Ihesi: Kurtzebarri eta Urkuluren magalean
Ainhoa Lendinez
Gipuzkoan, arabar eta bizkaitarrak ezker-eskuin so dituela, Deba Goieneko bailaran dago Aretxabaleta. Leintz bailarari atxikita egon zen antzina, baina 1331tik bakarrik egin du bidea. Enpresa eta industria munduari begiratu dio sarri. Guk baina, ke artetik ihesi, Aretxabaletaren bihotzari, arteari eta arkitekturari erreparatu diogu. Natura ere indarrez sartu da herrian. Urkuluko urtegiari bira eman edo Kurtzebarri mendira igotzea da gure proposamena.
Aretxabaletara heltzeko hainbat bide dira. Adibidez, N-1 errepidez Beasaineraino joan, Deskarga zeharkatu eta Bergarara iritsita, Gasteizko norabidea hartu (GI-627) eta Arrasate igarotzean helduko gara Aretxabaletara. A-8 autopista hartuta, berriz, Bergararako irteera berria geratzen da herritik hurbilen. Bizkaitik, berriz, zuzenena Elorriotik datorren bidea da, Kanpazar igaro ondoren, Arrasate zeharkatu eta Aretxabaletara helduko gara. Eta Arabatik gatozela, Arlaban mendatetik Leintz Gatzagara iritsiko gara, Aretxabaleta 8 kilometrora izango dugularik.
Deba ibaiaren sakanean, Aretxabaletan aisialdirako makina bat aukera dago. Industrializazio prozesuaren hondarrik ez da ia ageri herriaren inguruan eta Elgea eta Aizkorriko mendietako kaliza besterik ez dira grisak Aretxabaletan. Gainerakoan, berdea da nagusi.
Berdetasun horri darion arnas garbiaren bila joango gara Kurtzebarrira. 1.146 metro ditu eta mendi kuttun dute aretxabaletarrek. Orkatzategi, Hiruatx eta Murugain gainak ere ezagunak dira oso. Haritzak, astigarrak, gaztainondoak, urkiak, pagoak eta bestelako zuhaitzak eta landareak ikusiko ditugu Kurtzebarrira bidean. Hala ere, gaur egun azaleraren zati handi bat zelai eta konifera landaketek betetzen dute. Bertan megalito multzo ikusgarria dago gainera. Hareazko lurrean, Asuntzeta eta Puntiagako tumuluak daude. 1954. urtean deskubritu zuten baina oraindik ez dute industu. Handia da benetan, 12,90 metroko diametroa eta 0,90 metroko garaiera du.
Baina mendira igotzea baino lur lauean pausoak eman nahi dituztenentzat ere, bada aukerarik Aretxabaletan. Urkulu urtegiaren inguruan sei kilometro eta erdiko ibilbide bat dugu. Urtegi hau Deba Goieneko ur hornitzaile da baina horrez gain, aisialdirako gune ere bihurtu da. Jende andana biltzen da bertara Kurtzebarri mendi magalean, Udalaitz eta Anboto mendien babesean, paisaiaren ederraz gozatzera.
Artea, turismogune
Kurtzebarri mendira igo edo Urkulu urtegiari bira eman ondoren herrira joko dugu. Bertan parrokia eta udaletxea ikusiko ditugu lehenengo, eta hiru jauregi gero: Arratabe, Otalora eta Arkarazo.
Antzinako parrokia Bedarretan zegoen, egungo hilerriaren ondoan. Eliza egokitu eta aldaketak egin dituzte aldare nagusian eta alboko kapiletan. Bedarretako Kristoa eta Salluenteko Ama Birjina daude orain aldare nagusian.
Udaletxeari ere harretaz geratu gatzaizkio so. Egungo udaletxea 1986an inauguratu zuten udaletxe gisa. Izan ere Arratabe Jauregia da zeregin horietara bideratutako egoitza. Idatziak sinatu eta oin-etxe modura 1726an eraiki zuten jauregi hau, parrokiaren alboan.
Parrokiaren inguruko beste jauregiak ikusiko ditugu ondoren. Otalora jauregia 1746tik dago bertan zutik. Kultur etxe izan ostean, Ama Agustinen komentuaren parte izatera pasatu zen. Egun, Lankide Aurrezki Kutxaren egoitza da eta goiko solairuan Gizabidea Fundazioa dago.
Dorretxeek ere xarma berezia dute Aretxabaletan, eta hauek ikusteko mendiko auzoetara jo beharko dugu. Otalorako dorretxea Aozaratza auzoan dago. Baserria da egun baina agerian ditu oraindik antzinako botere eta distiraren aztarnak: armarria, errenazentista itxurako begiratokia, sabai apaindura galanta teilatu-hegalean, silleri harrian egindako lana, ate eta leihoetako erremateak, itsu-leihoak. Banketxe batek erosi zuen eta "Ikasbide" izenpean, Kooperatiba Ikasketa Gunea da egun.
Galartzako dorretxea, izen bereko auzoan, XIV. mendean harri gorriz landutako eraikin mardula da. Erdi Aroan Leintz Bailaran izan zen leinu nagusiaren, Galartzatarren, bizitokia. Garai hartan, etxea baino gotorlekua eta babeslekua zen gehiago. Burdin Aroko aztarna esanguratsuak ditu agerian: saiaterak, leiho zorrotzak eta horma sendoak, besteak beste. Aro Modernoa urrezko aroa izan zen Galartzatarrentzat. 1825. urtean, baserri bihurturik, Oñatiko Plaza familiaren eskuetara pasatu zen dorretxea. 1990eko abuztuaren 2an sute batek eraikina suntsitu zuen. Orduan, Aretxabaletako Udalak eraikuntza historikoa berreskuratzeko ardura hartu zuen, eta 1997an berreraiki eta birgaitu zuen.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.