Txapelkeriak
Oier Araolaza
Iņigo Manuel aurreskularia da. Iņigo Manuelek zazpi aldiz irabazi du aurresku txapelketa. Bere garaian Mikel Sarriegik, eta oraintsu Jon Mayak Gipuzkoan egin duten balentria bera. Baina gasteiztarra da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, haren lorpenak ez du oihartzunik izan, ez aurreko sei urteetan eta ezta zazpigarren txapela buruan jarri duenean ere. Txapelketa Gipuzkoan irabazi izan balu beste kontu bat litzateke. Han eta hemen izango genuke Iņigo Manuelen garaipenaren berri. Baina Estibalitzen jokatu da, eta Arabako txapelketa da irabazi duena. Beraz, ez dakigu nor den Iņigo Manuel.
Txapelketak dantza sustatzeko eratuko zituzten akaso, baina praktikan, gaur eta hemen jokatzen diren txapelketek gipuzkoarren dantza nagusitasuna behin eta berriz frogatu eta aldarrikatzeko zepo maltzurrak dirudite. "Arabako aurresku txapelketa" Arabako txapelketa da, ez gehiago eta ez gutxiago. Baina hara, Gipuzkoako aurresku txapelketa Euskadiko txapelketa dela sinestarazi nahi digute. Hori bai, Euskadiko txapeldun titulua irabazteko gipuzkoar erara jokatu behar da. Hogeita bost urtetan ez da ezagutu Pasaian Gipuzkoakoa ez den txapeldunik, eta parte hartzaileak ere, Gipuzkoako bospasei herritik haratago inor gutxi.
Txapelketek funtzio bat jokatzen baldin badute hori ereduak sortu eta zabaltzea da. Pasaiako aurresku txapelketaren bidez aurreskua dantzatzeko eredu jakin bat finkatu, hedatu eta sustraitzea lortu da. Orain urte batzuk Tolosako dantzari talde bat saiatu zen beren herriko aurreskua txapelketan sustatzen ari zena bezain baliotsua zela erakusten. Ez zituzten aintzat hartu. Hogeita bost urteren buruan, antolatzaileak ohartu dira eredu bakar horretara horrenbeste makurtzearen ondorioz tokian tokiko hainbat dantzakera baliotsu eta horiei eutsi dieten dantzari apurrak baztertuta geratu direla.
Beste horrenbeste gertatzen da dantza solteko txapelketekin. Seguran jokatzen denari Euskal Herriko Dantza Txapelketa jarri diote izena, baina funtsean, Segurako dantza solte txapelketa baino ez da. Dantza soltean egiteko modu berezi bat garatu da txapelketa horietan. Eredu gimnastiko, tente eta lerdena da, eta abiadura, teknika eta simetriaren bikaintasunean jotzen omen du gailurra. Erromeria eta plazako dantza soltearekin zerikusi gutxi du eredu horrek, baina inork txapelketan aukerarik izan nahi badu, modu horretan aritu beharko du. Bestelako dantza-ereduak oso ongi hartuak izaten dira, bai, aniztasunaren izenean, eta garrantzitsua parte hartzea delako. Baina txapela... hori gipuzkoarren kontua da.
Urtea joan urtea etorri temati jarraitzen dute zenbaitzuk Gipuzkoatik kanpoko bikoteak Segurako segadara eramateko ahaleginetan. Euskal Herriko titulua jarrita, lotsagarri gertatzen da 15 bikotetik 14 gipuzkoarrak izatea, eta beraz, ahaleginaren ahaleginez urtero lortzen dute Araba edo Nafarroako bikoteren bat zepoan erortzea. Saiatu saiatzen dira estiloa imitatzen, eta kontsolazio saria ere jasotzen dute: finalerako pasea bikote exotikoa izateagatik. Noski, irabazi, beti berdinek irabazten dute, txorimaloak bezain tente eta eskuekin ilargia ukitu nahian dabiltzan Gipuzkoako txapelketa espezialistek. Baina besteek bete dute beren funtzioa, txapelketa Euskal Herrikoa dela egiaztatu eta Gipuzkoako bikoteen eta beraien dantza eredu txapelketeroaren nagusitasuna berretsi.
Euskal Telebista da Segurako txapelketa Euskal Herrikoa izan dadin bultzada erabakiorra eskaintzen duena. Telebistan agertzeak bihurtzen ditu irabazleak ezagun eta beraien dantza moldea eredugarri. Eta Gipuzkoako dantza eredu horren alde ETB egiten ari den lana kontuan hartzekoa da. Segurako txapelketa ematen du urtero, Gipuzkoako dantzarien emanaldiak izaten ditugu gabonetan Olentzeroren Begi Gorriaren aitzakian, eta aurten Pasaiako txapelketa ere telebistaz emateko mehatxua egin du. Deskuidoan, Iņigo Manuel ere eramango dute telebistara, gipuzkoarren soroan periferiaren lekukotasun exotikoa utz dezan.
Erantzunak
Kaixo oier! ni dantza txapelketetan ibilitzen naizen dantzari bat naiz. Hau irakurri ondoren harrituta geratu naiz zer nolako erreztasunarekin gutxiezten dituzun dantza txapelketak. Txapelketa hauek urte askotan antolatzen dira...eta noski bizitza aldatzen den einean dantzek ere aldaketak jasan dituzte. Zu dantza talde bateko partaide zarela kontutan izanik, dantza taldeek ere berrikuntzak barneratu dituztela somatuko zenuen (Edu Muruaren koreografiak imitatzearren edo).
Txapelketa hauetan dantzariak ebaluatzeko orduan zenbait puntu hartzen dira kontutan eta puntu hauek dantzari guztiei berdintasunez aplikatzen zaizkie. Argi dago, epaimahaia ahalik eta objektiboena izaten saiatzen den arren ezinbestekoa dela zenbaitetan subjetibo puntu bat izatea. Baina guztiaren gainetik argi utzi nahi dut txapelketak aurrera jarraitzen badute norbaitek gustuko dituelako izango dela, hauek ere gure kulturaren parte dira eta gustoko dutenei errespetatu!
jon
2008-06-18 15:54:56
Kaixo Jon! Eskerrikasko zure erantzunagatik. Argi dago txapelketetan gustura zebiltzala eta ez zaizula nire artikulua gustatu. Baina nik esandakoei ez diezu bateren erantzun. Eta nik ez ditut gutxiesten txapelketak, jarduera horiekin dauden helburuak eta dituzten ondorioak aztertzen saiatu nintzen. Izan ere, artikulu hori orain bi urte argitaratutakoa da.
oier.
Oier Araolaza
2008-06-26 13:05:57
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.