Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:06:39
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-11 -- 2044.zenb

Xipri Arbelbide

Azken bolada honetan izan dute aipaldi esklaboek. Iduri luke XV. mendetik XIX.eraino baizik ez direla izan. Bizkitartean duela 6.000 urte baziren jadanik Mesopotamian.

Itxura guzien arabera, esklabotasuna, aurrerapen bat izan da gure historian: lehenagoko gerletan, hartu etsai guziak garbitzen ziren. Noizbait, norbait ohartu zen presoak balia zitezkeela langile bezala, asearen truk. Presoak ez zituzten hil. Horra esklaboen sortzea.

Historiako langile horiek gustatu zitzaizkiekeen garai haietako ekonomilariei ordukotzat baitzuten errentagarritasunaren ideia kaxka bat. Sistema hedatu zen: gure zibilizazioaren ama izana den Greziako nekazari bakotxak bazeukan bere esklaboa. Delos-en 10.000 saltzen zela egunean diote.

Hebrearrek zuten haien egoera eztitu. Lebitika liburuan eskatua zaie Juduak diren esklaboak libratzea jubilau urtean, beraz 7 urtetarik. Liburutik obratzerat, bada bide. Ebanjelioan ez dira aipu, baina Jondoni Paulo eta Jondoni Petrik esklaboei eskatzen diete nagusiei obeditzea. Hauei ez diete eskatzen esklaboen libratzerik, ez 7 urtetarik ere: hain ziren giro horretan murgilduak non Testamentu Zaharreko legea ahantzia baitzitzaien. Eta ez zuten oraino ulertua Jesusek gomendatu amodioa eta esklabogoa ez zitezkeela elgarrekin joan.

Geroxeago eginen da urrats hori. 212an Aita Saindutzat hautatu zuten Kalisto, esklaboen semea, Erromako giristinoek. Hautua ez zen denen gustukoa izan eta minoriak bigarren bat izendatu zuen! San Agustin handiak zioen norbait esklabo baldin bazen, Jainkoaren gaztiguz zela, bere bekatuengatik.

Atea zabaldua zen. Agustinen garaietako Gregorio, Nizako apezpikuak zioen: "Ba ote liteke diferentzia izpirik, edozein sailetan, esklaboa eta nagusiaren artean?" Emeki-emeki da ikusmole hau nagusituko. Esklabogoa debekatuko du Frantziako Iraultzak, euskaldunei gustatzen ez zaigun Gregoire apezak bultzaturik. Mende erdi bat borrokatu behar izan zen debeku hori onarrarazteko. Borrokalari handienetarik bat, Lavigerie Baionako kardinala. Baina XX. mende hastapenean oraino, esklaboz betetzen ziren itsasontzi zenbait Beningo kostaldeetan. Le Code Noir esklaboen komertzioko legea XVII. mendean idatzi duen Du Casse kaskoinak ere lotura handiak baditu Baionarekin.

Nihaurek ezagutu ditut hiru esklabo, Samorik preso hartuak eta salduak XIX. mende hondarrean Boli Kostan. Cyprien Kakuri doakionaz, herriko ehorzketa ederrenak egin zizkioten: karia horretara zuten tindatu aspaldi eraikia zuten eliza. Luze liteke esklabo batzuentzat zeukaten errespetua esplikatzea.

Ki Zerbo afrikar historialariaren arabera 100 milioi jende lituzke galdu Afrikak esklabogoagatik: Esklaboak biltzeko gerletan, bidean, Ameriketara heldu zirenak eta, kurioski, nehork aipatzen ez dituen mahometarrek eramanak VII. mendetik hona.

Baina horiek denak historiako gertakariak dira, lehenagoko garaietakoak. Geroztik zibilizatu baikara Jainkoari esker! Hain segur ote liteke ez dela gehiago esklaborik? Ala gu ere jarriak gara gaurko esklaboei? Hori bestaldi batez aipatuko dugu.

Ricardo Ortega


Datorren urteko maiatzean udal hauteskundeak egingo dira Hego Euskal Herrian, Estatuko leku guztietan bezala, jakina denez.

Urtebete lehenagotik ikusita, badaude zenbait galdera oraingoz inor gutxik erantzuten jakingo lituzkeenak: Alderdien Legeak indarrean jarraituko al du? Batasuna legala izango al da edota beste marka bat legalizatuta edukiko al du ezker abertzaleak?

Edo are inportanteagoak diren beste hauek: ETAren su-eten iraunkorrak iraungo al du? Bake-prozesua bideratuta egongo al da? Normalizazio politikorako elkarrizketa-mahaia(k) eratuta eta lanean egongo al d(ir)a?

Argi dago bake-prozesuaren protagonisten -ETA eta Gobernua, edo nahiago baldin bada eta zeharka bada ere, Batasuna eta PSOEren- emaitzak galdera horien guztien erantzunaren araberakoak izango direla. Baina are argiago egon beharko litzateke, nolanahi ere, hauteskunde horien emaitzek indarkeriaren ondorengo eszenatokiari egokitutako mapa politiko berri bat ekarri beharko lioketela.

Bakegintza eta normalizazioa presente egongo dira hauteskunde-kanpainan. Beharko!

Eta honen harira erabakitzeko eskubide ditxosozkoa ere bai. Eta hau, udal hauteskundeez ari garen arren, on litzateke gainera, baldin eta independentziari edo marko juridiko-politikoari lotutako gainontzeko aukerei buruz erabakitzeko balio duela diotenek, onartuko balute, esate baterako, hiri hondakinen tratamenduaz erabakitzeko ere balio lezakeela.

Bakeak eta normalizazioak joan behar duten ildoetatik okertzen ez badira, arlo sozialeko arazoez ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugunon garaia izan daiteke udal hauteskundetakoa. Gatazka politikoaren aitzakian babestuta arazo sozial askotaz bere iritzia emateko gai izan ez direnek orain diren bezala eta pentsatzen dutena esanez agertu beharko dute. Errausketa-instalazioak jarri nahi dituztela esan beharko digute, herri-galdeketarik ez dutela onartuko, etxebizitza sustatzaile pribatuen negoziorako bultzatuko dutela, herritarren parte-hartzea oztopatuko dutelaŕ denoi adarra jotzen segitu nahi dutela.

Ezkerreko jendearentzat zentroari eta eskuinari nagusigoa kentzeko lehiatzeko ordua da. Eskuin-ezker dialektikak agindu behar du, nagusi den eredu neoliberala borrokatzeko ordua da. Aro politiko berria eta etorkizuneko Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dugun guztiontzat aukera paregabea da hurrengo hauteskunde hitzordua: hirigintza, etxebizitza, enplegua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gazteria, etorkinen harrera, euskal eskola publikoa, euskara, kultura, ingurugiroa, garraio publikoa, udal-zergak, aurrekontu partehartzaileak, hirugarren munduko garapenerako kooperazioaŕ

Hauek dira, besteak beste, ezkerretik erantzun bat eman behar zaien kontuak eta bakarrik ezkerretik konpon daitezkeenak. Kontu guzti hauei ematen zaizkien erantzunek adieraziko digute alderdi bakoitzaren kokapena eta ezkerraren batasunerako aukerak mugatuko dituzte.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan