![]() | Daniel Udalaitz2006-06-04 |
MCC taldeak, 2005 urtean 8.442 lanpostu sortu ditu, aurreko urtean baino %11,9 gehiago. 2005eko abenduaren 31n 79.326 langile zituen, eta aurreko urtean 70.884. Adierazgarria da lanpostu berri hauen gehiengoa (6.417) euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla. Hau euskal talde kooperatibo multinazional honek oraintsu kaleratu duen iazko memoriaren datuetan ikus daiteke. Beste datu orokorrago batzuk ere nabarmendu nahi izan dituzte talde honetako arduradunek. Hala nola: garapen helburuetan aurrerapauso nabarmena, bai salerosketa kopuruari dagokionez bai lanpostuak sortzeari dagokionez; nazioartean zabaltzeari bultzada handia; berrikuntzari babes sendoa eta errentagarritasunean hobekuntza nabarmena.
Jakina denez MCC Taldea Talde Industrialak eta hainbat atalek osatzen dute. Hauek 2005eko urrian egin zen azkeneko IX. Biltzarrean onartutako erabakietara egokitzeko antolaketa prozesuan daude; Finantza-Taldea, hainbat jardunetara emana, Euskadi0ko Kutxak, Lagun-Arok -Lagun-Aro, EPSV, bere kooperatibistentzako aurreikuspen sozialerako eta Lagun-Aro Aseguruak- eta Banaketa-Taldeak (bereziki Eroski eta Erkop) osatzen dute. MCC Taldearen txosten honetako datuak ez dira ofizialak oraindik, lan hau egiterakoan 2005eko txostena bukatzear baitzuten. Hala ere, datuok funtsean ez dira ofizialetatik urrunduko, apirilean kaleratu zen Euskadiko Kutxaren 2005eko Memoriatik eta MCCren TU Lankide buletinetik jasotakoak baitira.
80.000 langile
2005eko ekitaldia amaitzean, MCCk 79.326 langile zituen. Dagoeneko ia 2006ko lehen seihilabetekoa amaitzear dagoenean, ziurrenik askoz gehiago izango dira. 2005. urtean 8.442 langile berri gehiago zituen. Egia da horietatik ia gehienak, 6.000 baino gehiago, Taldearen hainbat euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla, batez ere, Brandt etxetresna elektrikoen enpresa frantsesekoak. Azpimarragarria da 2005eko ekitaldiaren amaieran MCCren langile guztietatik, MCCko euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko elkarteetako langileak, aurtengoak barne, 14.110 direla.
Langile mordo honekin, MCC Taldeak 2005ean ia hamabi mila milioi euroko salmentak izan zituen (11.828.022), aurreko urtean baino %13 gehiago. Onurak 250 milioi euro dira gutxi gorabehera, aurreko urtekoak baino %8 gehiago. 2005ean egindako inbertsio garbiak mila milioi euro baino gehiagokoak izan ziren, 1.080.797Ç, 2004an egindakoak baino %48 gehiago, batez ere Brandt enpresa frantsesa erosteagatik.
Etengabeko nazioartekotzea
MCCren ezohiko azken batzarraren erabakiak jarraituz talde industriala berrantolatu egin da. Horren ondorioz sortutako Industria Batzorde Nagusi berria urte honetako uztailean izango da prest, arduradun handienen aurreikuspenak betetzen badira behintzat. Batzorde honen erabakietako bat talde industrialaren berrantolatzea izan zen. Berrantolatze honetan hamaika banaketen sorrera aurreikusten da, bertan MCCk dituen 72 kooperatiba industrialak integratuko liratekeelarik. Hauek dira hamaika atal horiek: Etxea, Automobilgintza, Osagaiak, Eraikuntza, Ulma, Lanabesak, Hobelan, Taldearen Ondasunak, Makina Erreminta, Industria Ekipamendua eta Enpresa-Zerbitzuak.
Halaber, Batzordearen beste erabaki bat Jarduera Berrien Sustapen Zentro bat sortzea izan zen. Gure sektore eta garapen guneetan jarduera berriak sortzeko gune berri bat da: onartzear dauden langileentzat lanpostu egokiak sortzeko eta MCCren egitura kooperatiboa indartzeko jarduerak. Lehentasunezko sektore hauek eman dute izena: energia, informazio- eta komunikazio-teknologiak, aeronautika eta osasuna.
Industria Batzorde Nagusi honen eginkizuna, batetik, hamaika atal berri horiek koordinatzea eta zuzentzea izango da. Eta bestetik, Jarduera Berrien Sustapen Zentroaren plan berriak eta aurrekontuak onartzea. Batzordea finantzatzeko, berregokitutako talde industrial berriaren parte diren 72 kooperatiben ekarpenak hartuko dira aintzat.