Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-06-04 -- 2043.zenb

Katixa Garate


Antzerkia kalean da

Hasi da dagoeneko kaleko arteen garaia. Leioan, VII. Umore Azoka egingo dute, ekainaren 1etik 4ra. Guztira 48 konpainiek eskainiko dituzte euren ikuskizunak Leioako kale eta plazetan. Horietatik 10 Euskal Herrikoak dira (Gaitzerdi, Pikor, Trapu Zaharra, Xabi Larrea, Azulkillas, Latirili...). Aurten ere Zeruko artea atalari eutsiko diote eta akrobazia ugari ikusi ahal izango dira bertan. Bestetik, atal berria sortu dute, kaleko magiari eskainia. Azokaren baitan Kale-arteen IV. Topaketa Profesionalak egingo dituzte. Hala, kalea bizibide duten artistek kultur politikei, koprodukzio eredu berriei eta egile eskubideei buruz hitz egingo dute, besteak beste.


Gasteiz ikus-entzunezkoen lurralde

Uztailaren 1a arte, ikus arteen tendentzia berrienei egingo diete leku Montehermoso kulturgunean, Gasteiz Lurralde Ikuskorra jardunaldietan. Zinema, musika, erakusketak, dantza, tailerrak... egitarau oparoa prestatu dute. Skate bideo lehiaketa egingo dute, bideosormeneko lanak eskainiko dituzte, bideo jokoen gaineko jardunaldiak egingo dituzte, musika garaikideari eskainitako zikloa izango da... Uztailaren 1ean amaituko dira jardunaldiak, moda, irudia eta soinua uztartzen dituen ikuskizun batekin.


Bertsolari Ttiki Eguna Miarritzen

Ekainaren 2an ospatuko dute Bertsolari Ttiki Eguna Miarritzeko Jai Alaian, Bertsolarien Lagunak elkartearen eta Seaskaren ekimenez. Goizean Iparraldeko Bertsolari Gazteen XIII. Txapelgoko finala jokatuko da. Ikastoletako bertsopaperen irabazlea jakinaraziko dute ondoren eta arratsalderako Bertso-Xiba jokoa antolatu dute. Miarritzeko Udalak Bertsolarien Lagunekin izenpetu berri duen Miarritze bertsotan hiru urteko egitasmoaren lehen ekimena da Bertsolari Ttiki Eguna. Hala, hiru urtetan urtero bertso jarduera bat (bertso saioa, ikastaroa edota erakusketa) gutxienez antolatzeko konpromisoa hartu dute.


Ikusleak urritzen EAEko zine aretoetan

zinema aretoak ugaritu arren, ikusleak gutxitzen ari dira. Horixe ondoriozta daiteke Espainiako Kultura Ministerioak egindako inkesten arabera. 2001etik 2005era 2,2 milioi ikusle inguru galdu dituzte EAEko zinema aretoek. Orduan baino 24 areto gehiago dago ordea eta %9,84 gutxiago jaso dute dirutan. Zinema aretoen ugaritzeak hainbat ondorio ekarri ditu, adituen esanetan. Besteak beste, film bakoitza denbora laburragoan egotea aretoan, areto gehiago dagoenez, batetik bestera eraman behar dituztelako; eta hainbeste aretotarako filmak behar direnez, kalitate eskaseko film ugari proiektatzea.


Lekuonaren lanak museo digitalean

Nicolas de Lekuona (Ordizia 1913- Fruiz, 1937) artistak ez zuen museorik eta haren miresle Paula Garaialdek eta Mareu Apalategik museo birtuala egin diote: www.nicolasdelekuona.org. 200 bat artelan egin zituen Lekuonak (margolanak, argazkiak, collageak...). Gehienak familiaren eskuetan dauden arren, obra batzuk sakabanatuak ditu Bilbon, Gasteizen, Valentzian eta Estatu Batuetan. Hiru areto birtualetan banatu dituzte Lekuonaren obrak tekniken arabera eta bisita gidatuak egin daitezke, bideo-joko bat bailitzan.


IMAX zinema aretoa Barakaldon

Hiru dimentsioko filmak ikusi ahal izango dira ekainaren 8tik aurrera Barakaldoko Megaparkeko Yelmo Cineplex aretoetan. 700 ikuslerentzako lekua du aretoak eta 300 metro koadroko pantaila. Film laburrak, luzeak eta dokumentalak proiektatuko dituzte. Filmak hiru dimentsiotan ikusteko, betaurrekoak jantzi beharko dituzte ikusleek.


Bakearen aldeko kontzertua Donostian

Uztailaren 11n, doako kontzertua eskainiko dute Bob Dylanek, Mikel Laboak eta Macacok Zurriola hondartzan. Donostiako Jazzaldiak antolatu du kontzertua. Aurretik Bob Dylan jaialdira ekartzeko asmoa zuten eta ETAk su-etena iragarritakoan, bakearen aldeko kontzertua egitea erabaki zuten. Doakoa izango da, baina harmailetarako salgai jarriko dituzte sarrera batzuk.


Hemen gaude!

Antzerki eskoletako ikasleen lanak ikusi ahal izango dira Sareako antzokietan, bigarren urtez. Ekainaren 10a arte, bederatzi antzokitako oholtzak zapalduko dituzte BAI, Artebi, Gasteizko Eszena-Arte, Donostiako TAE eta Getxoko eskoletako ikasleek.


Aurora Beltran Liverpooleko LIPA goi musika eskolak gonbidatua izan da bertako ikasleekin bere obra lantzeko. Paul MacCartneyk sortutako eskolak, Espainiako artista eta interpreteen elkartearekin elkarlanean, artista bat gonbidatzen du urtero eskolak eman ditzan. Ekainaren 2an hasiko du bira Beltranek ikasleekin Espainian eta 10ean Iruńean izango dira.

Josu Penadesek Etxea nobela plazaratu du Alberdania argitaletxearekin. Ama-semea etxe bila dabiltza eta Miren eta Mikel bikotearen etxea ikusiko dute. Horixe du abiapuntu errealitatearen gaineko galdera ugari planteatzen duen eleberriak.

Miguel Angel Calvo zinema zuzendari tuterarrak estraineko film luzea (El lunar) errodatzen hasiko da ekainaren 5ean, Beran. Kontrako bi alderdi politikoren hautagai diren bi bikiren istorioa kontatzen du. Andoni Gracia aktore bilbotarrak jokatuko du bikien rola.

Cristobal Balenciagaren jantziez osatutako Maier Bilduma: Apaindura xumearen luxua erakusketa paratu du Balenciaga Fundazioak Getarian duen aretoan. Meye Maierrek 1938 eta 1960 urteen artean erabilitako jantziak izango dira ikusgai iraila bukatu arte.

Jousilouli taldea 2004an desegin zen. Taldearen 9 urteko ibilbidea 1995-2004 DVDan (Oihuka) bildu dute. Elkarrizketak, bitxikeriak eta kontzertu zatiak batu dituzte bertan. Taldearen errautsetatik Dirua taldea sortu berri da eta dagoeneko eskaini dituzte kontzertu batzuk.

Jose Luis Zumetak azken urte eta erdian egindako margolanak Bilboko Epelde&Mardaras galerian jarri ditu. Ekainaren 23a arte ikusi ahal izango dira.


Pako Aristik honakoak esan zizkion Berriari: «Ni euskal idazlea naiz, eta mentalki Euskal Herria nazio independente gisa bizi dut. Ez daukat inongo ilusiorik Madrilen, Alfaguaran, liburua argitaratzeko. Argitaratu nahi badute, ondo; oztoporik ez diet jarriko. Baina ez daukat inongo helbururik Madrilen onartua izateko. Kontrakoa ere esango dut: amorru handia ematen dit Madrilekin daukagun menpekotasun estetiko eta ideologiko horrek».

Xabier Agirre Txalo antzerki taldeko zuzendariak adierazpenok egin zizkion Noticias de Gipuzkoari: «Duela urte batzuk askoz gogorragoa zen antzerkiaz bizitzea, gaur egun bizi daiteke honetaz, ni horretaz bizi naiz eta posible dela ohartu naiz».

Mixel Etxekopar txirulari eta euskara irakasleak Garari: «Zuberoan gauza anitz kulturaren bidez egiten dira. Nonbait hori ere politika dela erran dezakegu. Artea politika da eta sobera garrantzitsua da politikarien esku uzteko».

Angel Erro, idazleakVolgako Batelariak blogean izkiriatua: «Euskarak aje asko ditu (...). Hizkuntza literario baten eraketan zertxobait aurreratu badugu ere (eta hobekuntza horretan anitz zor diogu itzulpengintza literarioari), poesiari dagokionez ezin gara hain baikorrak izan. Gauzak oso gaizki daude. Arras hizkuntza poetiko txiroa dugu, salbuespenak ohore. Bertso lerroen disposizioagatik ez balitz, maiz ezinen genuke jakin olerki bat irakurtzen ari garen edo egunkariko eskela bat».

hemeroteka

2047. zenbakia | 2006-06-02
2042. zenbakia | 2006-05-28

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan