Katixa Garate
Ikasliburuen mailegutza sistema abiatuko da EAEn
Hautsak harrotu ditu azkenaldian Eusko Jaurlaritza aztertzen ari zen ikasliburuen mailegu sistemak. Hezkuntza Sailaren proposamenak adostasun handia lortu du Eusko Legebiltzarrean eta datorren ikasturtean programa esperimentala jarriko du abian EAEko 50 ikastetxe publikotan eta sei urte barru derrigorrezko hezkuntza sistema osoan ezarriko du. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan urtero berrituko dira liburuak eta besteetan lau urtetik behin. Ikastetxeek ordainduko dituzte fakturak Hezkuntza Sailak emandako diruarekin. Editoreak mailegutza sistema honen aurka agertu dira eta argitaletxeak arriskuan jarriko dituela adierazi dute.
Blues arima Getxon
Blues zaleek ekainaren 9tik 11ra hitzordua daukate Algortako Portu Zaharrean; izan ere, Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdia ospatuko dute XVIII. urtez. Hemezortzi urte daramatza jaialdiak blues kontzertuen eskasiari aurre egiten. Aurtengoan Travellin' Brothers talde bilbotarrak eta Carey & Lurrie Bell aita-seme ezagunek irekiko dute jaialdia. Larunbatean Ike Turner & The Kings of Rhytm taldearen txanda izango da. Eta azken kontzertua Nora Jean Brusok eskainiko du.
Bizkaiko bertsoaren historia batuta
Xabier Amurizak Bizkaiko Bertsogintza III. eta IV. liburuak plazaratu berri ditu. Azkena Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Urtzi Urrutikoetxearen laguntzaz osatu du. Bi liburuak apailatzeko, oso lagungarri izan zaie Alfonso Irigoien zenaren ondare bibliografikoa. Hala, XX. mendeko Bizkaiko bertsogintzaren historia jasota geratu da. Bizkaiko Bertsogintza I. eta II. liburuetan, Gerra aurreko bertso ezagun eta ez hain ezagunak batu zituen Amurizak. Eta azken bietan 1958tik 1990era arte Bizkaian bertsogintzak emandakoa.
Kultur ekitaldi andana kalean
Ekainaren 9tik 11ra, KALDeARTE egitasmoa jarriko dute abian lehenbizikoz Gasteizen, Udalaren eskutik. Musika, dantza eta antzerki ikuskizun andana izango da Andra Mari Zuria, Arka eta Espainia plazetan. Tartean, El Niño Costrini, Flexus eta Mac JearaÆs Banden azken lanak. Uztailaren 2a arte kale antzerki eta musika saio andana izango da Bilboko Errekalde auzoan, Bilboko Udalak antolatutako Kultura kalean zikloaren barruan. Besteak beste Biri Bila eta Laressistens taldeek eskainiko dituzte ikuskizunak, Koy-Lur eta Tahuma taldeek zuzenean joko dute eta film laburrak proiektatuko dituzte.
Warholen azken garaiko lanak Iruñean
Andy Warhol hil zenetik ia hogei urte pasa direnean, haren azken garaiko lanez osatutako erakusketa paratu dute Nafarroako Kutxaren Castillo de Maya erakustaretoan: margolanak, serigrafiak, litografiak... Batez ere mitoen erretratuak paratu dituzte, horiek egiten eman baitzituen azken urteak. Franz Kafkarenak zein Albert Einsteinenak. Uztailaren 2a arte izango da zabalik.
Musikene Ibaetara
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak Donostiako Miramar jauregian du egoitza egun. Txiki geratu zaie, urtez urte gora egin baitu ikasle kopuruak. Berau kudeatzen duen fundazioko patronatuak jakinarazi duenez, egoitza berria Donostiako Ibaeta auzoan eraikiko dute.
Udaleku artistikoak
Artelekuk Dinamik(tt)ak udalekuak antolatu ditu batxilergo artistikoko azken urtean dauden ikasleentzat. Hamar ikaslek parte hartu ahal izango dute, uztailaren 17tik 28ra. Tailer ugari egingo dituzte eta haietara profesional ezagunak gonbidatu dituzte; Iñaki Imaz artista eta Xabi Erkizia musikaria esaterako. Ekainaren 23a arte eman daiteke izena.
Literatura Astea Gasteizen
Gasteizko Gaztetxeko Liburutegiko kideek V. Literatura Astea egingo dute ekainaren 6tik 11ra. Kultur esparru ugariri egin diete leku. Besteak beste, bakarrizketak egingo dituzte Ruben Sanchezek, Egoitz Zelaiak eta Jon Plazaolak, Volando Boys rumba taldea zuzenean arituko da eta Ai Laket! taldeak hitzaldi ilustratua eskainiko du.
Markos Untzetak bigarren diskoa plazaratu du Hirusta Recordsen eskutik: Zenbat euri. Aurrekoaren bidetik, herrialde anglosaxoietako rock klasikoaren aztarnak nabariak dira. Hainbat kolaboratzailek parte hartu du diskoan; Bixente Martinezek eta Gaizka Insunzak besteak beste.
Maite Laforcaudek jasoko du aurten Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria. Paueko Unibertsitatean Baionak duen Euskal Ikasketen zentroaren sortzailea eta zuzendaria da Laforcaude.
Zigor Enbeitak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, 468 punturekin. Oihane Perea geratu da bigarren, sei puntu eta erdiko aldearekin. Bigarren txapela du Enbeitak, izan ere, 2003an jantzi zuen lehen aldiz.
Alberto J. Gorritiberea Eutsi! euskarazko film luzea errodatzen hasiko da hil honetan. Unai Iturriagak eta Gorritibereak idatzi dute gidoia. Ekoizpenaz Baleuko eta Irusoin arduratuko dira. Hogeita hamarretik gora urte duten bi txirrindularitza zale dira protagonistak (Anjel Alkain eta Asier Hormaza). Era berean, bi urte greban daramatzaten langileak dira. Komediaz zipriztindutako drama soziala dela adierazi dute egileek. 2007an iritsiko da aretoetara.
Juan Mari Beltranek honakoa esan zion El Paísi: «Tradizioak ez ditu arau zorrotzak ezartzen; tradizioa bizia da, besteak ohiturak dira. Tradizioa igortzea da. Nik zuri ematen dizut, eta zuk hartu eta zeure egiten duzu; horixe da finean transmititzea. Ezagutu ditudan aspaldiko txistulari, albokari eta txalapartari guztiak une oro esperimentatzen ari ziren, ez zeukaten ezer itxita».
Jean-Baptiste Orpustan itzultzaileak Berriari: «Klasikoen idazteko moldea arrazoirik gabe baztertu da. Aldaketak egitekotan, euskara aberasteko egin behar dira. Erdarari gehiegi hurbiltzen bada, noizpait galduko da».
Lierni Fresnedok Aizu!ri esanak: «(Antzerkiaren) Krisia orain izan liteke ideien krisia dagoela, planteamendu berrien krisia. Momentu honetan antzerkia dago lo antzera, baina gizartea bezala. Antzerkia gizartearen ispilu da, eta lozorroan dago».