Jakoba Errekondo
Hortxata edaria egiteko erabiltzen den txufa omen da bedaurra, Cyperus esculentus var. sativus landarearen tuberkulua. Cyperus generoko landare jende gehienari papiroa deitzen zaio, tartean baitute paperaren eta papera hitza beraren aurrekari garbia den papiro landarea, Cyperus papyrus. Esculentus-ek eta sativus-ek, biek ala biek, jateko modukoa dela adierazten dute.
Urzale amorratua izaki uretan bertan edo ur-ertzean, urasetutako lurretan edo toki hezeetan bapo bizi ohi da papiroa. Besteak beste Indian, Txinan, Amerikan, Nigerian, Ghanan, Togon eta Espainian ekoizten da, aziendaren eta geure bazka. AEBetan indioilar basatiak eta oreinak ehizatzeko eta urdaldeak gizentzeko erabiltzen da. Indian arrozadietan belar txartzat dute eta arroza landatu aurretik urdeak botatzen dituzte uxarrean harrapatzen dituzten tuberkulu guztiak jan ditzaten. XX. mendeko 70eko hamarkadan, AEBetatik etorritako gladiolo erreboila sorta batzuetan nahastuta etorri zen Herbehereetara eta bertako padura ugari kolonizatu zituen, 1984an bedaurra den sailetan lurpeko ekoizkinik lantzea galarazi zuten legez. Onerako bezala txarrerako ugaria da: Massachusettsen burututako ikerketa batean konfirmatu zuten: hektareako 605 milioi hazi eta tuberkulu soil batek 1.900 landare eta 7.000 tuberkulu eman ditzake urteko.
Papiroak lantzen direla milaka urte badira. Jatorria India aldean dutela dirudi eta duela lau bat mila urte, bai papirogai bai jaki, garia eta garagarrarekin batera usu erabiltzen zutenaren aztarna garbiak badira Egipton, faraoien hilobietan topatutako tuberkulu potinkadak adibidez. Itsasontzientzako belak, oihalak, esterak edo zirriak, lokarriak, sandaliakà gai ugari egin izan da bere zortenaren zuntzaz. Lurpean duen tuberkulua izan da eta da, aldiz, jan ûgordinik, erregosia, ehotutaàû eta edateko ûberatuta hortxatan, karameloa garagardo ilunetan, kafe eta txokolatetanàû, oihalak tentetzeko almidoitarako, papera egiteko, biodiesela sortzeko, sistema inmunologikoa indartuz gorputza babestekoà Hau dena jakinda zer dela eta aukeratuko ote zuten esperantoz bedaur hitza bera atsekabea adierazteko?
Jabier Agirre
1906ko azaroan aurkeztu zuen Alois Alzheimer medikuak Tubingen Unibertsitatean, gerora bere izenarekin deskribatuko zen Auguste Deter gaixoaren kasua. Eta geroztik 100 urte pasa diren arren, Alzheimer gaitzak jarraitzen du izaten dementzia arrazoirik usuena, adin-talde guztietan. Gaur egun 65 urtetik gorako 400.000-600.000 espainiar daude dementziak jota, eta horietatik %68-75 artean Alzheimer gaitzari dagozkio. Era guztietako gaixotasunen tratamenduan medikuntzak aurrerapauso handiak egin dituen arren, XXI. mende honetan ere, gorantz jarraitu du herrialde garatu guztietan gaitz horrek eragindako heriotza-tasak, bestelako heriotza-arrazoiek -minbiziak edo miokardioko infartuek, esaterako-, zorionez, behera egiten duten bitartean. Horrexegatik, heriotza-tasa gordinez gain, Alzheimerra arazo soziala da gaur egun, ez bakarrik gaixoen eta horien familien arazoa.
Alzheimer gaitza gaixotasun kronikoa da, garuneko funtzioen galera progresiboa dakarrena, pazientearen jarduera fisikoa eta baita soziala ere erabat mugatzeraino. Eta gaitzari aurre egiteko dagoen zailtasun handienetakoa diagnostiko goiztiarra da, hasieran gaitzaren sintomak oharkabean pasatzen baitira, edota zahartzaroaren ondorio logikoekin nahasten baitira.
Gaur egun, Alzheimer gaitzaren diagnostikoa klinikoa da batik bat; azterketa neurologiko eta neuropsikologikoaren konbinazioak eta neuro-irudien teknikak erabiliz, probabilitatezko diagnostiko bat egin dezakegu, zehaztasun-maila handi samarrarekin. Baina dementziaren diagnostikoa egin eta handik 3 bat urtera pazienteen hirutik batek Alzheimerra izango dutela ikusita, diagnostikoa ahalik eta faserik goiztiarrenean egin behar da. Horrela oroimen-galera hobetuko lukeen tratamenduarekin eta ezgaitasunaren epea murriztuz, gaixoaren bizi-kalitatean ematen den hondamena ahalik eta gehien atzeratzea lortuko genuke. Ez dago Alzheimer gaitza sendatzeko modurik, ez baita bere arrazoia ezagutzen. Baina sintomak kontrolatzeko botika eraginkorrak badauzkagu. Beraz, adituen borroka Alzheimer gaitzaren progresioa atzeratzea lortzea da.
Joxerra Aizpurua
Dieta begetarianoa planetarentzat hobea
Lurra jasaten ari den berokuntza efektuaren eraginean, jaten dugunak erabiltzen dugun automobilaren garrantziaren antzekoa du, hori dio Chicagoko unibertsitateko Gidon Eshel eta Pamela Martin irakasleek zuzendutako azterketak.
Janaria sortzeko erretzen diren erregai fosilak eta aziendaren jardueragatik sortzen diren hondakin ez-karbonikoak dira arazoaren muina.
AEBetan batez-besteko dietaren (3.774 kaloria eguneko) eraginez tona eta erdi berotegi-gas gehiago askatzen dira egunero dieta begetarianoa erabilita askatuko litzakeena baino.
Eshel-ek dioenez, "Ez ditugu dauden baloreak epaitu nahi, ezta baieztapen absolutu bat egin nahi ere; egin nahi duguna konstatazio bat baino ez da, hots, dieta begetarianotik zenbat eta hurbilago egon gero eta mesede handiagoa egiten diogu gure planetari. Ez dugu esaten jendeak mutur batetik bestera igaro behar duenik, baina astero bi hanburgesa jan beharrean bakarra janez gero, ekarpen eraginkorra egingo zaio ingurumenari".
Zenbat eta haragi gehiago jan gero eta azienda zabalagoak behar dira eta ondorioz, aziendak sortutako hondakinak hazi egingo dira. Hondakinetan sortzen diren gasen artean nagusietakoak metanoa eta oxido nitrosoa dira eta ez da ahaztu behar horiek CO2ak baino 50 aldiz indar handiagoz eragiten dutela negutegi-efektuan.
Baleek eta izurdeek hankak galdu zituzten
Baleen eta izurdeen arbasoek orain 35 milioi urte galdu zituzten hankak eta ia erabat itsaskari bihurtu ziren. 15 milioi urte lehenago lehortarrak ziren ugaztunak igeri egiten hasi ziren eta pixkanaka gorputza horretara egokitu zitzaien.
Ohio-ko unibertsitateko Hans Thewissen ikerlariak zuzendutako ekipoak hainbat itsas ugaztunen fosilak aztertu ditu eta batez ere, izurdeen enbrioien garapena ikertu du hanken desagerpen-prozesua hobeto ulertzeko.
Horren arabera, prozesu luze baten ondoren aldaketa genetiko azkar bat gertatu zen. Hasieran, poliki-poliki hankak txikitzen joan zitzaizkien, baina esan bezala, une batean eten egin zen hankak sortzeko garapena. Hain zuzen ere, hanken hazkundean zerikusia duen Sonic hedgehog (Shh) deituriko proteina desaktibatua geratu zen.
Umaldiaren hasieran hankak sortzen hasten baziren ere, geroxeago desagertu egiten ziren; horren arrazoia Shh aktibatzen duen Hand2 deituriko genearen desagerpenean datza.
Beraz, eboluzio baten nondik norakoa hobeto ezagutzen dugu jada, baina oraindik galdera batzuk badaude erantzuteke, hala nola, Hand2 genea desagertzeak zer eragin zuen?