Astekaria

 Kultura 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2043. alea
2006-06-04
alde 0    kontra 0



Iruzurrak

historian

Batzuen artean

Gaiak

158 orrialde

Historiako mirari faltsuak

Antzinatik ahalegin ugari egin ditu gizateriak, gizakiaren nondik norakoak jakin ahal izateko. Aurkikuntza gogoangarrien alboan, iruzurrak ere egin du bere lekua. Eta hain zuzen ere, horri buruz dihardu Gaiak argitaletxeak plazaratu duen Iruzurrak historian izeneko liburuak. Idazlan honetan, historian izandako engainu entzutetsu batzuk aukeratu dituzte, gizateriaren iraganaldiko gertaera gogoangarrien ezagutza kontatzeko iruzurrek bete dezaketen zeregina azaltzeko. Tximinoa gizakiaren arbaso izan zitekeela-eta Piltdownen (Ingalaterra) «aurkitutako» arrastoak ezagun egin zirenetik hasita, Troiako gerraren gainean dauden zalantzak, Atilaren hunoek zabaldutako izua hainbesterainokoa izan ote zen, eta beste kontu ugari.

Bizkaia. Ehun paisaia

Santiago Yaniz

Sua

128 orrialde

18,50 euro

Bizkaiaren aiurria aurkitzeko Santiago Yanizen ehun argazki

Urtaro bakoitzaren joan-etorrian eta une bakoitzak eskaintzen duen argiaz ederki baliatuz egin ditu Bizkaiko lurraldea oinarri duten 100 irudi zoragarri hauek. Santiago Yanizek Galdameseko Ereiza mendia erakutsi digu elurraren menpe eta halaber, Orozkoko Anuntzibai zubia udazkenean, Alluitz mendiko harresiak ilunabar batean, Bizkaiko zubia ederki argiztatua, Abraren eta Bilboko portuaren ikuspegia gauez, Karrantzako paisaia elurtua, Matxitxako lanbropean, Zamudion dagoen Malpika dorrea, Urdaibai zein Gorbea eguratsaren era guztietan, Guggenheim su artifizialez horniturik, Ogeia lur muturra egun argiz, iluntze bat, Butroeko gazteluko eta Sopuertako panoramika eta beste irudi asko. y

Knossos-eko ondarea

Pello Gutierrez, Daniel Redondo, Iban Astondoa

Saure

48 orrialde 16 euro



Aritz pilotaria Kretan

Haur eta helduentzako abentura komiki honetan, Kreta eta Iruñean kokatuta dagoen istorio bat azaltzen da. Komikiko protagonista diren Aritz pilotaria eta bere lagun Joxe eta Eider Kretan daude. Opor on batzuk pasatzeko asmoarekin gerturatu dira haraino, baina beren ametsetako lurralde horretan ezusteko franko aurkituko dute. Izan ere, poz-pozik handik dabiltzala, nafar bat, Idoia Askunze Mihiluzea, ikusiko dute. Ez dute oso begiko neska hori, baina hark esaten dienean bere mutila bahitu egin dutela, une horretan atzerritarrak Kretan ondo ikusiak ez daudelako eta bertatik alde egiteko, hari laguntzea erabakiko dute Aritzek, Joxek eta Eiderrek. Horretarako, San Ferminetan murgildurik dagoen Iruñeara itzuliko dira, desagertze horren zergatia argitze aldera.

Azterketak 7. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren Aurrekontua

Batzuen artean

Manu Robles-Arangiz Institutua

100 orrialde

Aurrekontuak hizpide

ELAko Azterketa Bulegoak euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren 2006ko Aurrekontuen azterketa lanak dioenez, Hego Euskal Herria dugu Europan azkena aurrekontuetako diru-sarrerei dagokienean eta gizarte gastuan inbertitzeko asmoei dagokienez. Hau da, azkenak omen gara osasuneko eta hezkuntzako gastu publikoan, bai eta duintasunez bizitzeko beharrezkoa banatzeko garaian edota gizarte premiak betetzerakoan ere. ELAk dioenez, 2006ko aurrekontuen proiektuan gastu publikoaren murrizketa aurreikusia dago, eta horrek osasun sistema publikoaren kalitatea eta sektoreko langileen lan baldintzak arriskuan jartzen ditu. Hezkuntzari eta Etxebizitzari dagokienez, beste hainbeste aurreikusten du eta behartsuenen pobreziak bere horretan iraungo duela.

Ibrahim jauna eta Koranaren loreak

Eric-Emmanuel Schmitt

Erein

86 orrialde

Ezberdinen arteko adiskidetasun zintzoa

Patxi Zubizarretak euskaratutako Eric-Emmanuel Schmitten Ibrahim jauna eta Koranaren loreak nobelaren oinarrian, Parisen bizi den hamaika urteko mutiko judutar batek bere auzoko musulman bakarrarekin egiten duen adiskidetasun zintzoa dago. Mutiko hori aitarekin bizi da, amak etxetik alde egin zienetik, eta aita-semeak duten elkarren arteko harremana erabat hotza da. Halako batean, aitak lapurtzat joko du mutikoa, eta une horretan bertan erabakiko du gazteak benetan lapurtzen hastea, bai aitari eta baita janariak saltzen dizkion Ibrahim jaunari ere. Berak putetara joan nahi luke, eta horretarako dirua behar du. Nahikoa aurrezten duenean, itsulapikoa apurtu egingo du.

Kea airean bezala

Imanol Azkue

Zarauzko Udala

54 or. / 7,50 euro

Ospitale barruko eta kanpoko bizitzak

Harrera etxe batean bizi den mutikotxo bat eta haren hamabost urteko arreba dauzka protagonista iazko Lizardi saria eskuratu zuen Imanol Azkueren ipuinak. Anai-arreba horiek amarik ez dute; eta aita, berriz, eritetxe batean dago, burutik oso gaixo, gainera. Mutikoari bere aita gehien gustatzen zaion unea, bisitan joan eta ospitaletik irtendakoan hirurak egingo dituztenak asmatzen hasten denekoa da. Baina ez ditu beti aita bisitatzeko aukerak, batzuetan, ospitalera ez joateko abisua ere izaten baitute.

Euskal Herria atzerritarren ahotan

Jose Felix Diaz de Tuesta

Arrasate Argitan

244 or. / 20 euro

Euskaldunak gogoko izan gaituzten atzerritarrak

Makina bat irain eta mespretxu entzun eta irakurri ahal izan ditu euskaldunak bere buruari eta bere herriari zuzenduak. Jose Felix Diaz de Tuestak plazaratu duen Euskal Herria atzerritarren ahotan izenburuko antologia moduko honetan, ordea, ez du horrelakorik aurkituko. Alderantziz, bere autoestimua areagotuko dioten aipu asko eta asko irakurri ahal izango baititu. Eta ez edonork esanak edo idatziak, gainera. Estrabon geografo grekoak K.a. I. mendean euskaldunak berariaz aipatuz idatzirik utzi zituenetatik hasita, 1967an jaiotako Pau Joan Hernández idazle eta itzultzaile katalanak eskaini berri dizkigunetaraino, gogoko izan gaituzten hamaika andere eta gizon ospetsuk historian zehar gure eta Euskal Herriaren gainean esan dituztenetatik aukeratutako testuez osatua dago liburua. Mintzo direnetatik batzuk aipatzeagatik, hor ditugu Dante Alighieri, Boccaccio, Ausiàs March, Fray Bartolomé de las Casas, François Rabelais, Cervantes, Lope de Vega, Voltaire, John Adams, Victor Hugo, Flaubert, Elisée Reclus, Rubén Dario, Ramón Menéndez Pidal, Lluís Companys, John Dos Passos, Bertolt Brecht, Anaïs Nin, Orson Wells, Raimon edota Montserrat Caballé.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2042
 
azala2041

2043 zenbakia.
2006ko ekainaren 04a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza