Pilar Iparragirre
Unibertsitateko irakaslea, bi seme-alaben ama, PEN Klubeko Euskal Herriko lehendakaria, eta gainera idazlea zaitugu...
Eta orain dela gutxi arte EHUko sail bateko zuzendaria ere izan naiz, zazpi urtez.
Eta nondik ateratzen duzu literaturari eskaintzeko denbora?
Nigan literatura presente dago denbora osoan. Beste gauzak eginda ere, neure barnean dagoen musika bat da literatura. Nolanahi ere, literaturak bi fase dauzka: barnean sortzea, eta gero jada gauzatzea. Idaztea da gutxienekoa; denbora handia eta dedikazioa eskatzen du, baina boligrafoa hartu orduko, asko dago mamituta aurretik, eta orduan literaturak konpartitu behar du denbora esandako gauza guztiekin. Eta beste «trikimailu» bat ere badut: zorionez oso indartsua naiz fisikoki. Lan gaitasun handia dut eta lo egiteko ez dut denbora askorik behar. Horrek salbatzen nau, oso lo gutxi egiteak.
Zure literatura lan guztietan oinarri berdinak hartu dituzu: bikote harremanak eta politika. Horiei buruz hausnarketa egiteko beharrean al gaude?
Ez dakit guztiak gauden, baina neu bai behintzat. Ez da bikote harremana bakarrik. Gehiago da giza harremana orokorrean, zeren hor tartean ere sartzen dira adiskidetasuna, amatasuna, umeen hezkuntza... Gizaki sozialak gara. Garenak gara komunitatean bizi garelako. Eta komunitatean bi aspektu daude: bata, pribatua deitzen dena, eta bestea, publikoa. Politika izango litzateke gure harreman sozialaren kanpoko eremua, eta giza harremanak, berriz, komunitatean bizi dugun elkar bizitzaren eremua. Orduan ni pixka bat intsumiso bihurtu naiz bi eremuak bereiztearekin. Ez dut marra zuzenik egin nahi eta, gainera, ez dut uste egin behar denik ere. Nire iritziz elbarri gelditzen gara konpartimentu estankoak eginez gero. Uste dut eremu publikora eraman ahal ditugula pribatuan ikasitako geure bizipenak, eta alderantziz: jendearekin egonez ikasi dugun esperientzia guztia eraman behar dela ere norberaren arlo ezkutuenera. Bestela, artifiziala izateaz gain, injustua da, sozialki eremu biak identifikatuta daudelako generoekin: pribatua emakumetasunarekin edo feminitatearekin, eta publikoa maskulinitatearekin. Non aritzen zaren, batzuek abantaila dute.
Azalduko duzu hori gehixeago?
Bada, gizonezkoek eremu batean eduki dezakete abantaila eta emakumeek bestean. Abiapuntua ezberdina da. Gizonezkoa pixka bat salduta egongo litzateke afektuen arloan, aitatasunean, umeekiko harremanean, ahula babestearen arloan, jende nagusia zaintzeko esaterako. Horietan gizona elbarri dago. Emakumea, berriz, beste arloan dago elbarri. Eta hori injustua da. Iruditzen zait gizakiago jokatu behar dela bietan.
Ecce homon noren apologia egiten duzu: emakumearena, emetasunarena? Feminismoarena ez da, behintzat.
Ez, ez. Nik egiten dudan apologia osotasunarena da, nik ez nuke nahi zeharo femeninoa izan.
Zergatik idatzi duzu bertan, orduan, «Ezkerreko politika egitea emakumea izatea da»?
Esaldi hori da nobelaren tesia. Ezkerreko politikak, printzipioz, eduki behar duen helburua da ahotsik gabekoei ahotsa ematea, ahulena indartsuenarekin berdintasunean ipintzea -gutxienez aukera berdintasunean-, desberdina ez bereiztea, ez arrazagatik, ez generoagatik, ez aukera ekonomikoagatik. Hori da ezkerreko politika. Aldiz, eskuineko politika litzateke, arrain handiak txikia jatea, boterea daukana ondo eta ez daukana hor konpon; etorkinak, ijitoak edo arraza desberdinekoak marjinatzea... Zer egiten du orokorrean emakumeak gaur egun ezagutzen dugun gizarte honetan? Hain zuzen ere ezkerreko balore horiek guztiak indartu egiten ditu! Ez dakit kulturala edo genetikoa den, berezkoa ala erantsia, baina kontua da halako rola egokitu zaigula: babestearena, bat etortzea bilatzearena, lehian deseroso egotearena... Ezkerreko politikak guztiz femeninoak diren balore horiek guztiak hartu beharko lituzke.
Zure nobelan irakur daiteke emakumea beti dela negoziazio zale, eta oro har bestearen lekuan jartzen dena... Benetan uste duzu balore horiek izan direla «Lurraren gatza» deitua izan den emakumeak, bakar-bakarrik, bere burua eta familia aurrera ateratzeko erabili izan dituenak?
Ez. Nik esango nuke emakumearekin identifikatzen direla balore horiek, baina izatez ez direla emakume-emakumearenak. Nik ez dakit noraino diren berezkoak eta noraino erantsiak. Dakidana da hori dela gaur egun femeninotzat hartzen duguna. Eta nik errebindikatzen ditudanak balore ustez femenino horiek dira. Ez emakumearen jarrera. Zeren emakumeak oso maskulino jokatu dezake, oso lehiakor edo oso baztertzaile, edozein gizonek beste. Nik liburuan diodanarekin ez dut esan nahi ezkerreko politika femeninoa izan behar denik, baizik eta femenino jokatu behar duela. Eta hori da, zorionez, daukagun esperantza, femenino edozeinek jokatu baitezake, gizon zein emakume izan. Horregatik matizatu behar da esaldi ponposo hori. Ezkerraren politika egitea balore femeninoekin ere jokatzea da, eta batez ere oso presente edukitzea, emakume edo gizon izanda!
Zertan oinarritzen zara zu Ecce homon aitatzen dituzun baloreak balore femeninoak direla esateko?
Galdera ona da, zeren hori da nik daukadan zalantza. Ez baitakit zein puntutaraino diren berezkoak edo erantsiak. Baina argi dago historian egokitu zaion rolagatik emakumea behartuta egon dela komunitate batean erdigunea izatera eta oso adi egotera komunitate horretako kide guztiak elkar bizi daitezen. Agian garatu dituen balioak ez dira berezkoak, bete duen rolagatik bere egin behar izan dituenak baizik. Oso interesgarria da alde horretatik Simone de Beauvoir-ek zioena, hau da, gauza bat dela izan, eta beste gauza bat dela egon. Egoera batek eragin izan du iza-era, izateko era bat. Horregatik gaur egun diogu honelako egoeran egon direnek daukatela halako izaera. Baina nire galdera da: benetan halakoak dira, izan? Edo halakoak dira egoerak behartuta? Alda dezagun egoera, eta ikus dezagun emakumearen benetako izaera. Beti daukagu aukera, guztiok, geure bizitzaren jabe izateko. Eta bai, sexuak definitzen gaitu, generoak ez.
Beraz, zein da zure liburuan zabaldu nahi izan duzun mezua?
Argi nuen ez nuela espreski feminitateaz eta emakumeari buruz hitz egin nahi. Urtetan egokitu zait emakumea eta literaturaz hitz egitea, eta pixka bat aspertuta nago. Une batean pentsatu nuen: zergatik ez hitz egin kanonaz, arauaz, neutroa omen denaz? Zeren gizon izatea neutroa ei da, baina ez da. Beraz, horren gainean hitz egin nahi nuen, azalduz gizona ere markatuta dagoela. Gero, jakina, gizonari buruz hitz egiterakoan, emakumeari buruz ere hitz egiten dut, baina beraiengan kokatu nahi nuen gaia. Batetik, asko interesatzen zaizkidalako; gizonez inguratuta bizi izan naiz beti, eta eremu publikoan egon naizenean sarri askotan emakumezko bakarra izan naiz. Eta bestetik, beraiei esan nahi nielako: adi, gu ez gara diferenteak, hemen guztiok gaude markatuak. Ecce homok badauka zentzu apur bat peioratiboa ere: hau da, gizajo, zarpaila, amek eta amamek kariñoz erabiltzen zuten «descamisado, zarrapastroso» hura. Nik modu sinboliko batean esan nahi nuen gaur egun gizonezkoek badutela egoera hori. Guk gauzak asko aldatu ditugulako oso denbora laburrean, eta beraiek paperak galtzen ari direlako. Eta pixka bat gizajo dira, ez dakitelako batzuetan nola jokatu. Gu alde horretatik seguruago gaude. Agian ez dakigu beti zer nahi dugun, baina bai zer ez nahi dugun. Beraiek, berriz, ez dute beren lekua topatzen. Ikasten ari dira aita izaten -batzuek oso ondo egiten dute-; eta ikasten ari dira konpañero ere izaten emakumezkoekin lantokian. Baina asko kostatzen ari zaie bikotekide izatea, ez dakite nola izan autonomia ekonomikoa eta intelektuala duen emakume baten ondoan. Hor pixka bat galduta dabiltza, eta Ecce homok horri egiten dio erreferentzia.
Pilar Iparragirre
Zertan datza zure liburu honen mamia?
Duela bi mila urte ingurukoak dira Euskal Herriari eta euskaldunei buruz ezagutzen ditugun lehenengo testigantza idatziak. Erromako geografo eta historialariek idatzi zituzten. Geroztik ezin konta ahala testu idatzi eta argitaratu da gure herriari buruz, XIX. mendetik hona, batez ere. Horietako batzuk bildu ditut liburu honetan, atzerritarrek idatzitako testuetatik edo esandakoetatik Euskal Herriaren irudi baikorra jasotzen dutenen lagin txiki bat da bere mamia, ezinezkoa litzatekeelako Euskal Herriari buruz idatzi den guztia honelako liburu batean jasotzea.
Hainbeste idatzi al da, bada, gure herriari buruz?
Bai, eta garai guztietan, gainera. Baina bibliografia, oro har, oso zabala bada ere, Antzinaroko eta Erdi Aroko testu gutxi samar aurkitu dut. XIX. mende hasieratik hona, berriz, aurreko zortziehun urteetan baino askoz ere gehiago.
Nortzuk dira aipuen egileak?
Estrabon geografo grekotik hasita, Peter Bakker hizkuntzalari eta antropologo holandarrak, Rui Pereira idazle portugaldarrak edo Pau Joan Hernández idazle eta itzultzaile katalanak idatzi dituztenetarainokoak. Bildu ditudan idazle gehienak espainiarrak edo frantziarrak dira. Baina ingelesdunak ere ez dira gutxi; batzuk, gainera, literatura edo zinema munduan oso ezagunak, Anaïs Nin, Aldous Huxley edo Orson Wells, adibidez. Katalanak eta portugaldarrak, berriz, gutxi samar. Nork zer esan duen, horixe da antologia honen muina, eta aipuekin batera, autoreen biografia laburra ere sartu dut.
Pilar Iparragirre
Iruzurrak
historian
Batzuen artean
Gaiak
158 orrialde
Historiako mirari faltsuak
Antzinatik ahalegin ugari egin ditu gizateriak, gizakiaren nondik norakoak jakin ahal izateko. Aurkikuntza gogoangarrien alboan, iruzurrak ere egin du bere lekua. Eta hain zuzen ere, horri buruz dihardu Gaiak argitaletxeak plazaratu duen Iruzurrak historian izeneko liburuak. Idazlan honetan, historian izandako engainu entzutetsu batzuk aukeratu dituzte, gizateriaren iraganaldiko gertaera gogoangarrien ezagutza kontatzeko iruzurrek bete dezaketen zeregina azaltzeko. Tximinoa gizakiaren arbaso izan zitekeela-eta Piltdownen (Ingalaterra) «aurkitutako» arrastoak ezagun egin zirenetik hasita, Troiako gerraren gainean dauden zalantzak, Atilaren hunoek zabaldutako izua hainbesterainokoa izan ote zen, eta beste kontu ugari.
Bizkaia. Ehun paisaia
Santiago Yaniz
Sua
128 orrialde
18,50 euro
Bizkaiaren aiurria aurkitzeko Santiago Yanizen ehun argazki
Urtaro bakoitzaren joan-etorrian eta une bakoitzak eskaintzen duen argiaz ederki baliatuz egin ditu Bizkaiko lurraldea oinarri duten 100 irudi zoragarri hauek. Santiago Yanizek Galdameseko Ereiza mendia erakutsi digu elurraren menpe eta halaber, Orozkoko Anuntzibai zubia udazkenean, Alluitz mendiko harresiak ilunabar batean, Bizkaiko zubia ederki argiztatua, Abraren eta Bilboko portuaren ikuspegia gauez, Karrantzako paisaia elurtua, Matxitxako lanbropean, Zamudion dagoen Malpika dorrea, Urdaibai zein Gorbea eguratsaren era guztietan, Guggenheim su artifizialez horniturik, Ogeia lur muturra egun argiz, iluntze bat, Butroeko gazteluko eta Sopuertako panoramika eta beste irudi asko. y
Knossos-eko ondarea
Pello Gutierrez, Daniel Redondo, Iban Astondoa
Saure
48 orrialde 16 euro
Aritz pilotaria Kretan
Haur eta helduentzako abentura komiki honetan, Kreta eta Iruñean kokatuta dagoen istorio bat azaltzen da. Komikiko protagonista diren Aritz pilotaria eta bere lagun Joxe eta Eider Kretan daude. Opor on batzuk pasatzeko asmoarekin gerturatu dira haraino, baina beren ametsetako lurralde horretan ezusteko franko aurkituko dute. Izan ere, poz-pozik handik dabiltzala, nafar bat, Idoia Askunze Mihiluzea, ikusiko dute. Ez dute oso begiko neska hori, baina hark esaten dienean bere mutila bahitu egin dutela, une horretan atzerritarrak Kretan ondo ikusiak ez daudelako eta bertatik alde egiteko, hari laguntzea erabakiko dute Aritzek, Joxek eta Eiderrek. Horretarako, San Ferminetan murgildurik dagoen Iruñeara itzuliko dira, desagertze horren zergatia argitze aldera.
Azterketak 7. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren Aurrekontua
Batzuen artean
Manu Robles-Arangiz Institutua
100 orrialde
Aurrekontuak hizpide
ELAko Azterketa Bulegoak euskaraz eta gaztelaniaz plazaratutako Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren 2006ko Aurrekontuen azterketa lanak dioenez, Hego Euskal Herria dugu Europan azkena aurrekontuetako diru-sarrerei dagokienean eta gizarte gastuan inbertitzeko asmoei dagokienez. Hau da, azkenak omen gara osasuneko eta hezkuntzako gastu publikoan, bai eta duintasunez bizitzeko beharrezkoa banatzeko garaian edota gizarte premiak betetzerakoan ere. ELAk dioenez, 2006ko aurrekontuen proiektuan gastu publikoaren murrizketa aurreikusia dago, eta horrek osasun sistema publikoaren kalitatea eta sektoreko langileen lan baldintzak arriskuan jartzen ditu. Hezkuntzari eta Etxebizitzari dagokienez, beste hainbeste aurreikusten du eta behartsuenen pobreziak bere horretan iraungo duela.
Ibrahim jauna eta Koranaren loreak
Eric-Emmanuel Schmitt
Erein
86 orrialde
Ezberdinen arteko adiskidetasun zintzoa
Patxi Zubizarretak euskaratutako Eric-Emmanuel Schmitten Ibrahim jauna eta Koranaren loreak nobelaren oinarrian, Parisen bizi den hamaika urteko mutiko judutar batek bere auzoko musulman bakarrarekin egiten duen adiskidetasun zintzoa dago. Mutiko hori aitarekin bizi da, amak etxetik alde egin zienetik, eta aita-semeak duten elkarren arteko harremana erabat hotza da. Halako batean, aitak lapurtzat joko du mutikoa, eta une horretan bertan erabakiko du gazteak benetan lapurtzen hastea, bai aitari eta baita janariak saltzen dizkion Ibrahim jaunari ere. Berak putetara joan nahi luke, eta horretarako dirua behar du. Nahikoa aurrezten duenean, itsulapikoa apurtu egingo du.
Kea airean bezala
Imanol Azkue
Zarauzko Udala
54 or. / 7,50 euro
Ospitale barruko eta kanpoko bizitzak
Harrera etxe batean bizi den mutikotxo bat eta haren hamabost urteko arreba dauzka protagonista iazko Lizardi saria eskuratu zuen Imanol Azkueren ipuinak. Anai-arreba horiek amarik ez dute; eta aita, berriz, eritetxe batean dago, burutik oso gaixo, gainera. Mutikoari bere aita gehien gustatzen zaion unea, bisitan joan eta ospitaletik irtendakoan hirurak egingo dituztenak asmatzen hasten denekoa da. Baina ez ditu beti aita bisitatzeko aukerak, batzuetan, ospitalera ez joateko abisua ere izaten baitute.
Euskal Herria atzerritarren ahotan
Jose Felix Diaz de Tuesta
Arrasate Argitan
244 or. / 20 euro
Euskaldunak gogoko izan gaituzten atzerritarrak
Makina bat irain eta mespretxu entzun eta irakurri ahal izan ditu euskaldunak bere buruari eta bere herriari zuzenduak. Jose Felix Diaz de Tuestak plazaratu duen Euskal Herria atzerritarren ahotan izenburuko antologia moduko honetan, ordea, ez du horrelakorik aurkituko. Alderantziz, bere autoestimua areagotuko dioten aipu asko eta asko irakurri ahal izango baititu. Eta ez edonork esanak edo idatziak, gainera. Estrabon geografo grekoak K.a. I. mendean euskaldunak berariaz aipatuz idatzirik utzi zituenetatik hasita, 1967an jaiotako Pau Joan Hernández idazle eta itzultzaile katalanak eskaini berri dizkigunetaraino, gogoko izan gaituzten hamaika andere eta gizon ospetsuk historian zehar gure eta Euskal Herriaren gainean esan dituztenetatik aukeratutako testuez osatua dago liburua. Mintzo direnetatik batzuk aipatzeagatik, hor ditugu Dante Alighieri, Boccaccio, Ausiàs March, Fray Bartolomé de las Casas, François Rabelais, Cervantes, Lope de Vega, Voltaire, John Adams, Victor Hugo, Flaubert, Elisée Reclus, Rubén Dario, Ramón Menéndez Pidal, Lluís Companys, John Dos Passos, Bertolt Brecht, Anaïs Nin, Orson Wells, Raimon edota Montserrat Caballé.