MCCk 8.442 lanpostu sortu ditu, ia denak atzerrian
Daniel Udalaitz
MCC taldeak, 2005 urtean 8.442 lanpostu sortu ditu, aurreko urtean baino %11,9 gehiago. 2005eko abenduaren 31n 79.326 langile zituen, eta aurreko urtean 70.884. Adierazgarria da lanpostu berri hauen gehiengoa (6.417) euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla. Hau euskal talde kooperatibo multinazional honek oraintsu kaleratu duen iazko memoriaren datuetan ikus daiteke. Beste datu orokorrago batzuk ere nabarmendu nahi izan dituzte talde honetako arduradunek. Hala nola: garapen helburuetan aurrerapauso nabarmena, bai salerosketa kopuruari dagokionez bai lanpostuak sortzeari dagokionez; nazioartean zabaltzeari bultzada handia; berrikuntzari babes sendoa eta errentagarritasunean hobekuntza nabarmena.
Jakina denez MCC Taldea Talde Industrialak eta hainbat atalek osatzen dute. Hauek 2005eko urrian egin zen azkeneko IX. Biltzarrean onartutako erabakietara egokitzeko antolaketa prozesuan daude; Finantza-Taldea, hainbat jardunetara emana, Euskadi0ko Kutxak, Lagun-Arok -Lagun-Aro, EPSV, bere kooperatibistentzako aurreikuspen sozialerako eta Lagun-Aro Aseguruak- eta Banaketa-Taldeak (bereziki Eroski eta Erkop) osatzen dute. MCC Taldearen txosten honetako datuak ez dira ofizialak oraindik, lan hau egiterakoan 2005eko txostena bukatzear baitzuten. Hala ere, datuok funtsean ez dira ofizialetatik urrunduko, apirilean kaleratu zen Euskadiko Kutxaren 2005eko Memoriatik eta MCCren TU Lankide buletinetik jasotakoak baitira.
80.000 langile
Zalantzarik gabe, MCC da egun langile gehien duen euskal enpresa. Egia da Banco Bilbao Vizcaya Argentaria BBVA Taldeak guztira 94.681 langile dituela, baina horietatik 61.604 atzerriko filialetakoak dira. Hala ere, MCC Taldea euskalduna da eta gizarte-egoitza Arrasaten du, eta BBVA Taldea, gizarte-egoitza Bilbon duen arren, gehiago da, talde euskal-madrildarra.
2005eko ekitaldia amaitzean, MCCk 79.326 langile zituen. Dagoeneko ia 2006ko lehen seihilabetekoa amaitzear dagoenean, ziurrenik askoz gehiago izango dira. 2005. urtean 8.442 langile berri gehiago zituen. Egia da horietatik ia gehienak, 6.000 baino gehiago, Taldearen hainbat euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla, batez ere, Brandt etxetresna elektrikoen enpresa frantsesekoak. Azpimarragarria da 2005eko ekitaldiaren amaieran MCCren langile guztietatik, MCCko euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko elkarteetako langileak, aurtengoak barne, 14.110 direla.
Langile mordo honekin, MCC Taldeak 2005ean ia hamabi mila milioi euroko salmentak izan zituen (11.828.022), aurreko urtean baino %13 gehiago. Onurak 250 milioi euro dira gutxi gorabehera, aurreko urtekoak baino %8 gehiago. 2005ean egindako inbertsio garbiak mila milioi euro baino gehiagokoak izan ziren, 1.080.797Ç, 2004an egindakoak baino %48 gehiago, batez ere Brandt enpresa frantsesa erosteagatik.
Etengabeko nazioartekotzea
Nazioartean zabaltzearen helburu nagusiari jarraituz, MCC Taldeak atzerriko merkatuetara joaten jarraitzen du. Honi dagokionez, 2005eko berrikuntza nagusiena Fagor Etxetresna Elektrikoen enpresak Brandt enpresa frantsesa eta Fagor Ederlanek ZNSP Foundry eslovakiarra erosi dituztela da. Zuzeneko ezarpenei dagokienez, esan behar da Shangai (Txina) inguruan 85.000 metro karratuko lurraldea erosi dela, Oiarso, Orbea, Orkli eta Wingroup kooperatiben lantegiak jarriko diren industrialdea egiteko. Beste ezarpen garrantzitsu batzuk Cicautxo Eslovakian, Coinalde eta Eika Polonian, Irizar Hegoafrikan, Tajo Polonian eta Txekiar Errepublikan eta Maier-ek azken herrialde honetan pabilioi bat eraikitzen hasi izana dira. 2006 urte honetan zehar, MCCk Europan, Amerikan, Afrikan eta Asian lantegiak dituela, Europako ekialdean eta Txinan filialak sortzen jarraituko du, eta lehen aldiz, Errusian ezartzea espero du.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.