Jakoba Errekondo
Hondartzak itsusitzen hasi dira. Laster ez da hondar alerik ikusi ere egingo; eta kresalaren gesalaren usainaren gainetik pototan datozen eguzkitarako omen diren ukenduen kiratsak nagusituko dira. Hondartza gehienetanà Badira, ordea, berezko usain gaziari eusten dioten hondar txokoak ereà
Urolaren inguruan Zumaiamin bueltaxka bat aurrekoan. Bertako traineruan gizon gorrien arraunkada hegalariakà errioan baina, hondarretatik urrun. Labarrak eta mendixkak gorabehera, izena ere gorri duen senaiatxoa aurrean, paradisua, baratzuri makatzez eta orkideaz jositako belaze zabal baten onilaren muturrean à Hondartzen inguruetan, itsasoaren termostatoaren luxuari esker, landaretza bereziak.
Baratzuriok beste baterako laga eta etxera bidean topatutako belar bati helduko diot. Zarautz txoroko Inurritza harrigarriko dunetan Festuca vasconcensis bizi da. Belar hau Europa hego-atlantiarreko itsas bazterreko dunatan bizi da eta euskaldunok baina erdaraz eman diogu izena, Fétuque basque diote Frantzian. Inurritzan gain Urdaibain ere, espekulatzaileen artean, bizi ote den entzun izan dut. Euri uraren eta itsasoko haize hezearen eraginez karea erabat galdua duten duna azidoak gustatzen zaizkio, mugitzen ez diren duna geldiak. EAEko espezie babestuen katalogoan zaurgarri edo kaltebera bezala jasoa dago eta Inurritzan behintzat Natura 2000 sarean sartu ondoren, golf pilotatxo egoskorren baten kolpea gorabehera, pakean lagako dutela dirudi.
Jabier Agirre
Astanafarreria edo barizela izandako pertsonen %20ri gutxi gorabehera zoster herpesa agertuko zaie beren bizitzan, noiz edo behin, duela gutxi kaleratutako Praktika kliniko egokirako gidaliburuan argitaratutako datu epidemiologikoen arabera.
Zoster herpesa barizela eragiten duen birusaren berraktibazioak sortzen du, eta horrexegatik esaten zaio birus horri barizela-zosterraren birusa (BZB). Astanafarreria pasa ondoren, birusa inaktibatu egiten da, baina egoera sorrean bada ere, gorputzean geratzen da, orno-muineko atzeko sustraien eta bikote kranialen gongoiletan. Eta handik urte batzuetara, oraindik ere oso argi ez dauden eraginen ondorioz -faktore asko aipatzen dira, estresa, esaterako-, birusa berriro "esnatu" egiten da eta gongoiletik nerbioan barrena aurrera egingo du, nerbioari dagokion azal-eremura iristeko. Eta azal-eremu horretan zoster herpesa agertuko da.
Gaixotasun hori, zoster herpesa, alegia, molestoa da, mingarria, baina medikuntzaren aurrerapenei esker gaur egun baditugu gaitza kontrolatzeko eraginkortasun handiko botikak. Tratamenduarekin, prozesuaren larritasuna, hedapena eta iraupena mugatu nahi dira, gaitza barreiatzea saihesteko, eragiten duen min zorrotza gutxitzeko eta neuralgia post-herpetikoa prebenitzeko. Horixe da BZBren konplikaziorik usuena, minak irautea, nahiz eta azaleko lesio guztiak erabat sendatu. Neuralgia horrek 1-6 hilabete irauten du, baina urtetan ere luzatu diren kasuak aipatzen dira literatura medikoan.
Birusaren kontrako tratamenduak mesede egiten die zoster herpesak jotako paziente gehienei, baina ezinbestekoa da 50 urtetik gorako gaixoetan, immunodeprimituetan eta baita azaleko lesioa begitik edo belarritik hurbil kokatua dagoenean. Dena den, botika antibiralez gain, zoster herpesak analgesikoak (minaren kontra) eta anti-inflamatorioak ere (hantura gutxitzeko) behar izaten ditu, tratamendua modu egokian egiteko.
Joxerra Aizpurua
Nitrogenoa biziaren arrasto
Lurretik kanpo, espazioan zehar, ikerlariak bizi-arrastoaren bila dabiltzanean ur-aztarnak topatu nahian aritzen dira, urik gabe ezinbestekoa baita bizia. Hala ere, Kalifornian dagoen USC deitu unibertsitateko Kenneth Nealson eta beste hiru ikerlarik zera diote: ezin da irudikatu bizia urik gabe, baina bai alderantziz, hots, irudikatu dezakegu ura bizirik gabe.
Hauen arabera nitrogeno organikoak adierazten du biziaren benetako arrastoa. Martitzen ikerlariak itsu-itsuan dabiltza ur-arrastoen bila, baina ura aurkituta ere, gerta daiteke bizirik inoiz ere ez izatea. Nitrogeno organikoa, aldiz, jarduera biologiko baten emaitza da beti, beraz, horren arrastoa segitu beharko litzateke biziari arrastoa segitu ahal izateko.
Lurraren atmosferak nitrogeno ugari du eta galtzen den nitrogenoaren ordez, Lurreko biziaren hondakin gisa sortzen da nitrogeno berria. Lurrean egunen batean bizia desagertuko balitz, nitrogenoak ere pixkanaka beherantz joko luke.
Martitzeko atmosferan dagoen nitrogeno-kontzentrazio baxuak nitrogeno organikoaren produkzioa zeroaren hurrengoa dela adierazi nahiko luke, baina gutxi baldin bada ere, egon badagoenez, nitrogeno eskas horren peskizan aritu beharko lukete ikerlariek eta alde batera utzi ur-arrastoen inguruko esfortzuak.
Otien armada
Oti isolatu batzuk min nabariak egiten dituzte lur-eremuetan, baina oti-multzo handi batek uzta osoak kalte ditzake. Aspaldi ari dira ikerlariak aztertzen ea nola osatzen diren horrelako oti talde handiak eta nola abiatzen diren guztiak norantza berean.
Australiako Sydney Unibertsitateko Jerome Buhl eta lagunek Science aldizkarien argitara eman duten ikerketan baieztatu dute, dentsitate kritiko bat behar dela otien armada eraginkorra izateko.
Saiakerak Schistocerca gregaria espezieko aleekin egin dituzte, espazio mugatu batean ale-kopurua aldatuz. Otiak gutxi zirenean bakoitzak bere bideari jarraitzen zion, baina 25etik gora zirenean, talde dinamika aktibatzen hasten zen eta 30 aletik gora -edo beste era batera esanda, metro karratuko 70 aletik gora- bost minutu nahikoak ziren guztiak norantza berean ibiltzen hasteko.
Laborategian erabilitako ale-dentsitateak naturan gertatzen direnaren antzekoak izan dira; naturan otiak uztak kaltetzen dituztenean metro koadroko 50 aletik gora izaten baitira.
Horrelako talde erraldoiak osatzen direnean nahikoa izaten da ale batek elikagaiaren arrastoa nabaritzea guztiak bere norantzan abiatzeko.
Beraz, izurriteei aurre egiteko ikerketak taldearen osatze-zergatiak gehixeago argitu du.