Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 08:33:38
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-04 -- 2043.zenb

Ikastola garaian euskaraz, eta ondoren?

Jon Gonzalo


Gure hezkuntza sisteman ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua gero eta handiagoa da. B eta D ereduetako matrikulazioek gora egiten dute urtero, eta ondorioz euskararen ezagutza handitzen ari da. Hori bai, ikasketak amaitzen dituztenean, zer nolako jarrera dute euskararekiko euskaraz ikasten duten ikasleek? Euskara erabiltzen al dute? Transmititzen al diete euskara euren seme-alabei? Galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ikerketa interesgarri bat egina du.

Ikerketa honen bitartez ikastolako ikasle ohien artean euskararen erabilera eta transmisioa zer nolakoa den aztertu nahi izan dute. Horretarako egoera soziolinguistiko ezberdina duten bi adibide aukeratu dituzte: Gasteizko Olabide ikastola eta Donostiako Santo Tomas Lizeoa. Gasteiztarrek euskararen erabilera eta transmisioa bermatzeko baldintza txarrak dituzte -ama hizkuntza gaztelera dute eta euren ingurunea oso erdalduna da-. Donostiarren kasuan, berriz, baldintzak oso onak dira -euren ama hizkuntza euskara da, ingurune euskaldunean bizi dira, eta oro har, beraien bikotekidea euskal hiztuna da-.

Azterlanaren emaitzarik onenak aipatze aldera, Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien euskararen erabilera aipa dezakegu. Gaur egun, ikasle ohien %57k gazteleraz beste edo gehiago hitz egiten du euskaraz. Transmisioari dagokionez, %95ek euskara transmititu diete euren seme-alabei. Olabideren kasuan, transmisioari dagozkio emaitzarik onenak. Gurasoen hiru laurdenek euskara transmititu diete euren seme-alabei. Erabilerari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak. Ikasle ohien %32k gutxi hitz egiten du euskaraz eta %22k ezer ere ez.

Jon Aizpurua Hezkuntza Saileko Plangintza eta Azterlanetarako Zerbitzuko arduradunaren esanetan, «Santo Tomas ikastolako ikasleen artean ez da harritzekoa emaitza onak lortzea, izan ere, euskararen erabilera eta transmisioa bermatzeko oso baldintza onak dituzte. Olabideren kasuan lortu diren datuak, ordea, pozteko modukoak dira. Oro har, Olabideko ikasle ohiek euren seme-alabei euskara transmititzea erabaki dute, eta D eta B ereduetan eskolaratu dituzte euren seme-alabak».

Bestelako datu interesgarriak ere eskaini ditu ikerketa honek. Besteak beste, agerian utzi du gaur egun euskara gehien seme-alabei egiten zaiela. «Olabide ikastolako ikasle ohiek askotan ez dute beste aukerarik. Ingurune erdaldun batean bizi dira, eta euren seme-alabekin baino ezin dute hitz egin euskaraz», azpimarratu digu Jon Aizpuruak. Baina datu kezkagarriak ere ez dira falta. Santo Tomas eta, batez ere, Olabide ikastoletako ikasle ohiek gaztelaniaz hitz egiten dute askotan euskaraz dakien jendearekin: anai-arrebekin, lagunekin, lankideekin... Jon Aizpuruak dioenez, «euskaraz hitz egiteko erraztasunak eta ohiturak baldintzatzen du hizkuntza aukeraketa, eta hori da kasu honetan gertatzen dena».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan