Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-05-28 -- 2042.zenb

artikulu nagusira itzuli
Menditar «basati» horiek...

L'Alguer-etik ekialderantz, errepidea beste Sardinia batean sartzen da. Mendiak nagusitzearekin batera, Historiaurreko harrizko dorre misteriotsuak (nurage) ageri dira paisaian sakabanaturik. Harrizkoak dira ere Barbaggiako herri ttipiak, granitozkoak hain juxtu, irlako erdigune geografikoan. Eskualde honetako populazioa oso urria da, nahiz eta ehun urte paseak dituzten aiton-amona ugari dauden mendiko herri hauetan. Agian Fil´e ferru, bertako pattarrak, edota kutsatu gabeko aireak zerikusia dute honetan. Zalantzarik gabe, industria ezak ekologiari mesede egiten dio; ez ordea, lan bila dabilenari. Sorgono bezalako herrien «hustuketa»ren isla dugu Taviani anaien Padre padrone filma. Gavino Ledda idazlearen istorioa kontatzen da bertan, nola hogei urterekin irla utzi ondoren, idazle eta hizkuntzalari bilakatu zen artzain analfabetoa.



Gavino bezalako artzain bakartiak, edo ezkondu gabeko emakume haurdun eta tormentatuak ohi ziren protagonistak Grazia Deleddaren eleberrietan. Deledda inguru honetakoa zen, Núgoro herrikoa hain zuzen ere. Bere bizitzan egin zuen bidaia luze bakarrean Stockholm-era joan zen, literatura Nobel saria irabazten lehenengo emakumea izan zen.



Salvatore oso gaztetxoa izango zen Nobel sariduna 1936an hil zenean. Sorgonoko herriko plazan topatu dut, eliza pareko banku batean eserita. Basolanetan denbora luzez jardun eta gero, merezitako erretiroa eskuratu zuen duela urte batzuk, baina gaur goizean lanean aritu da berriz. Herriko karretera oztopatzen zuen zuhaitz baten adarrak kimatzeko eskatu diote, eta pozik dago orain, bere eskarmentuak oraindik ere balio duelako.



Salvatorek ez daki irakurtzen, baina kasik latinez mintzo dela esan genezake. Kroniken arabera, erromatarrek erresistentzia handia aurkitu zuten irlako eskualde honetan duela bi mila urte, hortik Barbaggia izena, legioak eraso eta gero, kobazuloetan ezkutatzen ziren «barbaro»en omenez. Historiak aurrera egin ahala, inperioko hizkuntza nagusitu zen, eta paradoxa bada ere, gaur egun «barbaro» haien ondorengoek hitz egiten dute latinarekin antz handiena duen hizkuntza erromanikoa.



Herriko eliza ez, plazatik bost minutura dagoen «bere» iturria erakutsi nahi izan dit Salvatorek. Norbaitek paretan debekua italieraz idatzi badu ere, berak egunero edaten omen du bertatik, ura ona dagoela zin dagit.



Ez dut dudarik egin.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan