Ander Altuna
Beasainen jaiotako Estebe Ormazabal 1996an heldu zen Brasilera lan kontuak zirela medio, Danimarkan, Italian, Ingalaterran, Alemanian, Suitzan eta Irlandan ibili ostean. Hasieran denboraldi baterako geratzeko asmoz, baina maiz gertatzen den legez, usteak usteldu eta bertan bizi da egun. Azkue hondarribitarra berriz, duela sei urte iritsi zen. Londresen zela orain bere emazte den Marina ezagutu eta berarekin etorri zen.
Bai batak zein besteak euskara erakusten du Sao Paulon. Haatik, euskarazko klaseak ematea ez da bat-batean sortutako zerbait, aurrekariak egon badaudelako. Ormazabalek azaldu digu: «Xabier Harluxet baionarra ezagutu nuen orain zortzi urte eta elkarrekin hasi ginen hainbat ekimen antolatzen, Euskal Etxeko giroa suspertze aldera. Horren harira, lehenengo euskarazko kurtsoa antolatu genuen Sao Pauloko unibertsitatean. Hilabeteko ikastaroa izan zen eta Eusko Jaurlaritzak ordaindutako irakasle bat ekarri genuen. Hala ere, lan kontuek beste norabait eraman gintuzten bai Harluxet eta baita ni ere eta ekimen horri ez zion inork jarraipenik eman. Itzuli eta euskal etxearekin jarri nintzen harremanetan euskarazko klaseak berriz antolatzeko. Orain dela urte batzuk HABEko kanpo harremanetako arduradun Zinkunegi Sao Paulon izan zen eta harekin hitz egin ostean afixak jartzen hasi ginen. Lehen egunean 50 lagun gerturatu ziren gure harridurarako. Ikasleetako bat Sao Pauloko unibertsitateko irakasle da eta hark esan zidan unibertsitatean bertan euskarazko klaseak emateko aukera zegoela. Dena den, gauza asko nituen esku artean eta ezin nintzen guztietara iritsi. Orduan Iker ezagutu nuen».
Iker Azkuek astean behin ematen ditu klaseak. Estebe Ormazabalek, aldiz, hamabostean behin. Klaseetan, euskara eta euskal kultura uztartzen dituzte eta 70 ikasle inguru dituzte. Ikasle taldea heterogeneoa da oso: 60 urtetik gorako jatorri euskalduneko jendea, gazteak, batzuk euskal abizena dutenak baina Euskal Herriari eta euskarari buruz deus entzun ez dutenak. Azkueren esanetan, «jakinguragatik gerturatzen dira, batez ere. Nire ikasle gehienak filologiako ikasleak dira eta euren klaseetan entzun dute nola hizkuntza berezia den, Europan hitz egiten den hizkuntzarik zaharrena, jatorri ezezagunekoa... horrek jakin-mina pizten du haiengan». Euskal Herriko ohitura eta tradizioen inguruan jakin nahi dute. «Euskal mitologia, bertsolaritza, euskal kirolak, aspaldiko ogibideak (hala nola, arrantza eta artzaintza), musika, oro har denetarik jakin nahi dute», gaineratu digu hondarribitarrak.
Iaz egin zuten euskarazko klaseen lehen deialdia eta orain gutxi beste deialdi bat zabaldu dute. Bai batean zein bestean, gelak txiki geratu dira jendearen erantzunaren aurrean. Ikasleetako bat Adan Cunha brasildarra da. Ikasleek ez dute ia erreferentziarik euskara eta Euska Herriaren inguruan eta duten apurra «euskal arazoak» sortutako oihartzunetik jasoa da. «Nazioarteko terrorismo eta arazo politikoekin zerikusia duten gaiak ikasterakoan entzun nuen lehenengo aldiz euskararen inguruko zer edo zer», azpimarratu du Cunhak. Erronkak gustatzen zaizkio Adan Cunhari eta euskaraz ikastea desafio handia da berarentzako: «Erromatarrei, Erdi Aroari, Francoren diktadurari eta beste hamaikari egin dio aurre euskarak. Hori dela eta, nire buruari esan nion, ćhizkuntza horrek zoragarria izan behar duĆ. Gainera, irakasleek pazientzia handia dute gurekin eta oso onak direla uste dut». Momentuz ez du Euskal Herria ezagutzeko paradarik izan, baina izugarri gustatuko litzaioke bertara joatea, «euskaldunen kultura zoragarrian gehiago sakontzeko».
Daniel Udalaitz
Duela urte batzuk urte askoan landutako proiektua lortuko zela zirudien: EAEko hiru Aurrezki Kutxen bategitea (Bizkaiko BBK, Gipuzkoako Kutxa eta Arabako Vital). CANrekin erlazioak mantenduko zirela esaten zen, egungo marko juridiko-politikoak zailtzen bazuen ere. Bategite prozesuaren hasiera plazaratu ere egin zen euskal Aurrezki Kutxetako hiru presidenteekin batera. Hilabete batzuk geroago, aldiz, bategite prozesua bukatutzat jo zen, prozesuan zailtasun politikoak egon zirela esanez. Aurretiaz ere horrelako zailtasunak izan ziren.
Zeintzuk dira zailtasun politiko horiek? Argi dago: euskal politikari gehienek (EAJ, EA, EB, PSOE) bategite prozesu hau burutzeko borondate politikoa bazuten arren, PP kontra zegoen. Eta PPk Arabako bere Vital Kutxa kontrolatzen duenez, bategitea gauzatuko balitz, boterea galtzeko beldur zen. Euskal alderdi politikoek ezin zuten elkar ulertu, eta hau oinarrizkoa zen bategite prozesua burutzeko. Ezker abertzalea, marko politikoa osatzeko, prozesu honen alde zegoen, beti ere, aurreragoko akordio batean CAN ere sartzekotan; horrela, Euskal Herriko Aurrezki Kutxa bakarra osatuko litzateke.
Nola dago orain prozesu hau?
Horretarako bategitera doazen euskal kutxen protagonisten adierazpenak hartu behar ditugu kontuan. Adierazpenok martxoa eta apirilaren artean egin dituzte finantza entitate bakoitzaren ospakizunaren inguruan. Hau da, duela bi hilabete. Eta egun horietan edo aurrekoetan gertaera esanguratsuak ere izan dira.
Hala, BBK eta Kutxak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Kutxen bategitearen alde jarraitzen dute. Vital Kutxaren presidentea PSEkoa bada ere, eta bategitearen alde badago ere, bere administrazio batzordea PPk kontrolatzen duenez, ez du bategitea onartzen. Eta Nafarroakoak, UPNren eskutan, Euskal Autonomia Erkidegoko merkatuan bere negozioa zabaltzeari ekin dio.
Esan beharra dago elkarrenganako errespetua eta Hego Euskal Herrian Kutxa bakoitzak beste probintzietan eskua ez sartzea izan dela orain arte ohikoena lau Aurrezki Kutxen artean. Hauek Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioaren barne daude.
Adierazpenak eta gertaerak
Martxoaren 25ean, Xabier Iralak, 2005ean 199 milioi eurotako onurak izan zituen BBKko presidenteak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru Kutxen bategitea indarrean zegoela adierazi zuen publikoki. Esan zuen bategitearen ondorio ekonomikoei buruzko ikerketa tekniko baten arabera, bategiteak hiru Kutxek dituzten balioen zenbatekoari %50 gehituko liokeela. Hiru entitateek ahal dutena egin dutela baieztatu zuen, baina «egungo legea aldatzeko lege-giroa aldatzea beharrezkoa da, honek gure ustez, proiektuak behar duen bermea izatea galarazten baitu». PPri aipamena eginez, Iralak esan zuenez «legegintzan ez dago aurrerapausorik eta guztiz deitoratzen dut alderdi politiko baten interes partikularrak nahiago izatea hiru kutxen bategiteak gizartean izan dezakeen onura baino». Ideia bertsuak azaldu zituen maiatzean Bilbon egindako foro ekonomikoan.
Martxoaren 30ean, Gregorio Rojok, 2005ean 55,8 milioi eurotako onurak izan zituen Vital Kutxaren presidenteak, gainontzeko euskal kutxekin «itun estrategikotan» interesa azaldu zuen. Rojok esan zuenez, «Vital Kutxaren organo zuzentzailearen zeregin garrantzitsuenetarikoa, finantza sektorean aurrerago izango diren mugimenduak aurreikustea da, ari garen merkatuan gure entitateari dagokionez galerak saihestearren». Horretarako, beste euskal kutxekin «itun estrategiko» horien alde egin zuen. Hala ere, biharamunean egindako Vital Kutxaren Batzarrak kide erdiak eta administrazio batzordekoak berritu zituen. Kontseilu berri hori, gehiengoa PPren esku, bategitearen kontra dago.
Apirilaren 1ean, Carlos Etxeparek, 2005ean 176 milioi eurotako onurak izan zituen Kutxako presidenteak, esan zuen proiektua «bizirik» baina «lozorroan» dagoela. Etxepareren iritziz, bategiteak «beste bezero batzuk izaten utziko liguke eta beste dibisio batean jokatzeko aukera emango liguke, Champions dibisioan». Etxeparek baieztatu zuen Kutxa kudeatzaile gogotsua izango dela, itun-prozesu konplexu batean behar den adostasuna lortzerakoan eta etorkizunean proiektua egi bihurtzeko, konfiantza sortuz jarraituko duela.
Datorren ekainaren 21ean Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao Eusko Legebiltzarreko agintari ohien absoluzioa aztertu beharko luke Espainiako Auzitegi Gorenak; Alberto Figueroa akusatuen abokatuak bi mafistraturen aurka jarritako errefuxatzea onartuz gero, ordea, gaiaren azterketa atzeratuko litzateke. Apirilaren 21ean Ibarretxe lehendakariak Batasunarekin izandako bilera ikertuko du EAEko Auzitegi Nagusiak. Batasunaren prentsaurrekoak eteten dira, baina, aldi berean, Ertzaintza dagoeneko ez indarrez oldartuko Batasuneko manifestazioen aurka: isunak bakarrik jarriko ditu. Surrealismoaren ate batzuk ixten ari dira apurka, beste batzuk zabalik dira oraindik.
Azken boladan han hemenka ari da ateratzen erabaki eskubidea eskubide historikoen formulari lotua. Joan den igandean El Diario Vasco-n egindako elkarrizketan Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia zuhur agertzen da bide horren potentzialitateaz, batez ere orain arte bederen Espainiako agintari politiko eta judizialak hauen interpretazioa tranpa gisa erabili dutelako. Bere ustez, beraz, tranpa hori saihesteko logikoena egungo legedia aldatzea litzateke.
Nagore Irazustabarrena
Kataluniako estatutu berriak azken urtean sortutako burrunba eta gero, katalanek igande honetan, hilak 18, bozkatuko dute haren alde edo aurka. Baina, bertako kaleek ez dute horrelakorik islatzen ia. Afixa gehienak kale-argietan txukun-txukun zintzilikatu dituzte, Malevichen erakusketa edo The Whoren kontzertua iragartzen dituzten kartelen alboan. Noizbehinka panel bakan batzuk ere badira, horietako asko hutsik. Katalunian kanpaina diskretu eta mugatuak egiteko joera -afixei dagokienez, behintzat- azken bizpahiru hauteskunde kanpainetan dagoeneko nabari zela esan digute. Nonbait, ia inor ez dago prest erratza eta kola hartu eta hormak papereztatzeko.
Passeig de Grŕcian behera ICV eta, bereziki, CiUren baiezkoak nagusitzen dira, baina Gran Via de les Corts hartu eta ezezkoa gailendu da, ERCrena lehenik, PPrena aurrerago. Ramon Llull Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatera sartu eta tabernan inork ez du estatuturik edo erreferendumik aipatzen. Azterketetan dira ikasleak, horien artean Natalia eta Adriá. «Ez pentsa azterketa garaitik kanpo ere Estatut-aren inguruan gehiegi eztabaidatu dugunik, beste lehentasun batzuk ditugu» dio Nataliak. Biak joan den hilabetean etxebizitza arazoaren aurrean Espainiako Estatuko hainbat hiritan gazteek burututako mobilizaziotan izan ziren eta Bartzelonakoan lelo nagusia «Etxebizitza gehiago eta Estatut gutxiago» izan zela kontatu digute. Nataliaren kasuan «Estatut gutxiago» horrek abstentzioa esan nahi du: «Alderdi guztietako politikoek eman duten ikuskizun negargarriaren ondoren, ez dute ahaleginik txikiena egitea ere merezi». Adriáren kasuan aldiz «Estatut gutxiago» horren itzulpena ezezko bozka da. Nataliak PPk eskatzen duena bozkatuko duela gogorarazi dio. «Ezezkoa da, ados, baina ez da ezezko berdina -erantzun dio Adriák, -ezezkoa modu positiboan ulertzen dut nik, gainera: estatutu deskafeinatu horri ezetz esatea, sistema finantziario bidezkoago baten alde egitea da, erabakitzeko eskubidearen alde, autodeterminazioaren alde...».
Inkestek baietz diote
Bi pertsonari galdetzea ez da nahikoa errealitatearen isla jasotzeko eta, hain zuzen, inkestek baiezko emaitza argia aurreikusten dute igandeko kontsultan. Duela hilabete egindako galdeketetan baiezkoa %60 inguruan zebilen eta Noxa institutuak La Vanguardia egunkariarentzat egindako azken inkestan %70 arte igo da. Ezezkoa beti ibili da inkestetan %20 eta %30aren artean eta azken honetan %23an kokatu da. Abstentzio handiaren beldur baziren ere, parte hartze datuak apurka gora egin dute eta %57an dira orain.
Komunikazio Zientzien fakultate honetan irakasle den Francesc Marc Alvaro kazetari eta analista politikoak subiranistatzat du bere burua eta ez da baiezkoa eskatzen duten alderdiekiko hurbil sentitzen -PSC, ICV eta CiU-. Baina aldeko bozka emango du: «Bi aukera txarren artean hain txarra ez dena aukeratuko dut, ikuspuntu pragmatiko hutsetik». Inguruan baditu ezezkoaren aldekoak, Hector Lopez Bofill zuzenbide konstituzionaleko irakaslea, esaterako. Lopez Bofillek dio haustura demokratikoa bilatu behar dela, otsailaren 18ko manifestazioko olatu subiranista aprobetxatuz. Ezezkoa olatu hura areagotzeko erabil liteke.
Francesc Marc Alvaroren ustez, ordea, «hausturarako ezezko hori errealitatean existitzen ez den mugimendu batean oinarritzen da; Kataluniako gizartea ez dut horretarako prest ikusten. Ezezkoa geure burua paretaren kontra jotzea da».
Maragall presidenteak dio estatutu berria datorren 30 urtetarako izango dela eta horrek jende asko beldurtzen du. «Nik, baiezkoa emanda -dio Alvarok- ez dut 30 urterako kontraturik sinatuko. Autonomien Estatua etengabeko eztabaidan egonda, eta gobernu zentralean gehiengo absolutua ez dagoen bitartean, edozein momentutan ireki daiteke aldaketa berriak sartzeko aukera».
Norena da ezezkoa?
Pere Ortega historialariak zalantzak ditu oraindik. Ezezko bozkarako arrazoi ugari ikusten du: «Hasiera-hasieratik planteamendu akats bat egon da, nire ustez. Pujolen 23 urteen ondoren, ezkerreko hiruko gobernuak itxaropen handiak sortu zituen politika sozialean beste maila batera iristeko. Baina gobernua osatu eta hurrengo egunean estatutuarekin sartu ziren buru belarri. Presaka ibiltzeko beharrik eta eskaera sozialik ez zegoen». Estatutak legegintzaldia hasieratik hipotekatu izana Kataluniako ezkerraren porrota izan da Ortegarentzat.
CiUk prozesuan hartutako protagonismoa, Mas-Zapatero negoziazioak suposatu zuen traizioa eta Madrilen testuak izan zituen beherapenak ezezkora daramate Pere Ortega. Baina arriskua ere ikusten dio bozka negatiboari: «Prozesuak higadura politiko ikaragarria ekarri du eta eztabaida zabalik mantentzea arriskutsua izan daiteke. Gainera, beldur naiz ezezkoak, azkenean, ERCri kalte eta PPri mesede egingo ote dion».
Iritzi berekoa da Francesc Marc Alvaro: «ERCk hasieran eskatutako boto baliogabeak ez zuen inor pozik uzten. Baina haren alde egin zutenek garbi zuten ezezkoa PPrena zela. Orain ERCk nola kalkulatu behar du bere ezezkoa zenbatekoa den? Astelehenean Rajoyk ez du onartuko ezezko portzentajea subiranista denik; azkenean, berak kapitalizatuko du ezezko subiranista hori».
Aipatutako La Vanguardiako inkestak datu esanguratsuak zehazten ditu ezezkoaren inguruan. PPko botoemaile naturalen artean %69ak agertu du ezetz esateko asmoa, eta %20ak estatutuaren alde egingo du. ERC bozkatu ohi dutenen artean, berriz, %35ak soilik bozkatuko du alderdiak eskatzen duena, hots, ezezkoa; baiezkoa %45en aukera izango da.
Estatutua ez beste guztia
Prozesu guztian zehar, Kataluniako gizarteak edukiaren inguruko informazio falta salatu izan du. Egun ere gehiengoak ez du garbi onartu behar den testuaren edukia. Eta erreferendumaren kanpainak ere ez du horretan lagundu. Kanpainaren lehenengo egunean CiUko Artur Mas-ek udazkeneko hauteskundeak irabaziz gero ondorengotza zerga kenduko zuela agindu zion hainbat enpresabururi. Hortaz, hauteskunde autonomikoen aurrekanpainan gaude, erreferendumaren kanpainan baino. «Denak denen kontra»ko dinamika nagusitu da: ERC CiUren aurka; CiU ERCren eta PSCren aurka; ICV, berriz, ERC eta CiUren aurka; PSC PPren aurka; eta PP beste guztien kontra.
Kanpainako leloek argi utzi dute hori. PSCren kanpaina gogor kritikatu dute PPren kontrako aipamen zuzena egiten zuelako -azkenean, afixetan «si» soil bat ipintzea erabaki dute-. Baina ez da hori beste alderdiak zuzenean erasotzen dituen lelo bakarra. Irratirako ERCren iragarkietan «Artur Mas-ek gezurra esan digu; Alfonso Guerrak iseka egin digu» entzun daiteke.
Francesc Marc Alvarok dio, azkenean, igandean estatutuaren edukia ez beste guztia bozkatuko dela: «Batzuek Maragall edo Zapateroren alde bozkatuko dute, beste batzuek PP izorratzeko edo Kataluniako gobernua zigortzeko, Mas-Zapatero akordioaren kontra edo Caroden alde».
Abstentzioaren beldur
Maiatzaren bigarren astean Generalitatek eskatutako inkesta batek zioen orduan hautesleen %24ak soilik agertu zuela bozkatzera joateko asmo ziurra. Pere Ortegarentzat kezkagarria litzateke partehartze baxua: «Batetik, defizit demokratikoa dakarrelako eta, bestetik, emaitza baiezkoa izanda ere, abstentzio handiak estatutua debaluatuko lukeelako. Eta ezkerreko ikuspuntutik kaltegarria litzateke hori. Baiezko garbiak ezkerreko hiruko gobernua berregiteko aukerak zabalduko lituzke; baiezko ahulagoak aldiz, CiU-PSC koalizio gobernua ekar dezake».
Dena den, kontuan izan behar da erreferendumetan ohikoa dela partehartze baxua eta, azken datuen arabera, abstentzioa 1979ko estatutuaren erreferendumean emandakoaren antzekoa izan daiteke: 79an hautesleen %59k bozkatu zuen eta oraingo inkestetan partehartze datuak apurka gora egin du %57ra iritsi arte. Francesc Marc Alvaroren ustez, «ongi pentsatuta, perbertsio ikaragarria da, baina estatutuaren edukiaren gainetik beste hainbat gauza bozkatzeak, hain zuzen, jende gehiago mobilizatuko du».
Seguruenik, igandean estatutuak azterketa gaindituko du. Politiko katalanek, ordea, udazkenean aurkeztu beharko dute eta ikusteko dago nork gaindituko duen. Gutxienez, inork ezingo die leporatu berau prestatzen berandu hasi direnik.
ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuenetik jakina zen PPren orduko jarrera zuhurraren amaiera denbora kontua besterik ez zela. PP bere ohiko Brunete jantziz atera da bake prozesua oztopatzera, baina oraindik ez dago guztiz argi oztopatze hori nola jantziko den. Euskal eta espainiar lurretara egin berri duen bisitan, Gerry Adamsek esan zuen UUP alderdi unionista nagusiak parte hartu izan ez balu, gaitza zatekeela Irlandako bake prozesua aurrera ateratzea. Horrek irakurketa oso gaiztoa du Euskal Herriarekiko, baina oraingoz bederen, duela bi urteko Zapatero ahul hura, indar irudia ematen ari da, eta PPrik gabe ere aurrera egingo duela irudikatzen du. Madrilgo AVTren eta PPren manifestazio esanguratsu eta erraldoia hor dago, baina su-etenaren iragarpenaren ostean nazioarte mailatik eta bereziki Europako Batasunetik eta NBEtik Zapaterok jasotako sostenguak ere bai. Datozen bi asteetan Zapaterok Kongresuan ofizialduko ditu ETArekiko elkarrizketak. Oraingoz, beraz, gidoia betetzen ari da.
Kataluniako estatutu berriak aurrera jarraituko du igandeko erreferendumaren ondoren. Ikusi beharko da zein legitimitate mailarekin (1979ko erreferendumean %59ko partehartzea izan zen), baina azken langa gaindituko du. Ikusi beharko da Euskal Herriko bake prozesuak zer ubide berri sortzen duen herrien eskubideen alorrean, baina gaur gaurkoz, datozen hogei urterako marko berria ezartzen ari da Katalunian. Eta deigarri egiten da horrek Katalunian sortzen duen ilusio maila apala. Azken hilabeteetan etsipena finkatu da Kataluniako herritar askoren artean, are gehiago abertzaleen artean. Baietzak nabarmen irabaziko badu ere, esparru abertzalean egoera berri bat sortuko dela irudikatzen ari da, eta honen gidari naturala ERC izango da, azken hilabeteetan izan duen noraeza itxura zuzentzea lortzen badu bederen.