, hiriburuko txaranga gutxi daude, gehienak inguruko herrietakoak dira, baina denak Sanferminetan aritu ohi dira. Gasteizko Ama Zuriaren jaiak ere oso gustuko dituzte biek. Nesken Iruñako Sara Baztanek hirietako jaiak atsegin ditu, egun askotan jotzeak abantailak dituelako: txaranga gehiago ezagutzen dituzte eta harremana ere sakonagoa bihurtzen da. Hori bai, egun bakarrean aritzea baino nekagarriagoa dela aitortu digu. Raul Sánchez-Alarcos Igandeako saxo joleari, aldiz, herri txikietako giroa gustatzen zaio, oro har oso esker onekoak direla baitio. Guadalajarako herrietako jendea, esaterako, oso animatua da eta Goizuetara joaten urte ugari daramatzate. «Han gaude hoberen, lagun gehien egin ditugun lekua da eta oso ondo hartzen gaituzte beti».
![]() |
|
||||
2045 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa