2006-05-28 -- 2042.zenb
Aretxabaletari buruzko idatzizko lehen aipamena X. mendekoa da, Arrasate, Gatzaga eta Eskoriatzarekin, Leintz Bailarako Mankomunitateko kide zenekoa.
1331tik Aretxabaletak eta Eskoriatzak osatu zuten Mankomunitatea baina 1374tik 1556ra Oņatiko Kondearen kontrolpean egon ziren bi udalerriak. Hain zuzen ere 1374an, Gaztelako errege Enrique II.ak harturiko erabakiak Leintz Bailarako historiaren pasarte ilunenetakoa ekarri zuen. Gaztelako erregearen nahiari men eginez, Beltran de Guevara Oņatiko Kondeari eman zitzaion bailara osoa. Herritarrek Jauntxoaren banderapean borrokatu behar izan zuten Urrexolagaray eta beste hainbat gatazkatan. Gainera, elkarren kontra jarri zituen bailarako eta Oņatiko bizilagunak.
Hori guztia gutxi ez eta, hamazazpi herriguneak Arabako Anaiarteetan barneratzeak eta beste hainbat erabakik bailarako biztanleen ondoeza areagotu zuten. Errege Katolikoengana jo zuten azkenean eta Errege Zedula baten bidez, Aretxabeleta Gipuzkoan barneratu zen berriro, 1497an.
Baina Oņatiko Kondeak ez zuen erabakia onartu eta arazo handiak sortu zituen bailaran, 1524ko alardean esaterako. Erregearen kontrako beste protesta batek askatu zuen Leintz Bailara jauntxoaren agintetik eta errege lurraldea izatera pasa zen. 1556an, Leintz Bailaran Erreala izenpean gauzatu zen independentzia.
Eskoriatzaren eta Aretxabaletaren arteko harremanak okerrera egin zuen, biek nahi zutelako nagusi izan eta pribilejioak lortzea. Azkenean, Felipe IV.ak bailara banatu zuen 1630ean. Alde batean Eskoriatza gelditu zen, eta bestean Aretxabaleta eta bere elizateak: Aozaratza, Arkarazo, Areantza, Bedoņa, Galartza, Izurieta eta Larriņo. Hala ere, bi udalen arteko arazoek ez zuten etenik izan XIX. mendera arte.
Aretxabaleta erabat biziberritu zen XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran, Madrildik Frantziarako Posten Errege Bidea eraikitzean. Madrilgo sozietate diruduna erakartzeko bainu-etxeak eraiki ziren eta turismoari harrera egiteko zerbitzu eskaintza areagotu zuen.
Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea izan zen Aretxabaletako ekonomiaren ardatza XX. mendearen lehen zatian. Baina jarduera hori industriak ordezkatu du eta 50eko eta 60ko hamarkadetatik, sarrailagintza eta metal lantzea dira nagusi.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa