Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-11 -- 2044.zenb

Jakoba Errekondo


Itsasoetan lehen tiburoiak ezagutu zituzten garaian arrainek lurrak kolonizatzea erabaki zuten, lehendabizi urlehortar, narrasti gero. Padura tropikalen garaia zen eta zuhaitzen tamainako garo edo ira erraldoien sasoia. Duela 365 milioi urte hasi eta hirurogeita hamabost bat milioi urtez luzatu zen garai honi Karboniferoa deitzen zaio. Iratzetzarrezko amaierarik gabeko garomenen zibilizazioa klima aldaketak medio suntsitu omen zen. Orduan lurrean pilatu ziren landare tantai zentoietatik sortuak omen dira zibilizatutik urri duen gure zibilizazioaren energia iturri garrantzitsuenak diren harrikatza, petrolioa eta gasa.

Garai honetan ez, geroxeago, Mesozoikoan, duela 250 milioi urtetik honantz sortu ziren landare loredunak. Garoak lorerik gabekoak dira, ugaltzeko perretxikoek erabiltzen dituzten esporen tankerakoak baliatzen dituzte. Generalean espora hauek garoaren hostoaren azpiko aldean ezkutatuta dauden multzo gorri batzuetan garatzen dituzte. Ingelesez, besteak beste, flowering fern, loredun garoa, deitzen diote San Juan garoari (Osmunda regalis). Esporak haziko dituzten multzo gorriak erdiko hosto tenteenen muturretan farfail erakusten ditu, gainontzeko garoei haientzako modernoegia den "lore"-tik baduela eta loredunei haiek baino ondotxo lehenagotik hor dagoela bera esanezā

Jatorri tropikal hura gogoan ez da nonahirako garo hau. Gehienez ere juxtu juxtuko izotzen bat egingo duen toki epel, heze eta lur azidoa dutenak atsegin ditu. Mila metrotik behera eta batez ere itsasora begirako labar eta errekasto-zuloetan topatuko duzu. Bakanagoa da hegoaldera eta horregatixe Sobrongo mehakako populazioa, arraro gisa sailkatua, jasoa dago EAEko arriskuan dauden espezieen zerrendan.

Kortezubin doninidie, Zuberoan iatzea eta basa iatzea, Lekeition trumonira eta trumoi ira, geurean San Juan garoaā udaberriaren amaierako solstizio erritoetarako erruz erabili izan da eta milioika urte ondorengo lizarraren, elorriaren eta erramuaren bultzadari eusten dio oraindik ere etxe batzuetan. Neure ustez garo dotoreena da eta baratzean dut, urte osoz ospatzeko, ez zaio alferrik garoen errege deitzenā

Osasuna

Jabier Agirre


Ariketa fisikoa egiteak hainbat muskulu martxan jartzea esan nahi du, eta horrekin batera gorputz osoak erantzuten du, muskuluei oxigeno eta energia edo janari gehiago eskaintzeko, eta ariketaren ondorioz sortzen diren beroa eta hondakin metabolikoak kanporatzeko. Ariketa fisikoa. Osasunaren talismana izeneko liburuaren arabera, asko eta oso mesedegarriak dira ariketa fisikoaren eraginak:

- Gaixotasun kardiobaskularren heriotza-tasa gutxitzen du, eta odoleko profil lipidikoa -koipeak, kolesterola eta abar- hobetzen da.

- Hipertentsio arteriala atzeratu edo gaitzari aurrea hartzen dio, eta jadanik hipertentsoak direnetan tentsioaren zifrak gutxitu egiten ditu.

- Pertsona helduetan diabetesa izateko arriskua gutxitzen du. Azukre eta karbohidratoak erretzen laguntzen du.

- Pisuaren kontrola eta gantzen kanporatzea errazten ditu, horrek dakarren mesede estetikoarekin.

- Hesteetako iragapena hobetu eta hesteak libratzea edo hustea errazten du. Bizimodu sedentarioak, aldiz, arazo horiek areagotzen ditu.

- Gaixotasun infekziosoak ez harrapatzeko, gorputzaren erresistentzia gehitzen du. Gorputza indartu egiten da.

- Minbizi batzuk (bularrekoa edo kolonekoa) jasateko arriskua gutxitzen laguntzen du.

- Gaitasun funtzionala eta muskuluen erresistentzia hobetzen ditu, eguneroko bizimoduan, lanean edo aisian egin beharreko jardueretarako; giltzaduren funtzioa hobetu eta artrosiaren agerpenari aurrea hartzen dio.

- Insomnioa prebenitu eta hobetzen du; estresa kontrolatzen laguntzen du; irudi pertsonala hobetzen du, optimismoa gehitu eta antsietate edo depresioaren sintomak hobetzen ditu.

- Ibiltzea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, yoga, gimnastika... bezalakoak ariketa fisikoa egiteko modu errazak dira. Baina ariketa erregulartasunez egin behar da, 45 minututan, astean 3 aldiz.

Ariketa fisikoak gorputzari 3 mailatan eragiten dio: maila zentralean -bihotzak eta birikek oxigenoa gorputz osoan barrena hedatzen duten bitartean-, maila periferikoan -arteriek eta muskuluek osatzen dute maila hau-, eta nerbio-sistemaren gain -aurreko bi mailak koordinatzen dituena-.

Joxerra Aizpurua


Yantze ibaiak poluzio kezkagarria du

Txinako ibairik luzeena da Yantze eta Xinhua informazio-agentzia ofizialaren arabera, bertako urak potentzialki oso kantzerigenoak omen dira. Ibaia mendebaldean, Qinghai probintzian, Tibeten ondoan jaiotzen da eta 6.300 kilometro egiten ditu Shangain itsasoratu aurretik. Bere ibilbidean 180 hiri zeharkatzen ditu eta Txinako ur erabilien %40 jasotzen du, hauetatik %80 tratatu gabeak.

Ibaiaren ekosistema kinka larrian dagoela iragarri berri dute adituek eta garai bateko espezieen erdia jada desagertu dela adierazi dute. Shangaiko uren horniketa bide bakarra dira Yantzeko urak eta dudarik ez dago oso arriskutsuak izan daitezkeela Shangaiko biztanleentzat.

Yantze mundu mailako hirugarren ibairik luzeena da eta zoritxarrez ez da Txinan poluzio arazoa duen ibai bakarra. Joan den urteko azaroan Txinako iparmendebaldean dagoen Harbin hiriko lantegi batean gertatutako leherketaren eraginez bentzenoa isuri zen Songhua ibaiko 80 kilometrotan eta ondorioz, hiria hainbat egunetan ur edangarririk gabe geratu zen. Orain bi aste autoritate txinatarrek Guangdong probintzian uraren poluzioaren aurka hartutako neurriek huts egin zutela adierazi zuten.

Une honetan Txinako 300 milioi biztanle baino gehiago ur edangarririk gabe dago eta basamortuak urtez urte lur gehiago hartzen du; une honetan lurren %27tik gora hartu du jada eta arazo horri aurre egiteko hegoaldetik iparralde lehorrera ura ponpatzeko proiektuak aztertzen ari da gobernu txinatarra, baina ponpatu beharreko ura kantzerigenoa denez...


Sateliteetako irudiak giza eskubideen irudi

Sateliteek oso eginkizun desberdinak izaten dituzte. Gehienetan zientzia helburuak dira lortu nahi izaten direnak, baina kasu gutxi batzuetan ustekabeko helburuak ere lortzen dira. Lerro hauetan azalduko dugun kasuak giza eskubideekin zerikusia du. Hain zuzen ere, Zimbawen joan den urteko ekainean gertatutako giza desplazamendu ilegal bat baieztatzeko balio izan dute. Nola jakin da desplazamendu ilegalen berri? Bada bi argazki alderatuz. Satelite batek 2002. urtean Zimbawen dagoen Porta Farm-en argazki bat atera zuen eta bertan etxe pilo bat ikusi zitezkeen. Aldiz, 2006ko martxoan satelite berak leku berari atera zion argazkian ikus daiteke etxeak suntsituta daudela eta landaredia lekuaren jaun eta jabe egin dela.

Hau adibide bat baino ez da eta hainbat erakunde zientifikok, sozialek eta GKEk elkarrekin proiektu bat abian jarri dute mundu mailan eskubideak urratzen diren hainbat leku satelite bidez kontrolatu ahal izateko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan