Batasuneko buruzagiak berriz Espainiako Auzitegi Nazionalean dira, Espainiako Parlamentuan egoera politikoaren eztabaida orokorra izan da, Zapatero-Rajoi elkarrizketak ere hor dira, eta hurrengo astean Zapaterok Kongresuan ETArekin ofizialki hitz egiten hasiko dela iragarri du El Paiseko J. R. Aizpeolea kronista ofizialak. Martxoaren 22tik gaurdaino bake prozesuak une gori eta larrienetakoa biziko bide du egunotan. Espainiako botere judizialaren baitan diren ikuspegi desberdinak agerian geratzen ari dira Grande Marlascaren ekimenetan. Baina negu gorriaren eta udaberriaren eztandaren ondoren udaren barea datorrenean, hori bakarrik dagoela pentsatzea inozo samarra litzateke. Orduan, zer da zehazki Zapateroren Gobernuak presionatu nahi duena? Lehenengo erantzuna Batasuna eta ezker abertzale osoa litzateke. Baina, orduan, zer mailatan dago finkatua prozesuaren ibilbide orria? Orain interpretazio ugari egin daitezke, baina erantzuna aste edo hilabete batzuetara ezagutu ohi da.
Daniel Udalaitz
MCC taldeak, 2005 urtean 8.442 lanpostu sortu ditu, aurreko urtean baino %11,9 gehiago. 2005eko abenduaren 31n 79.326 langile zituen, eta aurreko urtean 70.884. Adierazgarria da lanpostu berri hauen gehiengoa (6.417) euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla. Hau euskal talde kooperatibo multinazional honek oraintsu kaleratu duen iazko memoriaren datuetan ikus daiteke. Beste datu orokorrago batzuk ere nabarmendu nahi izan dituzte talde honetako arduradunek. Hala nola: garapen helburuetan aurrerapauso nabarmena, bai salerosketa kopuruari dagokionez bai lanpostuak sortzeari dagokionez; nazioartean zabaltzeari bultzada handia; berrikuntzari babes sendoa eta errentagarritasunean hobekuntza nabarmena.
Jakina denez MCC Taldea Talde Industrialak eta hainbat atalek osatzen dute. Hauek 2005eko urrian egin zen azkeneko IX. Biltzarrean onartutako erabakietara egokitzeko antolaketa prozesuan daude; Finantza-Taldea, hainbat jardunetara emana, Euskadi0ko Kutxak, Lagun-Arok -Lagun-Aro, EPSV, bere kooperatibistentzako aurreikuspen sozialerako eta Lagun-Aro Aseguruak- eta Banaketa-Taldeak (bereziki Eroski eta Erkop) osatzen dute. MCC Taldearen txosten honetako datuak ez dira ofizialak oraindik, lan hau egiterakoan 2005eko txostena bukatzear baitzuten. Hala ere, datuok funtsean ez dira ofizialetatik urrunduko, apirilean kaleratu zen Euskadiko Kutxaren 2005eko Memoriatik eta MCCren TU Lankide buletinetik jasotakoak baitira.
80.000 langile
Zalantzarik gabe, MCC da egun langile gehien duen euskal enpresa. Egia da Banco Bilbao Vizcaya Argentaria BBVA Taldeak guztira 94.681 langile dituela, baina horietatik 61.604 atzerriko filialetakoak dira. Hala ere, MCC Taldea euskalduna da eta gizarte-egoitza Arrasaten du, eta BBVA Taldea, gizarte-egoitza Bilbon duen arren, gehiago da, talde euskal-madrildarra.
2005eko ekitaldia amaitzean, MCCk 79.326 langile zituen. Dagoeneko ia 2006ko lehen seihilabetekoa amaitzear dagoenean, ziurrenik askoz gehiago izango dira. 2005. urtean 8.442 langile berri gehiago zituen. Egia da horietatik ia gehienak, 6.000 baino gehiago, Taldearen hainbat euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko enpresetako langileak direla, batez ere, Brandt etxetresna elektrikoen enpresa frantsesekoak. Azpimarragarria da 2005eko ekitaldiaren amaieran MCCren langile guztietatik, MCCko euskal kooperatibek parte hartzen duten atzerriko elkarteetako langileak, aurtengoak barne, 14.110 direla.
Langile mordo honekin, MCC Taldeak 2005ean ia hamabi mila milioi euroko salmentak izan zituen (11.828.022), aurreko urtean baino %13 gehiago. Onurak 250 milioi euro dira gutxi gorabehera, aurreko urtekoak baino %8 gehiago. 2005ean egindako inbertsio garbiak mila milioi euro baino gehiagokoak izan ziren, 1.080.797Ç, 2004an egindakoak baino %48 gehiago, batez ere Brandt enpresa frantsesa erosteagatik.
Etengabeko nazioartekotzea
Nazioartean zabaltzearen helburu nagusiari jarraituz, MCC Taldeak atzerriko merkatuetara joaten jarraitzen du. Honi dagokionez, 2005eko berrikuntza nagusiena Fagor Etxetresna Elektrikoen enpresak Brandt enpresa frantsesa eta Fagor Ederlanek ZNSP Foundry eslovakiarra erosi dituztela da. Zuzeneko ezarpenei dagokienez, esan behar da Shangai (Txina) inguruan 85.000 metro karratuko lurraldea erosi dela, Oiarso, Orbea, Orkli eta Wingroup kooperatiben lantegiak jarriko diren industrialdea egiteko. Beste ezarpen garrantzitsu batzuk Cicautxo Eslovakian, Coinalde eta Eika Polonian, Irizar Hegoafrikan, Tajo Polonian eta Txekiar Errepublikan eta Maier-ek azken herrialde honetan pabilioi bat eraikitzen hasi izana dira. 2006 urte honetan zehar, MCCk Europan, Amerikan, Afrikan eta Asian lantegiak dituela, Europako ekialdean eta Txinan filialak sortzen jarraituko du, eta lehen aldiz, Errusian ezartzea espero du.
Jon Gonzalo
Gure hezkuntza sisteman ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua gero eta handiagoa da. B eta D ereduetako matrikulazioek gora egiten dute urtero, eta ondorioz euskararen ezagutza handitzen ari da. Hori bai, ikasketak amaitzen dituztenean, zer nolako jarrera dute euskararekiko euskaraz ikasten duten ikasleek? Euskara erabiltzen al dute? Transmititzen al diete euskara euren seme-alabei? Galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ikerketa interesgarri bat egina du.
Ikerketa honen bitartez ikastolako ikasle ohien artean euskararen erabilera eta transmisioa zer nolakoa den aztertu nahi izan dute. Horretarako egoera soziolinguistiko ezberdina duten bi adibide aukeratu dituzte: Gasteizko Olabide ikastola eta Donostiako Santo Tomas Lizeoa. Gasteiztarrek euskararen erabilera eta transmisioa bermatzeko baldintza txarrak dituzte -ama hizkuntza gaztelera dute eta euren ingurunea oso erdalduna da-. Donostiarren kasuan, berriz, baldintzak oso onak dira -euren ama hizkuntza euskara da, ingurune euskaldunean bizi dira, eta oro har, beraien bikotekidea euskal hiztuna da-.
Azterlanaren emaitzarik onenak aipatze aldera, Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien euskararen erabilera aipa dezakegu. Gaur egun, ikasle ohien %57k gazteleraz beste edo gehiago hitz egiten du euskaraz. Transmisioari dagokionez, %95ek euskara transmititu diete euren seme-alabei. Olabideren kasuan, transmisioari dagozkio emaitzarik onenak. Gurasoen hiru laurdenek euskara transmititu diete euren seme-alabei. Erabilerari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak. Ikasle ohien %32k gutxi hitz egiten du euskaraz eta %22k ezer ere ez.
Jon Aizpurua Hezkuntza Saileko Plangintza eta Azterlanetarako Zerbitzuko arduradunaren esanetan, «Santo Tomas ikastolako ikasleen artean ez da harritzekoa emaitza onak lortzea, izan ere, euskararen erabilera eta transmisioa bermatzeko oso baldintza onak dituzte. Olabideren kasuan lortu diren datuak, ordea, pozteko modukoak dira. Oro har, Olabideko ikasle ohiek euren seme-alabei euskara transmititzea erabaki dute, eta D eta B ereduetan eskolaratu dituzte euren seme-alabak».
Bestelako datu interesgarriak ere eskaini ditu ikerketa honek. Besteak beste, agerian utzi du gaur egun euskara gehien seme-alabei egiten zaiela. «Olabide ikastolako ikasle ohiek askotan ez dute beste aukerarik. Ingurune erdaldun batean bizi dira, eta euren seme-alabekin baino ezin dute hitz egin euskaraz», azpimarratu digu Jon Aizpuruak. Baina datu kezkagarriak ere ez dira falta. Santo Tomas eta, batez ere, Olabide ikastoletako ikasle ohiek gaztelaniaz hitz egiten dute askotan euskaraz dakien jendearekin: anai-arrebekin, lagunekin, lankideekin... Jon Aizpuruak dioenez, «euskaraz hitz egiteko erraztasunak eta ohiturak baldintzatzen du hizkuntza aukeraketa, eta hori da kasu honetan gertatzen dena».
Mikel Asurmendi
Alkate eta ahaldun izan ostean, Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusia eta alderdi honetako bozeramailea da Eusko Legebiltzarrean: «Karguok ez dute elkarren antzik. Alkate zarenean oso hurbil aritzen zara herritarrengandik. Proposatzen duzun politika, pozak edo disgustuak tarteko, segituan gauzatua ikus dezakezu. Oraingoa bestelakoa da, goi-politika da. Haatik, une politiko oso erakargarria bizi dugu, euskal sozialiston proposamenek Euskal Herriko etorkizunean berebiziko eragina izango dutelakoan nago» diosku solaskideak.
Alderdi Sozialistaren BECeko agerraldiaren biharamunean berba egin dugu Jose Antonio Pastorrekin.
Zapaterok ekainean ETArekin berba egiteko eskaera Kongresuan egingo duela iragarri du Barakaldon. Erreakzio ugari eragin ditu. Guk alabaina, ETAk Garari emandako elkarrizketari buruz galdezka abiatu nahi dugu berbaldia. Zer iruditu zitzaizkizun ETAren adierazpenak?
ETAk Gara egunkarian erabilitako tonua su-etena iragartzeko erabilitakoa baino gogorragoa izan zen. ETAk prozesuaren zaintzaile nahia agertzea beti da kezkagarria, noski. Baina elkarrizketa bereziki bere munduari zuzendutako barne propaganda izan zen. Arnaldo Otegik Anoetako proposamenean bi eszenategi bereizi zituen: ETAri dagokiona batetik eta eragile politikoei dagokiena bestetik. Garakoa ETAk bere jendeari helarazi beharreko diskurtso gradualaren adibide gisa ulertu dut, elkarrizketa hori moldatu ahal izateko era da. ETArenak egin du, ETAk jakin baitaki denontzako marko politikoa gauzatzeko ordua iritsi dela.
Izan ere, Zapaterok, antza, ETAren su-etena aintzat hartu du. Euskal Herriko hainbat eragile politikorentzat iragarritakoa ez da nahikoa izan, ordea.
Zapaterok, logikoki, denok espero genuena iragarri du. Okerrago litzateke su-etena egiaztatzeko oraindik ere bide luzea urratu behar dela esatea. Begi-bistako egoera baten aurrean gaude: su-eten honek ez du deus ikustekorik Lizarra-Garazi akordioaren garaiko su-etenarekin. Orduan bi estrategia zeuden indarrean: ETA gelditu zen, baina kale borroka areagotzea erabaki zuen ETAk berak. Gaur egun, salbuespenak salbuespen, ez gaude egoera berean. Zapaterok ETArekin mintzatzeko pausoa ematea erabaki badu arrazoi eta baldintza sendoak dituelako da.
Eusko Jaurlaritzak ez du aurrerapenik ikusi Zapateroren hitzetan.
Bitxia da gero! EAJk zer esango duen zain nago. IU-EB, EA, BNG, CíU, Kanariar Koalizioak eta ia denek, aldiz, zehazpenak eskatu dituzte, kautelaz jardun dute, baina, funtsean, Zapateroren iragarpena baikortasunez eta satisfazioz hartu dute. Bi salbuespen izan dira: PPk ohiko leloak jaurti ditu, Zapaterok xantaia onartu eta amore eman duela dio. Eta bestetik, Ibarretxeren Gobernuaren agerpena: iragarpena ezerezean geratu dela dio. Itzela da gero! Zapaterok ETArekin armen entregaz eta presoen aferaz mintzatu nahi duela dio, sentsibilitate politiko guztiekin elkarrizketa politikoaren aldeko prozesua iragarri du, terrorismoaren biktimen errekonozimendu sozial eta formala egiteko Konstituzioaren birmoldaketa iragarri du eta hori guztia ez dela ezer? Aitzitik, Jaurlaritzaren jelosia eta amorru politikoa agerian geratu dira.
Agian, oro har, jendeak ez du ongi ulertu nola alda daitekeen egoera politikoa marko politiko-juridikoa aldatu gabe.
Baliteke, ulertzen zaila baita. Kontua besterik da ordea: demokrazian joko arauak errespetatu behar dira, baita berauek aldatzeko joko politikoa ere. Alegia, dagoen markoak balio du eta honen ateak irekitzeko aukerak daude. ETAk zaintzaile izan nahiari behin betiko uko egiten badio, alderdi politikoek euren aldarrikapen politikoak egin ahal izango dituzte. Kasurako, nazionalistek independentzia, guk Konstituzioa eta Estatutuaren defentsa egingo dugun legez. Zentzu honetan, alderdien arteko mahaia hizpide: ez dut zergatik onartu behar nazionalistek erabakitzeko eskubidea ulertzen duten bezala. Nik alderantziz planteatu dezaket «zuek ez baduzue onartzen nik proposatzen dudana ez naiz eseriko».
Zapaterok mahaiaren osatzea atzeratu nahi izatea kritikatu dute batzuek.
Mahaia egoki eta behar den garaian osatuko da, eta mahaia anitza izango da. Urte askotarako elkarbizitza planaz berba egin eta akordioa adostu behar da. Akordio hori lortzeko, nazionalisten identitate abertzalea eta herritarren kontzeptuan oinarritutako identitatea proposatzen ditugunon artean akordioa lortu behar dugu, bestela ez dago zer eginik. Eta kontua ez da inork irabaztea, alderdi nazionalistek edo besteek. Inoren garaipenak ez du balio, eta hori ez da azkar eta ondo egiten ahal.
Madrilgo Gobernuak akordioan erabaki nahi edo ahal izatea kritikatua izan da.
Bai, jakina. Baina, erabakitzeko eskubidea ez dago nazionalistek markatu nahi duten esparruan soilik. Gainera tranpa egiten dute. Euskal Herria erabakitzeko subjektua dela diote eta erabakitzeko eskubide hori EAEko eremura murrizten dute segidan. Izan daitezela koherente! Euskal Herria subjektua bada, zergatik mugatu EAEra? Euskal Herria subjektua da, baina eskubidea erabiltzeko orduan EAEz ari dira. Bestelakoa da, egunen batean aukera hori posible izatea edo berau gauzatu ahal izatea. Ez da nire filosofian sartzen, ez da nire apustu politikoa. Alabaina, hauxe esan nahi dut: nazionalisten logikari eta arrazoiari segituz -EAJz ari naiz bereziki- gaur Iparraldeko eta Nafarroako biztanleak ez dira subjektuak eta bihar bai. Eta zergatik ez Bizkaiko biztanleak soilik? Beraz, mahaiari bai, baina hasteko subjektua nongo eta zein den erabaki dezagun. Izan ere, gainerako espainolek ere hitza eman beharko dute, ezta? Haiekin bizi gara-eta. Gainerakoak amets gauza ezinak dira, errealitatearekin bat ez datozenak.
Bien bitartean, Batasunaren legalizazioa bideratu beharreko auzia da.
Bai. Eta berdin zait Batasuna izenean edo bestelako izenean izan. Ezinbestekoa da ezker abertzale delakoak ordezkaritza politikoa izatea, eta ez boto baliogabea edo galdua izatea, edota EAJren boto bihurtzea.
Halaber, Grande Marlaska epaileak Batasuneko zortzi kide deklaratzera deituta daude, estradizioak bestalde. Hainbat jendek ez du hori ulertzen.
Nik ulertzen dut ETA eta Batasunaren munduko hainbat jendek gertatzen ari dena ez ulertzea. Hau da, prozesua bideratzen ari den bitartean Estatuko hainbat erakunderen neurriak ez gelditzea. Baina, ezker abertzalearen logika politikoak ez du ezer ikustekorik zuzenbidezko estatuaren logikarekin. Eta ez naiz sartuko epaileen lana juzkatzera, denetarik dago-eta. Baina, Estatu honetan botere bereizketak funtzionatzen du, erreala eta eraginkorra da. Fiskaltzak lotura organikoa du Gobernuarekin eta justizia garai honetara egokitzen ari da. Arnaldo Otegiren azken zigorraren suspentsioa adibide bat da, positiboa nire ustez. Auzitegi Nazionalaren presidenteak justizia garai politiko berrira eta gizarteak eskatzen duen moduetara egokitu behar dela esan du. PSOEk ere hori egin behar du, baina ez prezeski Gobernuak. Judikatura gizartea beste eszenategi politiko batera pasatzeko prest dagoela konbentzitu behar dugu, baina denok. Dena aldatzen ari da PP izan ezik, bere lerroko epaile batzuk barne. Hots, egoera berrira egokitu behar dugu eta juezek, gustatu edo ez, legea ondo aplikatu behar dute. Jakina, ongi litzateke, epaileen hainbat erabaki judizialek, printzipioz legezkoak, normalizazio prozesua ez oztopatzea, aurrera egin dezagun.
Horiek horrela, PSOEk irabaziko lituzke hurrengo hauteskunde orokorrak. Alabaina, inkestek diotenez, botoaren joerak bake eta normalizazio prozesuaren arabera aldatzen dira.
Inkestak uneon ez dira adierazgarriak ez erabakigarriak. Hemen funtsezko aldaketa 2004ko martxoaren 11z geroztik eman zen. Madrilgo atentatu lazgarriek kontzientzia soziala astindu eta benetako eskuina agerrarazi zuten. Eskuinak eszenategi ilun eta izugarrian sartu nahi izan gintuen, bere politikak «lurra erretzea» helburu zuen, eta orain ezin dute inorekin ezer adostu, ez nazionalista ez erregionalistekin. Beraz, PPk gehiengo osoz irabazten du -nekez eta ia ezinezkoa gaur egun- edo besteok egiten ari garen ibilbidea egin beharko du, hau da, garai berrietara egokitu. PPk eskuin zibilizatu bihurtu behar du. Guk ez genuen eta ez dugu PPk egin duen «lur errearen» politika egin. Orioko Juan Priede zinegotzi eta kide sozialista hilabete batzuk lehenago espetxetik ateratako ETAko kide batek hil zuen. Epaileak legea aplikatu eta hiltzailea libre utzi zuen, baina guk ez genuen esan Aznarren politikak gure kidearen hilketa eragin zuela. Hori ez da egiten, hori indezentzia politikoa da. PPk, tamalez eta gizartearen zoritxarrerako, diskurtso eta politika horrekin segitzen du.
Botere judizialaren kontrola helburu, Espainiako judikaturan borroka latza gertatzen ari da aste eta egun hauetan. Prentsara ateratzen diren mugimenduen artean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) berritzearen inguruan gertatzen ari direnak daude. Izquierda Unidak Kongresuan aurkeztu berri duen eskaera aurrera aterako balitz, BJKNko lehendakariak kargua utzi beharko luke karrera judizialean jubilatu ondoren (70 urterekin). IUren proposamena onartuko balitz, beraz, egun BJKNko lehendakaria den Francisco Hernandok -PPren garaian hautatua- kargua utzi beharko luke ekainaren 4an 70 urte betetzen dituelako. Edozein eratan, 2001ean hautatu zuten eta BJKN bost urtez hautatzen denez, aurten berritu beharko litzateke Espainiako judikatura bideratzen duen organu gorena. El Mundoren arabera, beste hiru pertsona dira lehian postu honetarako: egungo BJKNko lehendakari orde Fernando Ledesma-ûPSOEren justizia ministro ohia-, Ramón Trillo eta egungo fiskal nagusi Cándido Conde Pumpido. IUk aurkeztutako eskaera onartuko balitz, Ledesmak eta Trillok karguak hurrengo agintaldiaren erdian utzi beharko lituzkete, 2009an eta 2010ean hurrenez hurren, beraz, hautatuak izateko aukera gutxitzen zaie. Hipotesi honen arabera, beraz, Conde Pumpidok aukera handiak izango lituzke; gainera, Espainiako eskuinaren ustez, IUren oraingo proposamen honen atzean PSOEren esku luzea dago. Jakina, kontuan hartu behar da hipotesia eta bere inguruko informazio guztia El Mundorena dela.
Azken asteetan eskubide historikoen gaia ateratzen ari da artikulu eta elkarrizketa desberdinetan, eta Espainiaren egungo marko juridikoan arautua dagoen ate horrek bake prozesurako zirrikiturik ere baduela iradokitzen da. Azken horietakoak dira, adibidez, hilaren 28an Josu Jon Imazek El Diario Vascon eta EAko Javier Cañok Berrian egindako iruzkinak. 1997an gaiak garrantzi berezia hartu zuen Elkarrik eskubide historikoetan oinarritutako Izan proposamena luzatu zuenean. Eta oraingo bake prozesuan PSEtik giltzarri den Jesus Egigurenek ere beti jarri izan du arreta berezia eskubide historikoetan. Bakoitzak, dena den, bere ikuspegitik ulertzen ditu. Alderdi abertzaleen artean, halaber, eta gezurra badirudi ere, ez da samurra asmatzea bakoitzak zer ulertzen duen burujabetza, erabaki eskubidea, autodeterminazioa edota halako kontzeptu klabeei buruz. Bada ordua jadanik alderdi abertzaleek elkarren artean hitz egin eta kontzeptuok nola ulertzen dituzten zehaztu eta ahal bada hauek ulertzeko gutxieneko gakoak adostu ditzaten. Ez da horiek nola indarrean jarri edo ez, hori bake prozesuarekin lotutakoa da, baina bada ordua etorkizuna jantzi horiekin egin nahi dutenek jantzien kolore eta neurriez argi hitz egin dezaten. Nahi izanez gero, bada horretarako nahiko foro edo hausnarketa gune: Unibertsitatea, Nazio Eztabaidagunea, Udalbiltza... Martxoaren 22aren aurretik bazen halakorik ez egiteko arrazoi edo aitzakiarik, gaur egun ez.