Bertso berriak... Azalaren mamiari jarriak

Maialen Lujanbio

Maialen Lujanbio


2006-06-18

Doinua: Anderea gorarik edo Ezkotariarena.

I

Buzo urdinak

klase-arteko langaren

azpian, nola

jauntxoen eskulan garen.

Kate-laneko

lau mila-pasa langaben

begi galdua

izan liteke Landaben.

II

Buzo laranjei

zerutik behera jaramon

begi urdin bik:

"Move fucking terrorist, come on!"

Ilargi etzana

nola zut ta galant dagon,

eguzki puskak

belauniko Guantanamon.

III

Kamuflajeko

buzodun General gore:

dunetan hondar

ta lore artean lore.

Zorua bete

duzu bortxa ta dolore...

... kamaleoia

bere lurraren kolore.

IV

Buzo marradun,

lehen "noiz arte?", gaur noizkoak...

Chaplinen preso

filmeetatik herdoiz joak.

Ajatu ziren

marra horizontal ohizkoak,

ta bertikalak

ez izan algodoizkoak...

V

Legeen garçon,

zigor truk ditu biziak

buzo beltz bat den

toga baten gutiziak.

Entzutegian,

nahiz ez bistan guztiz biak,

begi batetik

ikusten du Justiziak.

VI

Buzo zuri bat

josi dizute larruan,

esku ta hanka

ehun ebillen amarruan.

"Eskizofrenia

bipolarra, bat graduan",

metastasi bat:

mundua buru barruan.


Argia.com 2012