Jakoba Errekondo
Hariztiak (Quercus robur) itzali du zerua. Hostoz bete du burua eta azpian dituen txilar, gorosti, gisats eta abarrek haritzetik haritzerako zirrikitutik jasotzen duten errainu bakanekin etsi behar.
Artea (Quercus ilex), urte guztian beltza dena zuritu da. Lur lehorretan ur gutxirekin bizitzera ohitzeko hostoak gorostiarenak bezain gogorrak ditu eta ilunak, beltzak. Hosto hauen gainean aurtengo kimu berriak hazten ari dira, guri-guri zuri. Ondo berea duen aurtengo beroari harrera egiteko soineko zuria...
Ametza (Quercus pyrenaica) gorri da. Artea eta erkametzaren (Quercus faginea) lurralde lehor hotz beroak eta haritzaren lur epel mardulen tartekoa da ametza. Neguan hostaia galtzen du eta arteak bezala, beranduko izotzen beldur, bero handiak etorri arte ez du puja berririk emango. Puntta berri hauetako hostotxoak mutturrean gorri bizia eta gainontzean zuria den bilo trinko batek estaliak azaltzen dira. Inguruko zuhaitzak eta zuhaixkak erabat berdetuak diren sasoi honetan ametza nabarmen.
300 eta 1.000 metro arteko garaierako sailetan bizi da gustuen ametza. Amezti politak ditugu Imotz eta Atetz bailaretan, Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan, Urkilla-Elgean, Gorbean... denetan ederrena, inongo ederrenetakoa, Izki Parkeko mendietakoa da. Ikazkintzan, su-egurretarako, burdinbideko trabiesetarako, ontzigintzan eta bazkatzeko ezkurretarako erabili izan da ametza.
Piriniotar izena jarria du ametzak baina mendiotan Luzaidetik ekialdera ez omen da... Auņamendiak Kantauri itsasoan murgiltzen diren txokoa berezia da, ordea, ametzarentzat. Piriniar kultura zaharraren bereizgarri dira mairu-baratzak edo cromlechak eta mendebalderagokoenak diren Aitzazate eta Mendizorrotz baratzak zaintzen ditu ametzak, itsasoari begira ametsetan.
Osasuna
Jabier Agirre
Azken aldi honetan asko entzuten dira komunikabideetan omega 3 izenekoak, eta gure sail honetan ere aipatu izan ditugu behin baino gehiagotan. Horregatik, eta jendearen artean gauzak argi uzteko, zer diren eta zertarako balio duten argitzen saiatuko naiz oraingoan.
Omega 3 gantz-azidoak koipe batzuk dira, koipe poli-intsaturatuak zehazkiago esateko, eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzen dute. Horregatik, osasunarentzat dakarten mesedearengatik, gero eta produktu gehiago aurkitzen dira merkatuan, beren etiketan eta propagandan omega 3 gantz-azidoak dituztela diotenak: esne aberastuak, gailetak, zukuak eta era askotako esnekiak. Hala ere, elikadura orekatua eginez gero, ez da ezinbestekoa geure erosketa-saskian produktu horiek sartzea, janari askotan berez baitaude gantz-azido horiek. Bestetik, ez da ahaztu behar produktu horiek naturalak baino zertxobait garestiagoak direla, eta beraz, hobe genetikoki kolesterol-maila altuak dituzten pertsonen elikadurarako uztea.
Elikaduran garrantzia duten omega 3 gantz-azidoak EPA (edo azido eikosapentanoikoa) eta DHA (edo azido dekosahexanoikoa) dira nagusiki, eta arrain urdinetan (atuna, izokina edo sardinak), itsaskietan eta algetan aurkitzen dira, modu naturalean. Bada familia bereko beste gantz-azido bat, alfa-linolenikoa deitua, gorputzak berez sintetizatzen ez duenez ezinbestean jan-neurriaren bidez gorputzera sartu beharrekoa. Koipe hau hazien olioetan aurkitzen da (soja, arto edo ekilore-olioan), fruitu lehorretan, zerealen germenetan, eta neurri txikiagoan berdura berdeetan.
Jan-neurri orekatu baten barruan, omega 3 gantz-azidoek gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen laguntzen dute -odoleko kolesterol eta triglizeridoen mailak hobetuz, eta tentsio arterialaren zifrak kontrolatuz-, eta baita minbizi-mota batzuk ere, esaterako bularrekoa, prostatakoa eta kolonekoa. Nola lortu jan-neurri orekatu hori? Astean 2-3 aldiz arrain urdina kontsumituz, 150 gramoko arrazioa pertsonako. Horrekin betetzen dira gomendatutako EPA eta DHA gantz-azidoen premiak.
Joxerra Aizpurua
Itsasgarri natural indartsuena
Ikerketa baten arabera ibai, erreka edota akueduktuetako tutuerietan bizi den bakterio batek naturan dagoen itsasgarririk indartsuena ekoiztu eta erabiltzen du bere lekuan mantendu ahal izateko.
AEBetako Indianako eta Brown-eko unibertsitateko ikerlariak izan dira azterketa aurrera eraman dutenak eta bertan Caulobacter crescentus bakterioa beira-pipeta batetik askatzeko mikronewton bateko indarra egin behar zela ikusi zuten. Datu hau extrapolatuz esan daiteke euro bateko txanpon baten gainean 4 tonako zerbait jartzearen antzekoa dela; hau gutxi gorabehera milimetro karratuko 70 newtoneko indarra da. Egungo gizartean erabiltzen ditugun itsasgarri indartsuenek milimetro karratuko 30 newton inguruko indarrez itsasten dute, beraz, topatutako itsasgarri naturalaren indarraren erdia baino txikiagoa dute.
Bakterioak ekoiztutako itsasgarria kantitate handitan ekoiztea da erronketako bat eta ondoren medikuntzako eta ingenieritzako azalerak estaltzeko erabiltzerik izango da.
Ikerketa honetan parte hartu duen Yves Brun bakteriologoak dioenez, "Itsasgarri hau gainazal hezeetan erabil daitekeenez, aplikazio desberdinak izan ditzake, hala nola, itsasgarri kirurgiko biodegradagarri gisa".
Caulobacter crescentus bakterioa hanka luze eta mehe baten bidez harrietan eta hodien barnealdean itsasten da. Hanka honen azpian azukre-molekula batzuk sortzen dira itsasgarri gisa, beraz azukre-mota hori kantitate handitan ekoiztea izango da ikerlariek izango duten hurrengo erronka, baina ezaugarri batekin: itsasgarria maneiatzeko tresnetan ez dadila itsatsi, bestela ezingo bailitzateke erabili.
Glaziar afrikarrak desagertzear
Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren artean dauden Rwenzoriko mendigain elurtuak elurrik gabe geratuko dira hogei urte barru Richard Taylor eta Andrew Muwanga ikerlariek egindako azterketa baten arabera. Une honetan kilometro koadro bat baino gutxiagoko glaziarra geratzen da aipatu mendietan.
Orain mende bat 6,5 kilometro koadroko glaziarra zegoen, baina 1990. urtean erdira txikitu zen. Orduz geroztik gaurdaino glaziarren urtze abiadura handitu egin da eta horregatik uste da 2025. urtearen inguruan ez dela elurrik geratuko. Horren ondorioetako bat paludismoa zabaltzea izango da, eltxoek orain hotzegiak diren lekuetara hedatzerik izango baitute.