2006-06-04 -- 2043.zenb
Ingurumena ardatz harturik, paisajismo, lorezaintza, loreen salmenta eta produkzioaren inguruko ekintzak bultzatzea du helburu iaz hasitako azokak, eta era berean eskualdeko turismoa dinamizatzea. Hala, loreen salmenta baino haratago doan "loreen, landareen eta paisajismoaren jai handia" ospatuko da, ekainaren 3an eta 4an Oiartzungo Arditurriko Bidegorrian.
Iazko azokaren balorazioa oso positiboa izan zen, bertara eskualdeko zein beste lekuetako jendea etorri baitzen; guztira 15.000 pertsonek bisitatu zituzten Loriartzun azoka eta aste bukaera horretan egin ziren beste hainbat ekimen.
Aurten ere, azoka baino lehenagoko astean zenbait ekintza egingo dira. Esaterako, Ingurumen-Instalazioen Lehiaketa egin da. Lehiaketa honetan, parte hartzaileek euskarri naturalak erabili dituzte adierazpen modutzat. Guztira 3 izan dira irabazleak eta beraien lanak, Oiartzunen ezagutzera eman nahi diren hiru ibilbideetan jarriko dira (Arditurri, Oieleku eta Elizalde). Saria proiektua gauzatzea, obraren zuzendaritza eta 3.000 euro dira. Maiatzaren 19an epaimahaiak hiru proiektu irabazleen izenak ezagutzera eman zituen. Elizalden Itzalak proiektua izan da irabazlea, Oielekun Líneas proiektua eta Arditurrin Flor de Minas. Lan hauek guztiak ekainaren baterako bukatuta egon behar dira.
Ekainaren 2an berriz, jaiari hasiera emateko, landaretza eta paisajismoaren inguruko jardunaldi teknikoa egingo da. Paisaiaren ingeniaritza, ingurumen instalazioen lehiaketaren proiektuen azalpenak, landareen zainketa eta beste hainbat gai jorratuko dira.
Ekainaren 3an eta 4an Arditurriko Bidegorrian egingo den azokari dagokionez, erakusle kopurua handia izango da, eta aurreko urtean bezala, bisitariei beraien berrikuntzak eta berezitasunak erakusteko prest etorriko dira.
Haurrentzako ere bada tokia: aurten gaztetxoenek txorimaloak eta belar metak egiten ikasiko dute Oiartzungo Altzibar auzoko zelaietan.
Aurreratu dezakegun beste ekitaldi bat Lartaungo abesbatzaren emanaldia da. Igandean (ekainak 4) izango da Udaletxeko Areto Nagusian eta egun honetarako, Arrasateko Goikobalu Abesbatza gonbidatu dute.
Herriko beste hainbat elkarteren laguntza izango dute, trikitixa, dantza emanaldiak, txirula kontzertuak eta beste hainbat ekimen eskainiaz. Arditurriko Bidegorrian ingurumenaren besta zain duzue.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa