Unai Brea
Zarzuela XVII. mendean jaio zen Madrilen, oraindik ere Espainiako erregearen bizilekua den jauregian. Hortik datorkio izena generoari, jakina. Sasitik, azken batean, Zarzuela Jauregiari inguruan zeuden sasiengatik (gazteleraz zarza) jarri baitzioten izen hori. Felipe IVk, etxeko maizterra sasoi hartan, biziro maite zituen antzerkia zein musika. Hala, Madrilgo antzerki taldeak kontratatzen hasi zen, gorteko gau luzeetan kantua eta antzezpena uztartzen zituzten lanak eskain zitzaten. Eta horixe da, hain zuzen, zarzuela: noiz antzeztuz, noiz abestuz egiten den genero lirikoa. Europako beste herrialde batzuetan ere sortu ziren antzekoak, opera ospetsuagoaren itzalean beti ere, baina haiek ez zuten noski «zarzuela» izena hartu.
Gorabehera batzuen ondoren, zarzuela bizirik eta indartsu heldu zen XIX. mendera. Orduan finkatu zituen erroak, ikusleen onespena behin eta betiko jasoz. Gero, XX. mendean, loraldia eta azkentzea ailegatu zitzaizkion, bata bestearen ondotik. "Zarzuelarik garrantzitsuenak 1920-1940 bitartean idatzi ziren", dio Josean Garciak, Sasibil elkarteko presidenteak. Orduko musikariek ez zuten ordea ondorengorik izan, eta apurka-apurka zarzuela amatatuz joan zen. Telebista, zinema... badakizue, lirikarentzat garai txarrak omen dira hauek.
Aretoak beteta
Dagoeneko ez da apenas zarzuela berririk idazten, baina zaharrak behin eta berriro antzezten dira, eta arrakastatsu itxura denez. Madril izan da beti zarzuelaren hiriburua, baina Euskal Herrian ere zale asko dago, Josean Garciaren esanetan. Bere taldea, Sasibil, zarzuela antzezteko sortu zen beren-beregi: "Ez gara profesionalak, hau da, ez gara honetaz bizi, baina iritsi gara urte batean 22 emanaldi egitera, eta gehienak Euskl Herrian izan dira. Aurten dozenara iritsiko gara seguruenik. Eta aretoak beti beteta. Zaletasun handia dago hemen, eta talde berriak ere sortzen hasi dira".
Zale asko, baina gazte gutxi horien artean. "Ikusle gehienak emakumezkoak dira, eta 40-60 urte bitartekoak; arte eszeniko guztietan bezala, hain justu", diosku Gonzalo Centenok. Berak zuzentzen duen Barakaldo Antzokia da, hain zuzen, zarzuelaren sustatzailerik garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian. Aurten, hamalaugarrenez egin dituzte Zarzuela Jardunaldiak. Ez pentsa jardunaldi trinkoak direnik, hala ere. "Urtarrila amaieratik Aste Santu ingurura daukagu zarzuela denboraldia, eta epe horretan zazpi emanaldi-edo egiten ditugu. Horiek dira Jardunaldiak". Antzeztutako lanak Barakaldo Antzokiak berak ekoizten ditu eta, zuzendariak dioenez, aretoa bete egiten da jeneralean. Zaletasun handia dago beraz, baina Centenok, Josean Garciak bezala, zarzuela genero "ahaztua" dela salatzen du. Hots, laguntza gutxi jasotzen duela.
El Caserío Baserria ere bada
Sasibil elkartekoek El Caseríoko baserriaren izena aukeratu zuten taldea bataiatzeko, Guridirena delako, seguruenik, euskal zarzuelarik ezagunena. Iaz, Arrasateko Izaskun Murgia elkarteak euskaraz ematea erabaki zuen. "Esaten denagatik, giroagatik... euskaratu beharreko zarzuelarik bada, El Caserío da", adierazi digu Tere Gonzalez elkarteko zuzendariak. Hasieran, zarzuela ospetsua euskaraz egiten zuten lehenengoak zirela iragarri zuten, baina geroxeago jakin zenez, beste saio bat egon zen orain dela hamabost urte-edo, Madrilgo Euskal Etxearen parte hartzeaz. Nolanahi, orduko hark ez zuen oihartzun handirik eduki, edo eduki bazuen mutu da honezkero.
Operarekiko konparazioak
Zarzuelaz galdezka, konturatu gara genero hori aipatzean maiz konparatzen dela operarekin. Eta gehienetan, zarzuela izaten da galtzailea. Gurekin hitz egin dutenek, ordea, generoaren berezkotasuna eta kalitatea azpimarratu dituzte. Josean Garciaren ustez, esaterako, abeslarientzat zailagoa da zarzuela: "Zarzuelan, operan bezain ondo abesteaz gain, aktore ona izan behar da". Horra askoren aldarrikapena: zarzuelak sasitik hartu zuen izena, baina ez da sasi-generoa. Eta are gutxiago sasi-opera.
Pilar Iparragirre
Zergatik kezkatzen zaituzte hainbeste gaiak?
Mundua mundu denez geroztik gizakiak bi kezka izan ditu: bata, berak eta bereek jatea; bestea, gainerakoei jaten galaraztea. Hortaz, janariaren historia, izan, historia da; janaren zientzia, zientzia; pentsamenduaren aitzindari, nornahik praktikan jarria. Nolahi ere, zaku handia da elikaduraren hau, denetik kabitzen omen da bertan. Eta asko sartzen da bere etiketa aproposik gabe. Horregatik, zaku horretatik ateratzen diren gauzak ez dakigu jateko diren, sano bizitzeko diren, sukaldean baliatzeko diren... Guk, erabat birjina omen dagoen saila jorratzea aukeratu dugu, euskaraz gerora begira egiten den elikadurazko estreinako saiakera taxutzea.
Eta ez dituzue iragarpen makalak egiten!
Itsusia eta jendetasun apurrekoa litzateke iragarpen, profezia edo horrelako hitz larriez gure hau bataiatzea, iragarpen horiek ez baitakigu egia izango diren edo ez, benetan gertatu (edo ez gertatu) arte. Iragarpena a posteriori da igarpen -«Ene, asmatu ere, asmatu egin zuen!»-. Bestela, hanka sartzea da. Beraz, gure lantxo hau «apustu» gisa hartu beharko.
Baina ziur zaudete gauzak horrela joango direla?
Beno, hemen jaso duguna, gertatzekotan, ez ei da asteazken goizean gertatuko Eurasia osoan, pittinka eta eskualdeka baizik. Hori bai, orain arte baino dezente azkarrago jazoko dira aldaketak aurrerantzean, eta geroz eta bazter gehiagotara helduko dira, hedabideak, Internet, telebista eta gainerako horiek atsedenik ez baitute hartzen. Eta gainera korronte bat baino gehiagok harrapatuko gaitu tartean, beraien arteko borrokan, gu, biktima txepel.
Jon Gonzalo
Bi hilabete eta gero amaitu dira filmazio lanak. Pozik al zaude emaitzarekin?
Bai, oso pozik. Filmatzen hasi aurretik filmaren gidoia idatzita neukan, baina ondoren gauzak aldatu egin dira. Filmazioak gidoia aberastu egin duela uste dut. Hori bai, oso hilabete gogorrak izan dira. Bi hilabete hauetan hamabi orduz aritu gara lanean egunero, eta arazo asko izan ditugu. Batetik arazo teknikoak, eta bestetik, lesioak. Pentsa, filmatzen ari ginela zaintiratu bat izan nuen hanka batean, eta gurpildun aulki batetik zuzendu dut filma bi astez! Dena den, arazo horiek guztiak gainditu ditugu, eta pozik gaude azken emaitzarekin.
Nola definituko zenuke filma. Zein generotan kokatuko zenuke?
Ni oso txarra naiz filmak generotan sailkatzen, baina tira... film hau suspensearen barruan kokatzen dela ezin da ukatu. Nolanahi ere, nire helburua ez da izan beldurrezko film bat egitea. Film errealista bat egin nahi izan dut, baina naturaz gaindiko elementu batzuk ere txertatu ditut. Horrekin batera, baserri edo landa giroak ere garrantzia handia du. Azken batean, landa giroan kokaturiko suspense film bat dela esan dezakegu.
Zergatik kokatzen da filma 1967. urtean?
Gaur egungo bizimodutik urruti dagoen giro batean kokatu nahi nuen, eta horretarako bi elementu erabili ditut: denbora eta kokalekua. Denborari dagokionez, 1967. urteko bizimoduak ez du zerikusirik gaur egungoarekin, eta pelikulako gertaerei errealismo handiagoa ematen die. Kokalekuari dagokionez, landa edo baserri giroa islatzen saiatu naiz. Izan ere, gaur egungo herritar gehietsuenentzat oso giro ezezaguna eta urrutikoa da.
Baserri edo landa giroa islatzeko Nafarroako Lekaroz herria aukeratu duzu. Hautaketa ona izan al da?
Zalantzarik gabe, Lekaroz sekulako aurkikuntza izan da niretzat! Lekarozko barnetegian plano asko filmatu ditugu. Eraikina oso zaharra da, erortzear dago, eta hori da guk behar genuen kokalekua. Bertako pasillo edo korridore luzeak, eskailera gastatuak... Uste dut barnetegiko txoko guztietan filmatu dugula sekuentziaren bat! Eta ez bakarrik barnetegiaren barruan, kanpoko aldean ere bai. Barnetegitik oso gertu filma abiatzeko leku ezinhobea aurkitu dugu. Hezegune bat da, eta filmaren hasierak behar duen giro misteriotsua ezinhobeto islatzen du.
Genero guztiak probatzeko gogoz
Suspensea, giro misteriotsua... filmak generotan sailkatzea ez dela zure gustukoa aipatu duzu, baina orain arte egin dituzun lanetan suspense giroa nagusitzen da. Horren lekuko El ángel de mármol eta Jardines deshabitados film laburrak. Genero honetan eroso sentitzen zara, ezta?
Bai, bai, eroso sentitzen naiz. Suspenseak irudi oso bereziak sortzeko aukera ematen du, planoekin eta irudimenarekin jolasteko aukera. Zinema entretenigarria egiteko aukera. Dena den, zinema genero honetatik haratago ere joan nahi nuke. Ez nuke genero batean sailkatu nahi. Genero guztiak probatu nahi ditut, baina komedia da beldur gehien ematen didana. Oso zaila da komedia on bat egitea, oso pertsona gutxik egiten baitugu barre gauza berdinekin.
Itzul gaitezen La sombra de nadie filmera. Zer esango zenuke aktoreek egindako lanari buruz?
Edozein rol egiteko gai diren aktoreak nahi nituen, aktore aldakorrak. Horregatik aukeratu nuen Jose Luis García Pérez. Sinesgarritasun handia duen aktorea da. Cachorro filman ikusi nuen lehen aldiz, eta asko gustatu zitzaidan. Gurekin ere lan bikaina egin du. Berarekin batera, Philippine Leroy-Beaulieu aktore frantsesaren lana goraipatuko nuke. Doinu frantsesarekin hitz egiten du gazteleraz, eta horrek beste ukitu bat eman dio filmari. Bere lan egiteko modua ere berezia da, eta asko gozatu dut berarekin.
Aktore profesionalez gain, haurrekin ere egin duzu lan film honetan. Zer nolako esperientzia izan da?
Beldur handia nion haurrekin lan egiteari. Izan ere, inoiz ez dakizu nola erantzungo duten filmaketa batean. Donostian casting bat egin genuen, eta neska gazte asko aurkeztu ziren. Ez zen erraza izan neska bat aukeratzea, baina azkenean Andrea Villanuevaren aldeko apustua egin genuen. Bete-betean asmatu dugu! Oso neska zintzoa da, isila, eta oso azkarra. Pentsa, filmaketak iraun duen bi hilabeteetan ez du ia akatsik egin. Behin bakarrik nahastu zen gidoia irakurtzeko garaian, muro hitza gaizki esan zuen egun batean. Gainontzean, akatsik ez, ikaragarria izan da! Kamera aurrean sinesgarritasun handia erakutsi du. Nik uste, mundu honetan jarraitzea erabakitzen badu, etorkizun handiko aktorea izan daitekeela.
Bi hilabeteko lan gogorraren ondoren filma muntatzeko garaia iritsi da orain. Gustuko al dituzu muntaketa lanak?
Filmatzea baino askoz lasaiagoa da muntatzea. Filmatzeko garaian korrika eta presaka ibiltzen gara uneoro, eta xehetasun guztiak zaindu behar dira. Muntatzeko garaian, berriz, lasaitasuna askoz handiagoa da. Filma egina dagoela esan daiteke, eta egindako horri zentzua eman behar zaiola. Horixe da muntaketa. Lan oso pertsonala da, eta asko gustatzen zait.
Noiz ikusi ahal izango dugu La sombra de nadie zineman?
Mundu honetan ez da erraza datekin asmatzea, faktore asko hartu behar baitira kontuan. Dena den, nik uste iraila amaieran edo asko jota urria hasieran zinema aretoetan izango dela ikusgai dagoeneko.
Euskal zinema etiketaz
Normalean zinemagintza egitera atzerrira joan behar da. Zuk, ordea, Euskal Herrian egiten duzu lan. Hemen gelditzeak zaildu egiten al du zure lana?
Hemen gelditzeak proiektua garestitu egiten du, horretan ez dago zalantzarik. Izan ere, logistikoki esfortzu handia egin behar da: baliabide guztiak hona ekarri behar dira, aktoreek ere hona etorri behar dute... Baina nik gauza bat argi daukat: nire bizitza profesionalak ez du nire bizitza pertsonala baldintzatuko. Horregatik, ez dut Donostiatik mugitzeko asmorik. Azken bi filmekin uste dut argi utzi dugula Euskal Herrian zinema egin daitekeela.
Beraz, euskal zinemaz hitz egin daiteke?
Hori konplikatuagoa da. Zer da euskal zinema? Euskal Herrian egindako zinema, euskaldunek egindako zinema ala euskaraz egindako zinema? Galdera oso zaila da niretzat, eta inoiz ez dakit zer erantzun. Nik uste zinemagileok nahikoa lan dugula zinema egitearekin eta etiketak jartzea ez dagokigu guri.
Aspaldiko partez, bi film estreinatu dira euskaraz: Aupa Etxebeste eta Zeru horiek. Etorkizunik ikusten al diozu euskaraz egindako zinemari?
Urte asko pasa dira euskarazko filmarik gabe, eta oso albiste pozgarria da euskaraz filmak egiten jarraitzea. Aupa Etxebesteren kasuan, gainera, filmak arrakasta handia izan du Euskal Herrian. Telmo Esnalek eta Asier Altunak apustu handia egin zuten eta ondo atera zaie. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu behar dela uste dut.
Pilar Iparragirre
Rojo y negro. Historia del ELN
Milton Hernández
Txalaparta
484 orrialde 19 euro
Kolonbiako ELNren borrokaz
Kolonbian borrokan ahalegintzen diren talde gerrillarien artean bigarren garrantzitsuena da ELN -FARC da lehendabizikoa-. Txalapartak argitaratutako liburu honetan, Kolonbiako askatasun nazionala helburu duen ELNko zuzendaritzako partaide den Milton Hernández mintzo zaigu, bere erakundearen ia berrogei urteko borrokaren berri eskaintzeko. ELN nola eta zergatik sortu zen, herriaren bihotzera iristeko eman behar izan zituen urratsak, zer nolako zailtasunak eta krisiak gainditu behar izan zituzten amesten zuten helburua neurri handian gauzatua ikusteko. Halaber, ondorengo bilakaeran erakundeak ezagutu zuen hazkundea eta gaur egun daraman norabidea azaldu ditu, bidean galdutako borroka kideak gogoratzeaz batera.
Araba. Ehun paisaia
Santiago Yaniz
Sua
128 orrialde
18,50 euro
Arabako gailur eta bazterrak Santiago Yanizen argazkietan
Arabako basoen, mendien, herrien eta hiri nagusien inguruak izan ditu oinarri Santiago Yaniz argazkilari bizkaitarrak Suak plazaratutako liburu honetan agertzen diren 100 irudiak egiteko orduan. Urtaro bakoitzaren joan-etorrian eta une bakoitzak eskaintzen duen argiaz ederki baliatuz osatuak daude. Horien artean ageri dira Zalduondotik dabilen artzaina, Aramaioren atzean begizta daitekeen Udalatx mendiaren ikuspegia, Lapoblaciongo haitza, Maurgako herria, Baias ibaiaren gaineko zubia, Markize koa bezain gogoangarriak diren dorre asko, Biasteriko alde zaharra, Gasteizko mendiak eta bestelako bazterrak, Valderejoko natur parkea, Entziako soilguneak, Aiarako Andre Mariaren santutegia edota Aratz mendia.
Lehenbiziko ipuinak
Aitor Arana
Hiria
116 orrialde
Aitor Aranak gaztetan idatzitakoak
Hamazazpi eta hogei urte bitartean idatzi zituen Aitor Aranak (Legazpia, 1963) Hiria argitaletxearen Harana bildumako lehendabiziko liburuan agertzen diren ipuinak. Hogei dira denera, eta beren ezaugarri nagusia errealismo gordinenera lerratzen den izaera fantastikoa da. Jesukristo II.a mundura ekartzea bere esku izan zuen sendagile hari suertatutakoak; jaio zenetik bizitako hiria desagertu eta haren ordez baso zoragarri bat aurkitu zuenaren ezinegona; barruan daraman haurra ezertxorengatik utziko ez duela zin egin duen neska gaztearen larrialdia; ETBko kameraren aurrean ezarri behar izan zuen mutilari gertatutakoa; bere ametsetako neska «kendu» egin diolako lagun minaren etsai amorratua bilakatuko den gizonaren arazoa; amaren sabelean gozo-gozo dagoenaren gogoetak...
Aisia Biziz
Batzuen artean
Urtxintxa Eskola
54 orrialde 5 euro
Haurren adimen emozionalaz
Aisia Biziz aldizkarikoek, txikitatik emozioak erabiltzen ikasteak neska-mutikoei etorkizuna erraztuko dielakoan daudenez, beren udaberriko zenbakian haurren adimen emozionala hartu dute gai nagusitzat. Hori dela eta, Sentitu liburuaren egile diren Pello Jauregi eta Asier Huegun irakasleak elkarrizketatu dituzte, hala nola Ibon de la Cruz psikologoa, eta emozioak behar bezala bizitzeko egin beharrekoak azpimarratzen dituen Emozioen itsasoan murgilduz erreportajea osatu dute. Horiez gain, adimen emozionala eta emozioak lantzeko orduan irakasleek esku hutsik aurki ez daitezen, gaiari lotutako bibliografia eguneratu bat eta interesgarri izan daitezkeen webguneak ere eskaintzen dituzte. Aisialdiko heziketaren egoera eta Kataluniako Gazteria Politiken Legea aztertu dituzte, halaber.
Amaren titi-xorroak
Joxan Ormazabal
Elkar
124 orrialde 9,50 euro
Haurrek ere gogoeta egin dezaten
Joxan Ormazabalek sortu eta Jesus Lucasek irudikatutako ipuin, poema eta haikuekin osatua dago Amaren titi-xorroak liburua. Ipuinetan, istorio harrigarriak eta barregarriak tartekatu ditu egileak, eta baita irakurle gazteari zer pentsatua emango dioten bestelako gaiak ere: maite denaren heriotzak sortzen duen min latza, zahartu eta ezin ibiliz gelditu denaren arazoak, edo Down sindromea duenak izan ditzakeenak, esate baterako. Poemetan ere badago zer hausnarturik. Adibidez, hauxe da Ormazabalek planteatzen duen galderetako bat: Nork bihurtzen ditu gustura gaudenen orduak minutu eta aspertuta gaudenean minutuak ordu?
Sexua noiznahi
Luis Elberdin
Gaiak
300 orrialde
Emakunde saria jaso zuen sexuaren gaineko lana
Sexua ongizaterako, poztasunerako eta plazerrerako bidea dela azpimarratzen du Luis Elberdinek Hezkuntza arloko Emakunde saria eskuratu zuen Sexua noiznahi lanean. Bertan jorratzen dituen gaien artean masturbazioa, gizon zein emakumeen anatomia (erekzioa, bagina, hilekoa), aniztasun sexuala, homosexualitatea, kontrazepzio metodoak, transmisio sexualeko gaitzak, koitoa egiterakoan sortzen den minaren arrazoiak, orgasmoa, klitori-bagina polemika eta heziketa sexuala daude.
Baietz okerreko bidea aukeratu!
Edorta Agirre, Asisko Urmeneta
Alberdania
134 orrialde
Ehuntxo apustu jan-edanaren panoramaz
Alberdania argitaletxearen eskutik Edorta Agirre eta Asisko Urmenetaren artean plazaratutako Baietz okerreko bidea aukeratu! Ehuntxo apustu jan-edanaren panoramaz izenburuko liburua Antton Olariagak diseinatu du. Juan Zelaia sariaren akzesita eskuratu zuen lan honek. Elikaduraren prozesua dela-eta guk geuk zein gugan eragin zuzena dutenek dagoeneko ditugun ohiturak kontuan hartuta, espero dezakegun etorkizunari begira jarri zaigu Edorta Agirre, serio arraio. Eta aztertu beharreko guztiak aztertu eta gero, ondorio bezala atera zaizkion balizko apustuak edonor kezkatzeko modukoak dira (eskerrak Asisko Urmenetaren marrazkiak seriotasun horri umorearen gatza gehitu dioten). Hona hemen, adibide gisa, Edorta Agirrek aurreratzen dizkigunetatik batzuk: Baietz etxeko sukaldaritza macdonalizatu eta cocacolonizatu! Baietz orain baino elikagai gutxiago kontsumitu! Baietz elikagai etnikoak biderkatu! Baietz janaria nekerik gabe irensteko moduan saldu, bere ontzian, kuzinatuta, hezur eta azalik gabe, txikituta...! Eta tamalez beteko den zalantza eskasena sortzen digun pariotxo hau: Eta hala eta guztiz ere, planeta osoko populazio guztia elikatzeko adina janari egon arren, baietz gaizki banatu!