Astekaria

 Bestelakoak 

EHU eta dezentziaren langa

Joseba Azkarraga

Joseba Azkarraga


2045. alea
2006-06-18
alde 0    kontra 0

Saiatuta ere EHUkoen negarrarekin ez zait bihotza samurtzen. Errukiak, eta sentimenduaren espresio politikoa den elkartasunak, ez du bidea egiterik lortzen.

Bakoitzari urtean 6.000 euro gehiago. Kilo bat. Ertainekoen parera heltzea helburu. Unibertsitate publikoan bada konpondu beharreko prekarietatea, dudarik ez. Gertutik ezagutzen ditut kasuak. Berehala konpon ditzatela. Baina, hara, askoren kasuan bada zaindu beharreko beste zerbait, nahikotasunaren nozioa deituko diot.

XXI. mende hasierak lanaren mundua duintasunez husten eta langileen autoestimua hausten dihardu. Globalizazioaren desbenturak omen. Elkartasunaren sentimendu-geografia erraz lotzen da herritar xehe ugarik egunero nozitzen duten umiliazio sortarekin. Sei mila euroko ale bakoitza hauskortasun egoera bakoitzari erantzuteko hobeto ote legokeen, poltsikoak hain hotz eta barruak hautsita ez dituzten horiei gehiago eman beharrean.

Herritar asko husten eta hausten diharduen marko orokorrean, lanaren aristokrazia da unibertsitateko sektore handi bat. Gizarte prekarizatu batek sostengatzen du merkatuan egunero lehiatu behar ez den aristokrazia unibertsitarioa. Eta sumatu dut EHUko euro eskatzaile batzuen artean nolabaiteko apurua.

Nire lagun prekarizatu batzuek, euskalgintzako irakasleek, oraindik aurpegiari josia dute sei mila euroko eskaerak sorturiko harridura keinua. Harridurak haserre traza hartzen du zera entzutean: gehienek egin omen zuten greba eta ia guztiek kobratu greba eguna. Errektoretzak greba nortzuk egin zuten galdetu eta ia guztiek ezetz. Nobleziaren jarrera ez oso noblea. Kobratutako hori prekarizazio hazkorraren erruberapean bizi den gizarteak pilatutako dirua ere badela pentsatu nuen.

Lan asko egin eta gutxi kobratzen dute, hori irakurri ahal izan dugu zenbait iritzi artikulutan. Lagun prekarizatuen artean, ironia finaren ale politak entzun ditut ideia horren lehen zatiari loturik. Eta irakurri berri dut ironia jakintzaren goialdea dela, herritar jakitunek sorturiko umorea. Euren hauskortasunari eta txikitasunari begiratuz sorturikoa. Bai, lan egiten duenari eman egin behar zaio. Halaber, betikoa: sistema horretan aukera hori norbanakoaren borondate onaren kolkotik eskegi ohi da.

Greba egin eta kobratu zutenen artean aurkitu dut jarrera bitxi bat: paparra atera eta portaera hori harro aldarrikatzen dute batzuk, izan ere, etsaiari, hots, Errektoretzari, ur ttanttarik ere ez. Nola esan: agian EHUko langileen arazoa ez da Errektoretza, ez eta Hezkuntza Saila, igoal euskal gizartea da arazoa. Beroni aurrez aurre begiratu eta azaldu behar diote zer eskatzen ari diren, zergatik, norentzat, zeren truke, zenbat eta, jakina, ze greba ereduz. Eta, ahal bada, hori guztia begiradari eutsiz egitea. Orduan jantziko da aldarria gizalegez. Bitartean, grebalari gehienen jauzia urrun, oso urrun geratzen da gutxieneko dezentziaren langatik.

Zutik-ekoek beste ezkergintza baterako jardunaldia antolatu zuten duela aste batzuk. Bihotza dagoen aldea da ezkerra. Nik jarraituko dut, ea EHUkoekin alde hori samurtzen zaidan. Ez dut ezer agintzen. Oraindik ez dut alde horretan aurkitu EHUko askoren soldata igoeraren auzia.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2044
 
azala2043

2045 zenbakia.
2006ko ekainaren 18a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza