Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-18 -- 2045.zenb

Gotzon Barandiaran

Andra batek Bilboko alde zaharreko Gaztetxea izan behar zuenaren desalojoaren aurka protestan ari ziren gazteei amorruz: «Les queremos y les necesitamos, a vosotros no, a ellos si».

Poliziak maite eta behar ditugu, berrogei urtean usteltzen ari zen espazioa erabilera librerako berpiztu gura zuten gazteak ez, horiek ez ditugu ez maite ez behar. Maite eta behar ditugu aldaketa xumeena ere proposatzen duten herritarrak gupidagabe eta makurrarazi arte jipoitzen dituzten poliziak. Ez ditugu maite eta are gutxiago behar ongizatearen jendarte kapitalista kolokan jar lezaketen gazteak. Horiek egurra baino ez dute merezi; egurra eta doazela gurasoekin bizitzera, ondo jantzi, ondo orraztu eta behar den modukoa zelan izan ikastera. Maite ditugu ekonomiaren nazionalista eskuindarren lagun diren espekulatzaileak babesten dituzten poliziak, etxebizitzen prezioari gehiegizko deritzogun arren eta inkesta manipulatuetan etxebizitza gure ardura nagusienetakoa dela erantzuten dugun arren. PNVren polizia beltzaren jokaera neurrikoa dela infinitatzen dutenek, eskuak gora dituzten herritarrak porraz jazartzen dituen poliziaren jokaera gizabidezkoa dela infinitatzen dutenek, azaldu egin beharko ligukete horrekin ados ez gaudenoi, zertan diren neurriko eta gizabidezko. Balzari, Imazi, Azkarateri, Ariztondori, Urkulluri, Ibarretxe eta enparauei exigitu egiten diet, publikoki azal dezatela zergatik hartu behar ditugun ez-gizaki bihurtu dituztenen jokabide horiek gizalegezkotzat, zergatik esaten duten bake prozesua martxan jartzeko indarkeria desagertu egin behar dela euren aginduetara dauden borreroek herritarrak jipoitzen dituzten bitartean, zergatik den indarkeria batzoki baten kontra pintura jaurtitzea, zergatik dieten horrenbesteko erra gaztetxeei. Orain arte ere beraiek nahieran erabili dituzten bina telebista eta irrati kate publiko ditugu, egunkarietan ere tartea egin liezaiekete. Munduko agintari guztiek mezuak zabaltzen dituzte telebista edo irratia direla medio, hartzen dituzten erabakien berri herritarrei jakinarazteko. Azal diezagutela zergatik erabaki duten poliziaren indarrez konpondu behar dela hemen auzi oro. Esan diezagutela zergatik maite dituzten, Bilboko gazteak iraindu zituen andra horren eta beste askoren antzera, poliziak eta zergatik gorroto dituzten gazte batzuk. Bide batez, Julian Iantziri proposamena luzatzen diot, hurrengo tortura programa agintari horiekin edo babesten dituzten alderdikideekin egin dezala; gustura ikusiko nituzke, berbarako, polizia maite duten horiek ke poteen artean korrika, gomazko pelotek eragindako zauriak sendatzen anbulantzia baten alboan, bisaia lurrean estu-estu belaun batek arnasa ere atxilotzen dien bitartean. Susmoa baitut palkotik beste era batera ikusten direla gauzak.

Joseba Azkarraga

Saiatuta ere EHUkoen negarrarekin ez zait bihotza samurtzen. Errukiak, eta sentimenduaren espresio politikoa den elkartasunak, ez du bidea egiterik lortzen.

Bakoitzari urtean 6.000 euro gehiago. Kilo bat. Ertainekoen parera heltzea helburu. Unibertsitate publikoan bada konpondu beharreko prekarietatea, dudarik ez. Gertutik ezagutzen ditut kasuak. Berehala konpon ditzatela. Baina, hara, askoren kasuan bada zaindu beharreko beste zerbait, nahikotasunaren nozioa deituko diot.

XXI. mende hasierak lanaren mundua duintasunez husten eta langileen autoestimua hausten dihardu. Globalizazioaren desbenturak omen. Elkartasunaren sentimendu-geografia erraz lotzen da herritar xehe ugarik egunero nozitzen duten umiliazio sortarekin. Sei mila euroko ale bakoitza hauskortasun egoera bakoitzari erantzuteko hobeto ote legokeen, poltsikoak hain hotz eta barruak hautsita ez dituzten horiei gehiago eman beharrean.

Herritar asko husten eta hausten diharduen marko orokorrean, lanaren aristokrazia da unibertsitateko sektore handi bat. Gizarte prekarizatu batek sostengatzen du merkatuan egunero lehiatu behar ez den aristokrazia unibertsitarioa. Eta sumatu dut EHUko euro eskatzaile batzuen artean nolabaiteko apurua.

Nire lagun prekarizatu batzuek, euskalgintzako irakasleek, oraindik aurpegiari josia dute sei mila euroko eskaerak sorturiko harridura keinua. Harridurak haserre traza hartzen du zera entzutean: gehienek egin omen zuten greba eta ia guztiek kobratu greba eguna. Errektoretzak greba nortzuk egin zuten galdetu eta ia guztiek ezetz. Nobleziaren jarrera ez oso noblea. Kobratutako hori prekarizazio hazkorraren erruberapean bizi den gizarteak pilatutako dirua ere badela pentsatu nuen.

Lan asko egin eta gutxi kobratzen dute, hori irakurri ahal izan dugu zenbait iritzi artikulutan. Lagun prekarizatuen artean, ironia finaren ale politak entzun ditut ideia horren lehen zatiari loturik. Eta irakurri berri dut ironia jakintzaren goialdea dela, herritar jakitunek sorturiko umorea. Euren hauskortasunari eta txikitasunari begiratuz sorturikoa. Bai, lan egiten duenari eman egin behar zaio. Halaber, betikoa: sistema horretan aukera hori norbanakoaren borondate onaren kolkotik eskegi ohi da.

Greba egin eta kobratu zutenen artean aurkitu dut jarrera bitxi bat: paparra atera eta portaera hori harro aldarrikatzen dute batzuk, izan ere, etsaiari, hots, Errektoretzari, ur ttanttarik ere ez. Nola esan: agian EHUko langileen arazoa ez da Errektoretza, ez eta Hezkuntza Saila, igoal euskal gizartea da arazoa. Beroni aurrez aurre begiratu eta azaldu behar diote zer eskatzen ari diren, zergatik, norentzat, zeren truke, zenbat eta, jakina, ze greba ereduz. Eta, ahal bada, hori guztia begiradari eutsiz egitea. Orduan jantziko da aldarria gizalegez. Bitartean, grebalari gehienen jauzia urrun, oso urrun geratzen da gutxieneko dezentziaren langatik.

Zutik-ekoek beste ezkergintza baterako jardunaldia antolatu zuten duela aste batzuk. Bihotza dagoen aldea da ezkerra. Nik jarraituko dut, ea EHUkoekin alde hori samurtzen zaidan. Ez dut ezer agintzen. Oraindik ez dut alde horretan aurkitu EHUko askoren soldata igoeraren auzia.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan