Euskararen arrastoak Iruņa-Veleian?
Egunkari batzuek hala adierazi zuten ekainaren 9an, Arabako Iruņa-Veleia aztarnategian aurkitutako piezetan euskararen arrastoak zeudela. Hala balitz, orain arte aurkitutako euskarazko idatzirik zaharrenak lirateke eta euskararen jatorrizko oinarria Nafarroan kokatzen duen hipotesia bertan behera utziko luke. Ordea, aztarnategiko arduradunek eta baita Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek ere, euskararen arrastoei buruz zuhurtzia handiz hitz egin behar dela esan dute. Oraindik ikerketa asko dago egiteko.
Arabako Iruņa-Veleian munduan parekorik ez duen erromatar garaiko multzo epigrafikoa aurkitu dute. Aurkikuntza pasa den udan egin zuten, baina ekainaren 8an aurkeztu zuten. III. mendean Veleia hirian bizi zen familiak zeramikazko eta hezurrezko hondakinetan egindako inskripzioak dira. 270 idazki eta irudi dira, erromatar kulturako orain arteko aztarnarik garrantzitsuenetakoak. Arkeologoek aztarnetan idazkera hieroglifiko klasikoa agertu izana nabarmendu dute. Duela aste gutxi bigarren multzo epigrafiko bat aurkitu zuten, baina horri buruzko xehetasunik ez dute eman ikerketa ez baitute amaitu.
Greziako Rainbow alderdi politiko mazedoniarrekoak legebiltzarrean
Rainbow alderdi politikoak Greziako gutxiengo mazedoniarrak ordezkatzen ditu. Duela gutxi EAEko legebiltzarren izan dira beraien egoera lau haizetara zabaltzeko asmoz. Rainbowko ordezkariek Greziako erakunde erlijioso, kultural eta politikoen diskriminazioa salatu dute. Pavle Filipox Rainbowko bozeramaleak Deiari azaldu dioenez, Greziako Estatuak mazedoniarren ez kulturarik, hizkuntzarik, ezta identitaterik ere ez du errespetatzen. Adibide batzuk eman ditu Filipoxek. Hasteko, Filipoxek berak adierazi du bere abizena ezin duela erabili Greziako dokumentu ofizialak sinatzeko, Voscopoulos abizen greziarra erabiltzera derrigortuta dago. Alderdiko egoitzan afixak bi hizkuntzatan jartzeagatik auzitegira deitu zituzten. Lehen, poliziak mazedoniarrak zigortzen zituen kalean beraien hizkuntzan hitz egiteagatik. Orain kalean hitz egin bai, baina eskolan ez daukate ikasterik. Filipoxek dioenez, beraien hizkuntza ez da existitzen Greziarentzat. Bestalde, Europar Batasunaren hipokresia salatu du, estatu berriei, sartzerakoan, gutxiengoak eta giza eskubideak errespetatzea eskatzen dielako, baina baldintza horiek betetzen ez dituzten estatu kideei kargu hartzen ez dielako. Grezia eta Frantzia aipatu ditu Filipoxek baldintzak betetzen ez dituzten estatuen artean.
Daniel Udalaitz
Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) Nazio Batuen erakunde espezializatua da, eta gizartean justizia eta mundu osoan onartutako giza eta lan eskubideak sustatu nahi ditu. 1919an sortu zen, eta 1946an Nazio Batuen lehen erakunde espezializatua izan zen. LANEk nazioarteko lan arauak egiten ditu, hitzarmen eta gomendiotan gauzatzen direnak. Hauekin oinarrizko lan eskubideetan gutxieneko baldintzak finkatzen dira: askatasun sindikala, sindikatze- eta talde negoziazio- eskubidea, derrigorrezko lana ezeztatzea, aukera eta tratu berdintasuna, eta beste arau batzuk ere bai, lanarekin zerikusia duten baldintzak arautzeko. Batez ere ondorengo alorretan ematen du laguntza teknikoa: profesionalen heziketa eta birgaitzea, lanerako politika, lanaren administrazioa, laneko legeak, lan baldintzak, kudeatze garapena, kooperatibak, gizarte-segurantza, lan estatistikak, laneko segurtasun eta osasuna eta abar. Halaber, mendekotasunik gabeko langileen eta nagusien erakundeen sormena sustatzen du. Nazio Batuen baitan, LANE da egitura hirukoitza duen erakunde bakarra, non langileak eta nagusiak Gobernuekin maila berean diharduten euren administrazio organoen zereginetan.
PSOEko buruzagi eta hautetsi talde bat bizkartzaina eramateari uko egiteko adierazpena prestatzen ari da ABCk iragan astean iragarri zuenaren arabera. Eskuineko egunkariaren esanetan, sozialistek ez dute garbi nola gauzatu mugimendu esanguratsua, baina garbi dutena da halako iragarpen batek bake prozesua lagunduko lukeela, hain zuzen ere ETAren balizko erasoekiko inolako beldurrik ez dagoela irudikatuko lukeelako. Iragarpena udaran zehar gauzatuko ei litzateke.