![]() | Miel Anjel Elustondo2006-06-11 |
Azkoitian ezkondu eta Gasteiza
Andereñoa haize-kontra Langraitzen
Ikastaroa egin eta lanean zen Es-ther. 1980ko irailean hasi zen, ordezkapenak egiten. Arabako Errioxaldeko ikastolaren batean eta Araian eman zuen hilabetea. Urrian, bizitza osoko lanleku izan duenera bidali zuten, Langraitzera. Eskola txiki-txiki bat zen orduan, euskarazkoa. Hantxe Esther, hiru urteko umeen gelako andereño. Gero, beste bi andereño ere bildu zitzaizkion Estherri, lau eta bost urteko umeen gelen arduradun. Ume asko bildu zituzten gela haietan. Gero, herrian eskola berria egin zutenean, bertan hartu zuten aterpe. «Langraizko eskolak Francisco Franco zuen izena. Berria egin zutenean, Joxe Migel Barandiaran jarri zioten izena. Bertara etorri zen, eskola bedeinkatzera». Izena bai, izana ez. Eskola hark ez zuen ataundar txikiaren espiriturik izan, haur txikienen geletan izan ezik. «Hasieran oso gaizki ibili ginen eskola hartan. Gu hiru andereñook eta beste euskaldun zaharren bat, beste inor ez zen euskalduna han. Tentsio txarra zegoen irakasleen artean. Baziren hiru bat, kartzelako funtzionarioen emazteak». Eta haiekin batera egon behar eskolan. «Txakurra eta katua bezala zen haiekin. Esaten zuten: '¨El euskera?, Esa mierda!'. Eta nahiko larri. Hurrena, herrikoak konturatu ziren kartzelako funtzionarioen emazte horiek urte batzuk pasa eta trasladoa eskatzen zutela».
Herrian ere giro onik ez horien inguruan eta, bestalde, umeek euskara erraz ikasten. Herritarrek estimatu egiten zuten hori. Eta funtzionarioen ezin eramana! Haserreak eta erriertak. «Behin, funtzionario horietako baten umea azaldu zen egunkarian, Korrikaren lekukoarekin. Haren ama etorri eta egundokoak esan zizkigun, esanez umea erdara ahazten ari zela, euskaraz hitz egiten zuela eta hori ezinezkoa zela, trasladoa eskatuta zeukala Kantabriara». Egoera are bihurriagoa izan zen kartzelako funtzionarioen emazteak guraso-elkartean sartu eta eskola kontseiluan parte hartu zutenean. «Hura ikustekoa zen. Hango txinparta! Urte batzuk oso zailak izan ziren. Gustura ginen umeekin, baina gelatik irten eta... Gu hiru andereño ginen, ikastolaren mende ginenak baina eskola publikoaren egoitzan lanean ari ginenak. Begoña Rubio, Maitane Garcia... elkar babestu beste erremediorik ez genuen». Harik eta poliki-poliki giroa aldatu zen arte. Irakasle berriek gozatu zuten egoera. Irakasle euskaldunak, zuzendari euskaldunak... «Horrek giro ona ekarri zuen euskararentzat. Guk, berriz, arnasa hartu genuen».
Jose Antonio Gonzalez Salazar: «On Joxe Migelek herria estudiatzeko esaten zigun, horrek lan pastoralean lagunduko zigula»
Gonzalez Salazarrek gogoan du Barrenengoa zendua: «Hark hitz denak biltzera jo ohi zuen sistematikoki. Hitzen jatorrizko forma, historia jasotzea zuen helburua. Nik, hitzen deformazioak jasotzera jo dut, forma historikoak dokumentuetan ageri dira eta, apaletan daude. Jendeak duen informazioa biltzea zen nire helburua; izan ere, haiek hil eta hilobira zeramaten zekitena. Hala ere, batez ere lekuak lokalizatzen jarduten nuen, seinalatzen». Mapa eraman eta galdezka hasten zen, mapan bertan lekuak kokatu nahian. Dio, hala ere, berandu iritsi dela: «Duela ehun urte egin izan bagenu, bestela izango zen. Hala ere, zer edo zer salbatu dugu».
Apaiza antzinako hitzak biltzen
Harrezkero, hogei lan baino gehiago ditu argitaratuak, Arabari buruzkoak. Etnografia lanak ditu hasierakoak eta toponimiazkoak berriagoak; honetan, aztertuak ditu Trebiño, Arabako Mendialdea, Arabar Errioxa, Agurain, Gasteiz, Gesaltza, Zuia eta Araia. Etnografiari dagokionez, berriz, Bernedo aztertu du hobekien, bertan izana baita apaiz. Ondorioz, Mendialdeari zegozkion izenak biltzen hasi zen lanean. Horrekin batera, Trebiñokoak. «Eta Trebiñokoa atera genuen lehenengo onomastika-lana, Koldo Mitxelenak hala eskatuta. Ordurako, Mendialdean eta Arabako Errioxaldean ere bilketa-lanak eginda neuzkan: ahozko mundu tradizionala aztertu nuen. Izan ere, dokumentazioa... hori besterik da, hitz handiak dira horiek! Dena dela, Errioxalde horri dagokion XVI. mendeko dokumentazioa aztertu nuen eta zera ikusi nuen, gaur egunean indarrean dagoen berbera dela. Oso gutxi aldatu da. Arabako ekialdean, berriz, toponimia erromantzea zen. Nekez aurkituko zenuen izen bat euskarazkoa. Iekoran, adibidez, bada hilerri bat Eskide izena zuena. Non edo non irakurria dut toponimo horren aldaera bat -Eskibe, oker ez banago, Iekora ondoan zegoen herrixka nonbait, gero desagertu zena-, baina agirietan ez da dudarik: Eskide da forma zaharra. Lapoblacion-en ere bada besteren bat, baina gutxi». Aldiz, zenbat eta mendebalderago, orduan eta euskarazko izen gehiago azaldu zaizkio. «Bastidan, San Vicente de Sonsierran eta inguruan hamaika dira euskarazko toponimoak, eta irauten dute oraindik».
Mendialdea ere sakon aztertua du apaiz honek, eta hainbat dira euskarazko toponimoak bertan. Alabaina, gurasoen jatorri duen herrian, Kanpezun, ez du euskarazko izen askorik aurkitu. «Kanpezu oso dago erromantzeak janda. Bai, han ere badira euskarazko toponimoak, dela Arrielle bat, edo iturri bat, Berrabia izena duena. Inguruan bada sakan bat, Istora izena duena. Han bai, han asko dira euskarazko toponimoak».
Barandiaranek esanak gogoan
Eta Barandiarani kasu egin eta hasi zen Gonzalez Salazar herria aztertzen: haren ohitura eta legeak. Ataundarrak ez zuen arkeologia-lanik egitera animatu. «On Joxe Migelek Egirazko tumuluan zera esan zidan: 'Harriak batean, ontzi zatiak bestean... besterik bildu behar da: jendearen bizimodua. Bildu beharra dago, edadetuak hil baino lehen'. Eta hasi ginen, eta segitzen dugu. Etniker taldean ari naiz, On Joxe Migelek prestatutako inkesta herri batean eta bestean betetzen. Toponimia eta onomastika, berriz, inkesta horren atal bat besterik ez dira».
Herriarekin bat egite aldera hasitako bidean ez du etenik Jose Antonio Gonzalez Salazar apaizak. Bernedon sasoi batean, Domaikian gaur egun.