Astekaria

 Luparekin 

Erabilera kezka

Irudia


2045. alea
2006-06-18
alde 0    kontra 0

Urteetan, euskara sustatzeko hizkuntza politika instituzionalak nola euskalgintzaren baliabide eta kezka nagusiak hizkuntza gaitasunera bildu dira: hezkuntzara, administraziora eta helduak euskalduntzera. Euskarak hiztunak irabazi behar zituen premia larriaz eta hiztun kopurua haztearekin batera euskararen erabilera zuzenean handituko zelakoan zeuden denak.

Baina bi hamarkadek argi erakutsi digute gaitasunean ereindako hazi guztiek ez digutela espero genuen uzta ekarri erabileraren soroan. Erabileraren landare berriak erdara nagusien belar txarrek ahuldurik hazten ziren. Lan arduratik liberatuta euskara ikasten emandako ordu guztiek anitzetan ez dute ekarri funtzionarioek lana euskaraz egiten hastea. Euskaraz ikasitako gaztetxoen artean ere euskara komunikazio hizkuntza arrunta hautatzen ez duten kasu dezente daude. Lau urtetan behin egin izan diren kale neurketek euskararen erabilera sozial bazterrekoa utzi dute agerian, hirigune nagusi-nagusiki erdaldunetan ez ezik landa-eremuko herri euskaldun anitzetan ere.

Gaitasuna bezala erabilera ere planifikatu eta alorka landu beharra zegoela agerian geratu zen. Kezka horri erantzuna emateko saiakerak alor ezberdinetan ageri izan zaizkigu: administrazioan berean, alor sozio-ekonomikoan, haur eta gazteen aisialdian, nola hezkuntzako kalitatearen inguruko proposamenetan...

Eta erabileraren kezka horretan nork bere formulazioa egiten du. Euskaldun askok zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara eta euskaldunon arduragabekeria dela euskararen etsairik handiena idatzi du Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Politika aurrera begira egitasmo dokumentuan (2005, 21 or.). Erabileraren ajeen funts etimologikoak hiztunen jokamolde eta erabakietan baino ez ikusteak horien gainean dauden traba soziolinguistikoak, egiturazkoak, legezkoaką lausotzea dakar. Gizarte elebidun batean hizkuntza nagusiaren aldeko inertzia soziala hain da handia, hizkuntza hura hain dago zabalduta non hizkuntza nagusiaren ezagutza unibertsala jakintzat eman eta, gurean bezala, erdalduntasun presuntzioa aplikatzen baitzaio herritar orori, euskaldunak izan eta euskaraz eginen luketen horiei ere. Etengabeko borroka da anitzetan hiztunak egin behar izaten duena, eta biziraupen soziala erdaraz ongi jakiteari eskertu behar dio. Euskal Herrian zerbitzu publikoak euskaraz hartzeko dauden zailtasunak gizarte arazo larria bihurtzeko modukoak dira, eta oro har erdaraz mintzatzea hain erraza ez balitzaigu, egun justizia, osasuna edo goi mailako irakaskuntza euskaraz jasotzeko dauden zailtasunen bizipena guztiz dramatikoa eta jasanezina izanen litzateke.

Halere, egun euskararen erabilerak dituen premiak ez dut uste nagusiki debeku edo aginduek hertsirik formula daitezkeenik. Karrika neurketek, erraterako, ez dituzte berbaldi formal instituzionalizatuak jasotzen, kaleko eta lagunartekoak baizik. En castellano, por favor hautatu du Kontseiluak erabilera areagotzeko hizkuntza politikaren inguruan antolatu duen jardunaldiaren izenburutzat. Ez dut uste halako formulazioak euskararen erabilerak egun dituen mugak eta estutzeak ulertzen laguntzen digunik. Euskararen erabilera ez da kanpotik ezarrita zaigun debeku edo agindu baten ondorioa, ez harena soilik bederen.

Erabilera hiztunen hizkuntza gaitasuna eta elementu pragmatikoen baitan dago, egoera komunikatiboa osatzen duten zer-nola anitzen araberakoa da, beraz korapilatsua eta ez faktore bakarra. Beharrak handiak dira eta ez daude alor bakar batean. Horiek guztiak ikusten jakitea izanen da erantzun onaren gakoa.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2044
 
azala2043

2045 zenbakia.
2006ko ekainaren 18a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia